Oihana Azkorbebeitia

«Dena kontrolpean izan beharra ez dut gustuko; mendiak askatasuna du»

Oihana Azkorbebeitiak ez du nahi mendi lasterkari profesionala izan, eta esan du ez dakiela diziplina hori profesionaltzeak onurarik ekarriko ote dion mendizaletasunari

Natalia Salazar Orbe.
2022ko uztailaren 22a
13:03
Entzun

Albaitaria, Anboto aldizkariko kolaboratzailea, Gerediaga eta Euskal Artzain Txakurren elkarteetako kidea eta mendi korrikalaria. Hori da, besteak beste, Oihana Azkorbebeitia Urizar (Abadiño, 1981). Ez da geldi egoteko emakumea. Bizkaiko Hitza-ri goizean goiz eman dio elkarrizketa; ordurako txakur bat artatua zuen. Semeetako bat ondoan duela erantzun ditu galderak, eta, egun horretan ohi bezala entrenatzeko asmoa bazuen ere, ez zekien tarteren bat ateratzerik izango zuen. Zurrunbilo horretan murgilduta irabazi du uztail hasieran Munduko Kopako Garmin Epic Trail, Vall de Boin (Herrialde Katalanak). Munduko sailkapenerako puntuagarriak diren hainbat proba egingo ditu datozen asteetan Azkorbebeitiak.

Espero al zenuen Vall de Boiko emaitza?

Ez nekien nor zen joatekoa. Banekien Merrell nire taldeko Georgia Tindley egongo zela, eta oso ona da hura. Beste hiruzpalau joango zirela ere banekien. Ez nuen espero irabaztea. Hasieratik jarri nintzen aurrean. Maila handiagoa espero nuen.

Lasterketan beroarekin gaizki moldatu zinela esan zenuen.

Oso gaizki moldatzen naiz beroarekin: ez naiz batere berozalea. Goian haizearekin ondo ibili ginen, baina jaisten hasi ginenean bero handia zegoen, eta azken kilometroak agonikoak izan ziren.

Beroa al da zure etsai nagusia mendian?

Bai. 25 gradutik gora gaizki ibiltzen naiz. Beroa da nire kriptonita. Ito egiten naiz, eta errendimendua asko apaltzen zait. Nabaritzen dut gorputza ez dabilela. 20 gradurekin fenomeno funtzionatzen dut. Hortik gora, eskas.

Garaipen horri esker, zuzenean sartu zara urriaren 8ko Gorbeia Suzien probarako finalean. Bertan izango zara?

Espero dut baietz! Bai, nire helburua da final hori ondo egitea. Beste lasterketa batzuekin batera, finala puntuagarria da Munduko Koparako sailkapen orokorrerako. Horra iristeko zenbat eta puntuazio hobea izan, hobe. Gutxienez, lau lasterketa egin behar dira, eta komeni da lau lasterketotan puntuazio ona lortzea.

Gorbeia Suzien lasterketa laugarrena izango duzu?

Ez, bosgarrena. Egin dut bat jada; uztailaren 31n Comapedrosakoa [Andorra] egingo dut; handik astebetera Norvegiara joango naiz, Tomsora. Eta laugarrena Bulgarian egingo dut, irailean. Guztira dozena bat inguru egin ditzaket. Baina nik, nire lanarekin, nire bizimoduarekin eta nire eginbeharrekin, lau horiek egiteko aukera dut. Ez daukat gogorik aurten bidaia asko egiteko. Lau egitea erabaki dut, eta azkena, Gorbeia Suzien, berton denez, fenomeno.

Sasoi onean ikusten duzu zeure burua?

Ondo ikusten dut neure burua. Pozik eta ondo ibiltzeko itxaropenez nago.

2007az geroztik hainbat proba irabazi dituzu. Horrek presioa sortu dizu? Maila bati eutsi beharra sentiarazi al dizu?

Ez, presio hori ez. 2007an edo 2008an Espainiako Kopan lider nengoen. Presioa sortzen zidan jendea deika aritzen zelako, prentsatik, irratitik…; horrek bai. “Irabazteko aukera daukazu” eta antzekoak esaten zizkidaten. Komunikabideetatik jendea niri begira zegoen presioa neukan. Neure buruarekin ez. Gerora ez dut igarri. Ahalegindu naiz beti pentsatzen ondo irteten bada ondo, eta, bestela, hurrengo egunean lanera joan beharko dudala berdin-berdin. Ez naiz bizi honetatik: ez daukat ezer jokoan.

