Udaberri giroa da nagusi. Eguraldi onak lagunduta, askok oporrak dituzte jada buruan, edo aukera dutenean epeletik berora egiten ari den eguzki atseginaz gozatzen hasi dira. Realak ere bazuen aukera denboraldi bukaera lasai eta erosoa edukitzeko. Emaitza onei eutsi izan balie, helburua beteta edukiko zukeen, eta kluba datorren denboraldia patxadaz prestatzen ariko zen une honetan. Baina bide egokitik aldendu zen taldea, eta, horren ondorioz, duela hiru hilabete pentsaezina zen norgehiagoka jokatuko du gaur. Pentsaezina, irabazi ezean zeharo zitaldu daitekeelako etorkizuna, eta parez pare izango duelako ikusi nahi ez zuen mamua.
Jaitsiera bi puntura, aurkari zuzena, beste taldeen emaitzak… Kompromiso handiko partida da gaurkoa. Baikor begiratuta, Realak bere esku du mailari eustea, eta zaleen aurrean izango du helburua ziurtatzeko aukera. Hamar norgehiagoka irabazi ditu bertan; Ligako bost taldek baino ez dute kopuru hobea. Gainera, gaur egun duen puntu kopurua ez da txarra. Denboraldi askotan nahikoa izango zen salbazioa lortzeko. Gelditzen zaizkion hiru partidak irabaziko balitu, lehen itzulian pilatutako puntuak berdinduko lituzke. Are gehiago, denboraldi hasieran jarraitzaile guztiek onartuta zeukaten sufritzeko sasoia izango zela, eta ontzat emango zuten hiru jardunaldiren faltan jaitsiera postuetatik kanpo egotea.
Ezkorrenek, ordea, taldearen bilakaerari heltzen diote. Izan ere, bigarren itzulian txarrenen artean egon da Reala, defentsan erakutsitako ahultasunagatik batik bat. Etxetik kanpo jokatutako azken bi partidak dira horren adibide. Erraz egiten diote min, eta erasoan ere ez dabil unerik onenetan bezain fin, ez errematatzerakoan, ez jokoa lantzerakoan. Dinamismoan eta erritmoan behera egin du nabarmen. Hori gutxi balitz, aurkari zuzenek ez dute amore eman, eta inoiz baino puntu gehiago pilatzen ari dira. Bartzelonaren aurka galdu izan balute, une honetan jaitsiera postuetan egongo zen taldea.
44 punturekin, ia-ia salbu
Aurreko guztiak ez du balio, ordea. Dena emateko eguna da gaurkoa. Irabazten badu, pauso erabakigarria emango du Realak, nahiz eta, sailkapena nola dagoen ikusita, ezin den ziurtatu 44 puntu nahikoa direnik. Zaragoza bost puntura urrunduko luke, seiren faltan. Arazoa da, egutegiari erreparatuta, tentsio handirik gabe ariko diren taldeen aurka jokatuko dutela Realaren aurkariek azken jardunaldietan. Baina hori ez dago bere esku. Ezin da ahaztu gol aldea bereganatzeko aukera ere baduela gaurkoan, 2-1 galdu baitzuen joanekoan.
Taldea lasai ikusten duela adierazi zuen atzo Martin Lasartek, ohituta dagoelako horrelako partidak jokatzera: «Sasoi honetan bertan, edo aurrekoan, izan genituen halakoak. Zaragoza talde ona da, baina etxean jokatzen dugula aprobetxatu behar dugu puntuak lortzeko. Salbuespenak salbuespen, bertan ondo atera zaizkigu gauzak. Antzeko aurkari asko hartu ditugu mendean bigarren itzulian: Almeria, Osasuna, Mallorca, Sporting...». Buruz jokatzeko partida dela azpimarratu zuen: «Ausarta izatea ez da norbere buruaz beste egitea. Seguruak izan behar dugu, eta behar den tokietan gehiegi ez arriskatu, hasieran batez ere». Partidari indartsu ekiteari ere garrantzia eman zion, «zaleak bereganatzeko».
Hemeretzi jokalari sartu ditu deialdian uruguaitarrak: Valentziara joan zirenak, eta Mikel Labaka. Litekeena da De la Bella hasieratik aritzea, eta Rivas eta Aranburu izatea euskarriak. Aurrealdean, Tamudo eta Ifranen artean aukeratu beharko du. Kataluniarrak hamaika jardunaldi daramatza golik sartu gabe. Agirretxe, berriz, kanpoan utzi du beste behin. Zaragozari buruz hauxe esan zuen: «Orden handiko taldea da, oso entrenatzaile ona duena. Ez dakit nola dauden Osasunaren aurka galdu ondoren, baina errebeldia erakutsi dute. Egoera zailean zeuden, eta gaur bizirik daude eta borrokan dihardute. Behetik gora egin dute». Lehia estua iragarri zuen: «Ez dut uste Zaragozari espekulatzeak balio dionik. Gauzak ez dizkigu batere erraz jarriko».
Kazetariek galderak bukatzerakoan, entrenatzaileak hitza hartu zuen bere kabuz Liga bukaeran gerta daitekeenaz hausnarketa egiteko: «Zeresan handia eman ohi dute azken jardunaldiok. Errespetua galdu gabe, baina zuhurrak izan behar dugu. Pena litzateke norbaitek sailkapenean ondorioak edukitzea kirol arloarekin zerikusirik ez duten gertaerengatik». Gauza asko entzun eta irakurri omen du. «Eta badut kezka. Ezin dugu ezer egin, baina espero dut halako gauzarik ez suertatzea, Realak badaki-eta zer den kaltetua izatea. Izan gaitezen denok epaile eta zaindu dezagun beste zelaietan zer gertatzen den».
Dena eman behar du
Gaur Anoetan Zaragozari irabazi beharrean da Reala, mailari eusteko erabakigarria izan daitekeen azken pausoa ematekoIrabazita, bost puntura utziko du Zaragoza, artean sei puntu jokoan egongo direla
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu