Reala 0-0 Salzburgo

Dena Milanen erabakiko da

Realak 0-0 berdindu du Salzburgoren kontra Anoetan, eta nahikoa izango du berdinketa bat golekin Interren zelaian, lehen postuan amaitzeko Txapeldunen Ligako bere multzoan.

Reala-Salzburgo
Andreas Ulmer eta Take Kubo lehian. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
ainara arratibel gascon
2023ko azaroaren 29a
23:05
Entzun

Realak nahikoa izango du berdinketa bat golekin Inter Milanen zelaian, Txapeldunen Ligako bere multzoko lider amaitzeko. Txuri-urdinek 0-0 berdindu dute Salzburgoren kontra Anoetan. Baina Inter Milanek ere puntu bat baino ez du urratu Benficaren zelaian (3-3). Hala, dena azken jardunaldian erabakiko da, Giuseppe Meazzan, bi aste barru. Txuri-urdinek kontrolpean izan dute neurketa. Baina erasoan ez dute bizitasunik izan azken txanparaino, eta izan dituzten gol aukera gehienetan Salzburgoren atezainarekin egin dute topo: Schlagerrekin. 

Urte bukaera bitarte txuri-urdinek izango duten egutegi betea kontuan hartuta, eta multzoa lehen postuan amaitzeko partida erabakigarria hemendik bi astera Milanen izango dela kontutan hartuta, Imanol Alguacilek hainbat aldaketa egin ditu hamaikakoan. Hasieratik aritu dira Odriozola, Elustondo, Turrientes, Cho eta Zakharian. Realak izan du baloi jabetza eta jokoaren ekimena, baina partidaren lehen aukera garbia bisitarientzat izan da, Salzburgorentzat, 12. minutuan.Txuri-urdinek ez dute presioa ondo egin baloi irteeran, eta hori baliatu dute Nenek eta Raktovek jokaldi bat lotzeko. Nene Remiroren aurrean geratu da bakarrik, baloia loratu dio, baina zutoinera joan da.

Realak kontrolpean izan du partida, baina ez du Txapeldunen Ligan Anoetan jokatu dituen aurreko bi partidetako distira eta abiadura izan. Ia ez du aukerarik sortu. Baloia izan bai, baina zelai erditik aurrera argitasuna falta izan zaio. Aukera argienak lehen zati horretan Turrientesek izan ditu. 34. minutuan izan da lehena. Chok buruz buruko jokaldi ona egin du, pasea atzera eman, eta Beasaingoak, zuzenean errematatu beharrean, baloia ondo jartzen saiatu da. Hala, jaurti duenerako Salzburgoko atzelari batek oina sartu du, eta baloia kanpora joan da. Are argiagoa izan da 43. minutuan izan duena, urrutitik egindako jaurtiketa batekin. Gutxigatik joan zaio kanpora baloia. 

Bigarren zatia bide berdinetik

Lehen zatian txartel horia atera diotela kontuan hartuta, Imanolek nahiago izan du ez arriskatu, eta Elustondo kendu du atsedenaldian. Pachecok hartu du haren tokia. Bigarren zatiak bide beretik jarraitu du. Errtimoa falta izan zaio. Realak txinpartaren bat behar zuen partidaren norabidea aldatzeko, 61. minutuan iritsi da. Artean jokoan apenas sartu den Brais Mendezek erremate ona egin du area ertzetik, eta Salzburgoko atezainak, Schlagerrek, gelditu bikaina egin du. Handik hiru mintura Zakhariaren erremate bat atera du oinarekin. Zaleak suspertu egin dira bi jokaldi horiekin.

Hegaletatik beste sakontasun bat lortu, eta buruz buruko jokaldien bidez min gehiago egiteko, Barrenetxea atera du aurrena Imanolek, eta gero Kubo eta Traore. Realak estutu egin du azken minutuetan, biziago jokatu du. Horri esker, bai Zubimendik bitan, baita Sadiqek ere abagune onak izan dituzte gola egiteko. Baina haiek ere atezainarekin egin dute topo. Dena den, zalantzarik gabe, luzapenean Kubok izan du gertuen gola. Falta jaurtiketa oso ona egin du japoniarrak, baina Schlagerrek gelditu ikusgarria egin du. Hura izan da partidako onena, eta partida amaitzean taldekide guztiak hura besarkatzera joan dira. Hari esker amaitu da neurri handi batean 0-0 partida. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.