Zulai Agirre. Itxakoko jokalaria

«Dena da berria, eta ilusio horrekin egingo diot aurre Txapeldunen Ligari»

edurne elizondo
Iruñea
2011ko urriaren 1a
00:00
Entzun
Hasi berri den sasoiak ekarri du Zulai Agirre (Bermeo, Bizkaia, 1981) Itxakora. Hamabi denboraldiz aritu da pibota Bera Berarekin. Aldaketa nahi zuen, ikasten jarraitzeko. Txapeldunen Ligan debuta egiteko irrikan da.

Zer moduz Lizarran?

Oso gustura nago, oso pozik. Uste dut denbora gutxi behar izan dudala talde berrira egokitzeko. Momentu onean nago.

Kosta egin zitzaizun Itxakora etortzeko erabakia hartzea?

Bai. Aldaketa handia izan zen niretzat aurreko denboraldiaren amaieran pentsatzea ez nuela Bera Beran jarraituko. Haiek bi urterako kontratua egin nahi zidaten, eta nik bakarrerako eskatu nuen. Azkenean, mahai gainean nituen beste aukerak aztertzea erabaki nuen. Lizarrara etortzea erabaki nuen, eta kontuan hartuta taldeak zein bide egin duen, argi nuen kirol esparruan aukera polita izango zela Itxakorekin aritzea.

Anitz pentsatu behar izan zenuen baiezkoa eman aurretik?

Hainbat eskaintza nuen; atzerritik ere jaso nuen baten bat. Aukera onak ziren haiek ere. Poztu ninduen eskaintza horiek jaso izanak, baina aukerarik onenaItxakora etortzea zela uste nuen.

Taldeak dena irabazteko aukera du. Eta lehen txapela etxean da jada. Nola bizi duzu egoera hori?

Ezberdina da. Ohituta nago lan handia egitera gauzak irabazteko. Hemen lana ezberdina da, eta taldea koska bat gorago dago. Entrenamendu saio asko egiten da, lan handia egiten da saio horietan. Maila gorenera iristeko, hain zuzen, lan handiagoa eta, aldi berean, hobea egin behar da. Konturatu naiz taldeak erabat kontzentratuta egon behar duela lan horretan. Entrenamenduetan eta partidetan. Inork ez du deus oparitzen. Nire ezaugarrietako bat, hain zuzen, horixe da, oso langilea naizela. Lanerako prest nago.

Sumatzen da taldean txapelak irabazteko presioa?

Nik uste dut presio hori kontrolatzen saiatu behar dugula presiorik badago. Modu positiboan kudeatzen ahalegindu behar dugula. Argi izan behar dugu taldeak aurreko sasoian lortu zuena berriz lortzea oso zaila izango dela, baina argi izan behar dugu, aldi berean, aukerak hor daudela. Goian egoteko aukera dugu. Taldeak badaki hor egotea zer den, eta nik ere jakin nahi dut. Baina, hori lortzeko, urratsez urrats egin behar dugu aurrera.

Txapeldunen Liga da erronka nagusietako bat zuretzat?

Bai. Lehen aldia da Txapeldunen Ligan aritzeko aukera dudana. Dena da berria niretzat une honetan. Freskura eta ilusio horrekin egingo diot aurre erronkari.

Europa izan da Itxakora etortzeko arrazoi nagusietako bat ere?

Izan du pisua, bai. Akaso momentuan ez nintzen horretaz hainbeste jabetzen, baina bai. Aldaketak onak dira. Ikasteko aukera ematen dizute, eta hori bilatzen nuen.

Volgograd da lehen aurkaria.

Nerea Pena eta Begoña Fernandezen hutsa sumatuko dugula uste dut. Zaila izango da haiek gabe jokatzea. Baina ahalegina egin behar dugu, argi dago. Partida ona jokatzen saiatu behar dugu, ondo aritu defentsan, erasoan gauzak ondo ateratzeko.

Hasteko gogoz?

Bai, gogoz eta ilusioz. Ahalik eta lanik onena egiteko irrikan naiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.