Atletismoan egin zenituen hastapenak. Noiz hasi zitzaizun mendizaletasuna?

Zaragozara [Espainia] joan nintzen ikastera, 18 urterekin. Ordura arte atletismoan aritua nintzen. Bi urtez ez nuen egin ezer. Ikasketak bukatu nituenean eta 2006 aldera Euskal Herrira itzuli nintzenean, hasi berriak ziren mendiko lasterketak. Nire koinatua bazebilen lasterketetan. Izarraizko [Azpeitia, Gipuzkoa] lasterketara joateko esan zidan, biok egingo genuela eta. Harekin hasi nintzen. Lasterketa hura gustatu zitzaidan. Ordurako sortuta zegoen Mendiko Euskal Selekzioa. Lagun bat zebilen bertan, Arkaitz Zamakona, eta hark esan zidan ez zegoela neskarik eta ea animatuko nintzen. Hala hasi nintzen. Gero gustatu, eta orain arte.

Hasiera hartan apenas zebilen emakumerik. Giro hartan zer-nola moldatu zinen?

Ondo. Azpeitiko lehen lasterketa hartan, lau neskak parte hartu genuen. Bat Nerea Amilibia zen, nola ez. Guztira ehun lehiakide inguru izango ginen, eta haietatik neskak, lau. Ni pozik. Berdin zitzaidan. Mutil artean ere pozik ibiltzen naiz; ez daukat arazorik. Gerora sartu zen jende gehiago. Gaur egun jada pila bat daude.

Erreferenteren baten falta ez duzu sumatu?

Guk ez geneukan erreferenterik. Hasi ginenean, gu geu ginen. Orain, mendiko lasterketak ezagunak dira; modan ipini da diziplina hori. Telebistan ere ikusten dira. Orain hasten den 20 urteko batek badauzka erreferenteak. Gu hasi ginenean, hasi berriak ziren mendi lasterketak. Nerea Amilibia orduan ezagutu nuen.

Zer-nola aldatu dira mendi probak azken urteetan? Zer-nola bizi izan duzu bilakaera hori?

2006 aldera hasi nintzen; 2013an jaio zen seme nagusia. Gero hasi nintzen korrika apur bat egiten, baina jarraian etorri zen bigarren semea. 2013tik 2016ra arteko etenaren ostean bueltatu nintzenean, aldaketa handia igarri nuen zapatiletatik hasita. Marka pila bat sartuta zeuden, denetariko zolekin… Hidratazio motxilak ere erabiltzen ziren. Lehenago, gerriko poltsa batean eramaten genuen botilatxoa. Eboluzio handia egon zen hiru urtean. Gerora, profesional izate horretan sartu gara, eta entrenamenduak, jateko gauzak… Profesionala ez izan arren, jendea profesionala balitz legez dabil honetan: entrenamenduak, dena oso neurtuta, erlojua, pultsometroa… Lehen ez geneukan halakorik. Nik ez daukat. Casio bat daukat. Badut pasadizo bat. Garmin Epic Trail irabazi dugun mutilari eta neskari Garmin markako erloju bat eman digute. Begiratu nuen, eta 800 eurotik gora balio ditu. Ez dut erabili behar, eta, beraz, saldu egin dut. Ez dut hasi nahi halakoekin. Dena kontrolpean izan behar hori ez dut gustuko. Niretzat, mendiak askatasuna du. Txakurrak hartu, joan, eta ateratzen dena egin; ez zait ardura zer denboratan noan, zer altueratan nagoen, ezer ez. Eta gutxiago lasterketa batean. Jendea erlojuari begira joaten da lasterketetan, dena neurtuta, pauso bakoitza… Nik inprobisazioa behar dut, eta trankil ibiltzea.

Kirolean profesionaltasuna sartzen denean, aldatu egiten al dira praktikatzeko modua eta kirolariaren jarrera?

