Mendi magikoa. 1.110 metroko desnibela, %7'9ko penditza, 14 kilometro, 21 bihurgune. L'Alpe d'Huez da, Tourrean maiz dena eman edo dena kendu duen epailea. Erlojupekoa irabazi, eta hemendik horiz ateratzen denak Pariserainoko bidea hala egiten omen du. Gaurkoarekin 23. aldiz igoko du Tourrak Mendi magikoa, Herbeheretarren mendia, baina oraingo honetan mendiarekiko auzia bestelakoa izango da. Aurretik banakako beste erlojupeko baten faltan, irabazle baten eske ari da; 19. bihurgunean, Hennie Kuiperrenaren ondoan, izen bat behar du mendiak. Baina ez hori bakarrik, banan bana ikusiko ditu denak igotzen, eta bat aukeratuko du. Bat eta bakarra.
Alpeak igarotzeko beste bi egun beharko dituzte txirrindulariek, eta tartean Madeleine, Glandon edo Croix Fry igo beharko dituzte. Baina mendiak gaur erabakiko du nor izango den. Aurretik kilometro luzeak egin gabe, talde lanik gabe, beste mendien galbahea pasatu gabe. Txirrindularia eta Alpe d'Huez aurrez aurre, bere gordintasunean.Izen gutxi dago aukeratzeko, eta batek beste guztiek baino indar handiagoa du. Okerrik ez bada, Lance Armstrongek gaur behin betiko irabazi beharko luke seigarren Tour preziatu hori. Historia menderatuko luke, eta ez Eliseoen etorbidekoa bakarrik, baita Mendi Magikoarena ere. 1952an lehen aldiz igo zenetik, Fausto Coppik eta Armstrongek berak baino ez dute lortu Alpe d'Huezen irabazi ondoren Tourra urte berean irabaztea. Eta bost lagunek baino ez dute lortu bi aldiz irabaztea; Joop Zoetemelk, Hennie Kuiper, Peter Winnen, Gianni Bugno eta Marco Pantani dira hauen izenak, eta Texaskoak hauekin bat egin dezake gaur irabazten badu. Izan ere, duela hiru urte bera nagusitu zen, Ullrichi jukutria ederra eginda.Ordutik hona, beste behin igo da Alpe d'Huez, iaz, eta Iban Mayo izan zen irabazlea. Historiari begiratuta Armstrongek baino aukera gehiago izango lituzke, Zoetemelk eta Winnen kenduta, beste guztiek jarraian irabazi baitituzte bi etapak. Aurten historiarik ez da izango.
Izen bakarrarentzat lekua
Errepideak gora egin duenetan, Ivan Bassok bakarrik eutsi ahal izan dio amerikarraren pedal kolpe arinari. Gaur amerikarrarengandik gertuen izateko aukera handienak berak ditu. Ullrichentzat mendi egokia izan daiteke, erregularra, eta bero egiten badu ondo moldatuko da. Kloden taldekidea bera baino indartsuago dago, eta Mancebok ereerakustaldiak egin ditu, baina irregularra da igoeretan. Simonik ez du, bada, esku hutsik joan nahiko Tourretik, Azevedok hainbeste lanen ordaina merezi du, Totschingek hainbeste urterena. Gainerakoan, Heras, Sevilla, LeipheimerÉ izen gehiegi gauza onerako, 19. bihurgunean bakarrarentzat baino ez dago tokia.
1952an Fausto Coppi handia izan zen Huezen irabazten lehena. Urte hartan, gainera, bestebi mendate mitiko ere igo ziren lehen aldiz, Puy de Dome eta Sestrieres. Sestrieresen ere Coppi nagusitu zen, eta Jean Robic atzean utzi zuen.1976ra arte ez zuten berriro igo, eta orduan Joop Zoetemelk nagusitu zen. Haren ondoren Hennie Kuiper, Peter Winnen, Steven Rooks eta Gert-Jan Theunisse erkideak etorri ziren; hamalau igoeratan zortzi aldiz irabazi zuten herbeheretarrek, hamairu urteren bueltan. Hortik Herbeheretarren mendia goitizena.Baina tartean izan zen beste txirrindularirik L'Alpe d'Huezen irabaztea lortu zuenik, tartean Fede Etxabek 1987an. Mendiaren oinetan jo zuen erasoa, Bourg d'Oisanera iristeko gutxi falta zela, eta bakarrik iritsi zen helmugara. Iaz Mayok irabazi zuen arte, Bugnok bi alditan irabazi zuen, 1990ean eta hurrengo urtean. 1990ean, hain zuzen, gerora Tourra irabaziko zuen Greg Lemondekin iritsi zen, eta Mendiak inoiz ezagutu duen esprint estuena jokatu zuten.Marco Pantani zenak ere beste bitan irabazi du, Indurainen azken Tourrean eta bi urte beranduago, berea irabazi aurretik. Lehenengoz irabazi zuenean Claudio Chiapucciren babesean ontzen ari zen txirrindularia zen, bigarrengoan Giroa eta Tourra urte berean irabazteko atarian zegoen.Mendia han dago, zain, beste bihurgune bat beste izen batentzat, beste orri bat historiarako.
TXIRRINDULARITZA. FRANTZIAKO TOURRA
Dena kendu edo dena ematen duen epailea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu