Eskiatzailea

Adur Etxezarreta: «Dena amaituko zela barneratzen hasita nengoen»

Azken bi urteetako amesgaiztotik ateratzeko bidean da Adur Etxezarreta. Pekingo Olinpiar Jokoak jokatu zituen urte berean, belauneko lesio batek albo batera utzi zizkion etorkizun hurbileko ametsak. Baina berriro onenekin lehiatzeko prestatzen ari da.

Adur Etxezarreta. BERRIA
Adur Etxezarreta. BERRIA
Unai Ugartemendia.
Olaberria
2025eko urtarrilaren 8a
05:10
Entzun

Gabonetan opor gutxi izan du Adur Etxezarretak (Areso, Nafarroa, 1996). Olaberrian (Gipuzkoa) prestatzen ari den gimnasioan ibili da buru-belarri lanean. Egun gutxi barru irekiko ditu ateak. Ilusio handia du.

Ia bi urteko geldialdia izan duzu. Prozesu luzea izan da errekuperazioa?

Bai, oso luzea. 2022ko abenduan lesionatu nintzen, Val Gardenan [Italia], Munduko Kopako bigarren proban: berna hezurra apurtu nuen azken jaitsieran. Hasieran, lau hilabeteko lesioa izan behar zuen, baina ia bi urte luzatu zen gero. Tartean, hezurreko edema bat ere banuela esan zidaten. 2022-2023 denboraldi osoa galdu nuen, eta 2023ko ekainean berriro ere hasi nintzen entrenatzen. Bi egonaldi ere egin nituen, baina minak bere horretan jarraitzen zuen, eta ez nion bueltarik ematen.

Bizimodu arrunta egiteko ere arazoak zenituen?

Oinez ibiltzeko ere arazoak izaten nituen azkenean: belauna trabatuta gelditzen zitzaidan. Medikuarengana joan, eta hezurreko edemaz gain beste zerbait banuela esaten nion aldiro. Espainiako Eski Federazioko medikuak artroskopia bat egiteko aipatu zidan; bertan ikusiko genuen zer zegoen. Meniskoa lotzen duten bi erroetako bat urratuta neukala ikusi genuen. Erresonantzian meniskoa ondo ikusten bazen ere, alde batetik solte neukan. Ekainean ebakuntza egin zidaten berriro, eta abuztuaren 15era arte ezin izan nuen berriro oina lurrean jarri.

Errehabilitazioa luze joan zen?

Orioko [Gipuzkoa] Zuhegan zentrora joaten hasi nintzen egunero, eta neguan berriro eskiak jartzeko aukera izan nuen. Halere, ez nintzen gai pistarik errazenean fundamentuzko bi bira ezberdin egiteko. Min handia sentitzen nuen une oro. Hiru aldiz joan nintzen infiltratu ondoren, denetik probatu genuen, baina medikuari behin eta berriro esaten nion zerbait ez zegoela ondo.

Azkenean, ebakuntza egin behar izan zizuten.

2024ko urtarrilean berriro ebakuntza egitea erabaki zuten. Errazagoa izan zen, eta meniskoa berriro egonkortzeko probestu zuten. Berriro ia zazpi hilabeteko errehabilitazioa egin behar izan nuen, uztailera arte. Eskiak abuztuaren amaieran ipini nituen berriro, Madrilgo Xanadu zentroan. Baina berriro gaizki eta minez. Udan ikusi nuenean agian ez nintzela errekuperatuko, etorkizunerako nituen asmoak martxan jartzen hasi nintzen.

Dena amaituko zela pentsatu zenuen?

Bai, agian dena amaituko zela barneratzen hasi nintzen. Irailaren amaieran, halere, berriro Suitzara joatea erabaki genuen entrenatzaileak eta biok. Gutxinaka izan bazen ere, zerbait egiten hasi nintzen. Egonaldi motzak izan ziren, eta bi astez behin etxera etortzen nintzen. Azaro hasieran, serioago entrenatzen hasi nintzen, eta abenduan lehen lasterketak egitea erabaki genuen. Europako Kopako probetan nola nenbilen ikusi nahi nuen. Lesioagatik, sailkapeneko 50. postutik ia 80.era pasatu naiz. Oraindik ez nabil bete-betean, eta min dut oraindik ere, baina, inork espero ez zuenean, argi izpi txiki batzuk ikusten hasi naiz.

«Oraindik ez nabil bete-betean, eta min dut oraindik ere, baina inork espero ez zuenean argi izpi txiki batzuk ikusten hasi naiz»

Ondo sentitzen hasi zara?

Ondo nago bizimodu arrunta egiteko, baina mina areagotu egiten dira gorputza estutzen hasten naizenean. Gutxinaka badirudi hobera doala, eta, nahiz eta oraindik ere edemaren bat badudan eta arazoak emango dizkidan, aurrera noala ikusten dut. Lehen, errehabilitazioa bakarrik egiten nuen, eta, orain, berriz, entrenatzen ere hasita nago. Baina fisikoki oraindik asko falta zait.

Kanpoko laguntzarik behar izan duzu suspertze prozesu luze horretan?

Bai, baina 2020rako hasita nengoen psikologo batekin lanean. Olinpiar Jokoetan ere jarraitu nuen, eta, orain, lesioa izan eta gero ere, ondoan izan dut. Oso garrantzitsua da haien laguntza. Goi mailako kirolariok kirola bakarrik dugu buruan, eta gure kasuan, gainera, emaitzek izugarrizko garrantzia dute hurrengo urterako. Hau ez da futbola. Ez dugu bospasei urterako kontraturik; hemen urtero borrokatu behar izaten dugu emaitza onak izan eta babesleak ondoan izaten jarraitzeko. Lesio batek kinka larrian jar diezazuke etorkizuna, eta hori kudeatzea ez da erraza. Familiakoak eta lagunak beti ondoan izan ditut, eta horrelakoetan asko eskertzen da edozein babes.

Zer sentitu zenuen berriro lehiatzen hasi zinenean?

Hainbeste denbora geldirik eman eta gero, lehen lasterketara joan eta inork espero ez genuela hamalaugarren izan, eta horrenbeste ere ez dudala galdu ikusteak ilusio berezi bat piztu dit etorkizun laburrera begira.

Geldialdi luze hau izan eta gero, berriro beldurra kudeatzea tokatu zaizu?

Beldurra beti izaten dugu, baina orain handiagoa daukat. Berriro urduritasuna, estresa eta antsietatea itzuli zaizkit, eta orain areagotu egin dira. Konfiantza berreskuratu behar dut berriro, eta badakit berreskuratuko dudala, gutxinaka bada ere. Lehen bi lasterketetan, kosta egin zitzaidan pixka bat, baina denborarekin hobetuz joan naiz. Orain, gustura nabil.

Espainiako selekzioko hautatzaileen babesa duzu orain ere?

Nik aipatu nien belaunak uzten bazidan berriro saiatu nahi nuela lehiakor izaten. Oraindik ere zertarako gai nintzen ikusi nahi nuen, eta haiek ere konfiantza eman didate. Taldean jarraitzeko aukera eman didate, irizpide teknikoengatik. Selekzioan jarraitzeko irizpide batzuk bete behar dira, eta, horretarako, kontuan hartzen dituzte, esaterako, lortutako emaitzak, bakoitzaren sailkapena… Bi urte hauetan lehiaz kanpo egon naizen arren, nigan sinisten dutela adierazi didate.

«Orain dela bi hilabete galdetu izan bazenit, esango nizun ez nintzela ezertarako gai. Saiatu izanaren saria jasotzen ari gara orain»

2022ko Olinpiar Jokoetan ere aritu zinen estreinakoz lesioa izan aurretik. Zer oroitzapen duzu?

Oso denboraldi ona egiten ari nintzen, eta oso ondo ari nintzen lehiatzen. Hasierako lasterketetan kosta egin zitzaidan, baina, konfiantza hartu nuenean, oso emaitza onak biltzen hasi nintzen. Europako Kopan bigarren postu bat lortu nuen. Munduko Kopan, aldiz, ez nuen emaitza aipagarririk izan, baina emaitza onak izan nituen sektore batean eta bestean. Espainiako selekzioak bi plaza zituen Olinpiar Jokoetarako, eta Quim Salarich katalana eta biok eramatea erabaki zuten. Kirolari baten betiko ametsa da Olinpiar Jokoetan egotea, eta hara joan eta ondo aritzea izugarria izan zen. Lehen egunetik ondo sentitu nintzen, lehiakor, eta onenengandik gertu ibili nintzen. Handik itzultzean, lasterketa onak egiten jarraitu nuen, nahiz eta zorterik onena ez nuen izan. Kitzbuehelgo [Austria] Munduko Kopako probaren aurretik COVIDa pasatu nuen, eta hotelean egon nintzen aste osoan; Europako Kopan, berriz, zazpigarren nindoan, eta Andorrako proba bertan behera utzi zuten… Halere, oso urte ona izan zen. 2022-2023 denboraldi hasieran inoiz baino hobeto nengoen, baina erori eta dena pikutara joan zen.

Zer helbururekin joan zinen Pekinera?

Borrokatzeko asmoarekin joan nintzen hara. Lehiakor izan nahi nuen. Ez nintzen ezer egin ez banu bezala igaro handik. Halere, egia da gero txapelketa beste kontu bat dela. Munduko Kopako zirkuitu guztiak berdinak izaten dira urtero, eta, nahiz eta elurra asko aldatu daitekeen urte batetik bestera, denak ondo ezagutzen ditugu, eta eskarmentua izatea ezinbestekoa da. Pekingoa, ordea, pista berria zen denontzat, eta ni oso ondo moldatu nintzen. Lehen entrenamenduan, esaterako, irabazi egin nuen, eta bigarrengoan zazpigarren izan nintzen. Lasterketa egunean solteago eskiatzea falta izan zitzaidan. Azkenean, hamazazpigarren amaitu nuen, baina irabazlearengandik segundo eta 40 ehunenera. Segundo erdira izan nuen diploma olinpikoa.

Bi urte ia geldirik eman eta gero, zer-nolako maila dago zirkuituan?

Maila izugarria dago. Europako Kopan, esaterako, konturatu naiz gazteek jauzi handia egin dutela bi urte hauetan. Oso indartsu eta azkar ari dira. Suitzarrek eta austriarrek oso talde indartsuak dituzte, eta oso gaztetatik goi-goian lehiatzen dira. Helduagoak garenok berdintsu jarraitzen dugu, baina gazteak oso indartsu datoz.

Zein dira denboraldi honetarako helburuak?

Lasterketaz lasterketa joan nahi dut. Orain dela bi hilabete galdetu izan bazenidan, esango nizun ez nintzela ezertarako gai. Saiatu izanaren saria jasotzen ari gara orain. Utzi behar izan banu ere, saiatu izanaren lasaitasuna eraman nahi nuen. Badakit zenbat kosta zaidan berriro eskien gainean jartzea, eta, orain, pausoz pauso joan nahi dut. Ez dut ezertarako presarik. Europako Kopako proba batzuk jokatzea da asmoa, eta, dena ondo joanez gero, urtarril amaieran Munduko Kopako probaren batean parte hartu nahiko nuke. Otsailean Munduko Txapelketak izango dira, baina urruti ikusten ditut orain. Zaila izango da sasoi betean egotea, baina, dena ondo joanez gero, ez dut baztertzen han egotea.

Lehen esan duzu etorkizunera begira jarrita zeundela azken hilabeteetan. Zertan datza proiektu berria?

Orain dela urtebete, eskiatzeko aukerak gutxitzen ari zirela ikusten hasi nintzen, eta etorkizunera begira zerk motibatuko ninduen begira hasi nintzen. Beti izan dut buruan gimnasio bat edo kirol zentro bat sortzea. Errekuperazioan nenbilela, momentu ona iruditu zitzaidan proiektua martxan jartzeko. Olaberriko merkataritza gunean egongo da, eta A27 izena izango du. Goizeko seietatik gaueko hamabiak bitarte egongo da irekita, eta, gimasioaz gain, entrenamendu funtzioanalak egiteko aukera izango da, talde txikitan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.