Dena batetik, gutxi bestetik

Datorren urtean San Miguel ligan aritzeko kanporaketako lehen estropada jokatuko dute gaur sei traineruk BermeonLigarako puntuagarria ere izango da, eta okerrik ezean, Kaikuren alde erabakita dago

Orioko arraunlariak, etxeko estropadan, abuztuaren 27an; erronka handia daukate gaur gipuzkoarrek, mailari eusteko aukera txiki bat badaukatelako. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Aitor Manterola Garate.
Donostia
2011ko irailaren 17a
00:00
Entzun
Arraunlari gehienak opor usainean daude, eta batzuk oporretan ere bai. Gutxi batzuei geratzen zaie lehia oraindik, eta horiek Bermeon elkartuko dira gaur. Baina multzo horretan, lehiarako neurriak zeharo ezberdinak izango dira: batzuek dena daukate jokoan; besteek, ezer gutxi.

Aurrenekoen artean daude datorren urtean San Miguel ligan aritzeko arraunean egin beharko duten arraunlariak. Sei trainerutan banatuko dira, eta gaur eta bihar erabakiko da zein bi ontzi ariko diren elitean. Hautagaiak sei dira: Cabo da Cruz eta Chapela Galiziakoak, Camargo Espainiakoa, eta Orio, Portugalete eta Zierbena Euskal Herrikoak. Erlojuaren aurka egingo dute arraunean, banaka, eta bi egunetan puntu gehien batzen duten bi taldeentzat dago sari potoloa.

Baina aurten bada nobedaderik. Izan ere, Urdaibai auzia tarteko, San Miguel ligako azkenak (Oriok) kanporaketa jokatuko du. Emaitza edozein dela ere, balekoa izango da Urdaibai ligatik kanporatzen badute. Bestela, Orio behera joango da. Camargori ere eragiten dio auziak, Bermeoko kluba botatzen badute, ez baita jaitsiko, kanporaketan behera jaisteko postuetan geratuta ere.

Saltsa handi horrek baldintzatu egingo ditu bi estropadak, baina saria nahi duenak badaki zer egin behar duen: lehen bi postuetan sartu. Gero, bulegoetan erabaki dezatela erabaki beharrekoa. Eta uretako lehian, estua aurreikusten da borroka. Itxuraz, seitik lau dira bi sariak lortzeko hautagaiak: Camargo, Orio, Portugalete eta Zierbena. Galiziako biak koska bat beherago daude. Hala erakutsi zuten, behintzat, Kontxara sailkatzeko estropadan eta handik bi egunera Lekeition izan zen estropadan.

Beste lauren artean ez da erraza asmatzea zer gerta daitekeen. Laurak talde indartsuak direlako. Camargok ligako azken estropadetan erakutsi zuen asko egin duela gora. Oriok ere lan ona egin zuen ligako azken estropadan eta Kontxarako sailkatzekoan. Portugalete da KAE 1 ligako garailea, eta aise menderatu ditu aurkariak. Ezustetzat hartuko litzateke bi aurrenen artean ez sailkatzea. Zierbenak, berriz, oso lan txukuna egin du, eta estropada biribilak osatu ere bai.

Gaurko lehiari begira, itsasoaren egoerak zeresana izango du. Txarra dago emanda, eta haizea ere azaltzekoa da. Gutxi gorabehera, Kontxako estropadetako lehen igandekoaren antza izan dezake itsasoak, lehen txandako egoeraren parekoa, hain zuzen. Bermeoko eremua bera ere berezia da, olatuek albotik jotzen dutelako trainerua neurri handi batean. Lan ona egin beharko dute sekulako kolpea ez hartzeko. Izan ere, aldeak handiak izan daitezke, eta gaur atzean geratzen denak, bihar, errekan, nekez egingo du aurrera. 18:00etatik aurrera argituko da misterioa.

Entrenatzaile aldaketak

Gero jokatuko dute San Miguel ligako azken-aurreko estropada, 18:30 aldera. Jokoan bandera baino ez da egongo, ligako garailea zein izango den erabakita dagoelako. Okerrik ezean, Kaiku izango da nagusi, hemezortzi puntu ateratzen dizkiolako bigarren sailkatuari, Urdaibairi. Hark gertu dauka Hondarribia, bi puntura. Pedreña bosgarren sailkatua eta Astillero zazpigarrena, berriz, bost puntuan daude. Postu horiek finkatzeko ere lehia izango da.

Klubak hasi dira datorren denboraldiko kontuak egiten, eta badira berriak bi klubetan. San Juanen, Igor Makazagak arrauna uztea erabaki du, eta klubak beste entrenatzaile bat bilatu beharko du. Zumaian ere antzekoa gertatu da, Xanti Zabaletak ez jarraitzea erabaki duelako. Nekatuta dagoela esan dio klubari, eta datorren urtean jai hartuko du. Zumaiarrek ere beste entrenatzaile bat aurkitu beharko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.