Ni ez naiz profesionala, eta ez naiz izango ez dudalako gura. Askatasuna galtzen badut, nire lana bihurtuko balitz, esango balidate nire lana entrenatzea dela eta egunero zer egin behar dudan, niretzat dena galduko luke. Hau egiten dut errealitatetik irteteko, eta sentitzeko bizirik nagoela. Nik neuk ez dut nahi niretzat, eta ez dakit onura handirik ekarriko dion mendiari eta mendizaletasunari, esentziari, orokorrean. Mendian ikusten duzu jendea korrika, eta entrenatzen ari direla nabaritzen zaie; ez dakitela non dauden ere. Ez dute baloratzen mendia; asfaltoan bezala ari dira. Nik ez dut horrela bizi nahi. Ez naiz bide horren aldekoa.

Babesleak badituzu, ordea.

Merrell taldeak deitu zidan 2019an. Babesle horrek ez dit eskatzen inongo emaitzarik, ez ezer. Haren arropak jantzi eta erakutsi besterik ez dut egin behar. Zapatilak behar ditudanean, eta ematen dizkidaten bitartean, ni pozik. Eta lasterketaren baterako bidaia ordaintzen digutenean ere, oso ondo.

Helmugara sartzean sarri agertu zara aldarrikapen mezuekin. Arazorik sortu al dizu horrek?

Ez. Merrellek deitu zidanean, lehenengo esan niona hori izan zen: nik askatasuna nahi dut hala nahi badut aldarrikapen bat duen kamisetarekin podiumera igotzeko edo helmugan sartzeko. Esan zidaten ez zegoela arazorik. Gaur egun ere nahi dudana egiten dut. Ez da nire ogibidea. Merrellek ez banau jantzi nahi, ez nazala jantzi.

Entrenamendua, elikadura eta atsedena ondo zaindu beharreko hiru aldagai izango dira zure egunerokoan. Zer-nola zaintzen dituzu?

Ahal den moduan. Ondo zaintzekoak dira, baina nire lanaz gain, ume bi ditut, hiru txakur… Sara Alonso bezalako gazteak ikusten ditudanean, pentsatzen dut zoragarria dela: 23 urterekin 24 orduak dituzu zuretzat, entrenamenduak antolatzeko, siesta egiteko… Ni tetris bat egiten aritzen naiz egunero. Gaur 07:15ean jaiki naiz; 08:00etan joan behar izan dut txakur bat artatzera; gero, zurekin elkarrizketa; 11:00etan berriz ere atera behar dut… Ahalegintzen gara jatekoa zaintzen. Ahalik eta otordu osasuntsuenak egiten ditugu. Saiatzen naiz lo ondo egiten, baina gaur ere ez dut askorik egin. Eta entrenamendurik ez daukat finkatuta. Kepa Larrea laguna dut; entrenamenduak antolatzen ditu. Azpeitiko Domusa Teknik egin behar nuen maiatzean, eta, lasterketa luzea aspaldi egin gabe nengoela-eta, plan bat egin zidan. Hala ere, hala moduz jarraitu nuen. Gutxieneko pauta batzuk eman zizkidan. Ahalegintzen naiz gauzak egiten, baina ahal den moduan.

Bi seme dituzu. Uste duzu ama izan beharrean aita izango bazina eragina beste era batekoa izango litzatekeela?

Bai. Senarrak ere korrika egiten du, eta txandaka antolatzen gara. Hala ere, umeek amarekin duten lotura sekula ez da izango aitarekin dutena. Batez ere, txikitan. Aitak lasaiago utziko du umea etxean amak baino. Gogoan dut umea izan eta gero kosta egiten zitzaidala entrenamenduetarako etxetik ateratzea. Sentitzen duzu abandonatu egiten dituzula. Hori aita batek seguru ez daukala. Dena den, etxean ondo antolatuta gaude; ezin naiteke kexatu.

Etorkizunera begira zer erronka duzu?

Aurten Munduko Kopa ahalik eta hoberen egitea da asmoa; Gorbeia Suzien ondo amaitu. Adin bat badaukadanez eta txisparik ez dudanez jada, datorren urtean denboraz luzeagoak diren lasterketak egiteko gogoa daukat. Izan daitezke 50-60 kilometroko lasterketak, baina teknikoak: arineketa gutxi egitekoak, bederatzi orduko lasterketak, lasaiago hartzekoak. Ez 20 kilometro ingurukoak, ordu bitan egitekoak eta gantxoarekin egin behar dituzunak. Horietarako ez daukat txisparik. Hiru Handien proba badago, egingo nuke, eta aurten lehenengoz egin den 65 kilometroko Domusa Teknik ere egin nahi dut. Nire adinarekin bat datozen lasterketak egin nahi ditut.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.