Demidov, joateko bidean

Atzelariak utzi egin ditu entrenamendu saioak, Realaren baimenarekin, beste talde batzuekin negoziatzera joateko

Donostia
2012ko uztailaren 17a
00:00
Entzun
Ez dirudi hurrengo sasoian Vadim Demidovek Realean jokatuko duenik. Atzelariak taldea uzteko asmoa erakutsi zuen denboraldi-aurrea hasi zuenean, eta bere nahia betetzeko bidean da. Izan ere, taldearekin entrenatzeari utzi dio, Realak baimenduta, beste klub batzuekin negoziatzera joateko. Hortaz, badirudi txuri-urdinek ez diotela oztoporik jarriko norvegiarrak alde egiteari.

Realak jakinarazi duenez, Europako talde batekin negoziatzen ari da Demidov. Ez dute zehaztu zein den talde hori, baina Ingalaterrako Wolverhampton Wanderers eta Alemaniako Eintracht Frankfurt izan daitezke, besteak beste, prentsako zurrumurruen arabera. Jokalaria urtarrilean iritsi zen Realera, dohainik. Horregatik, txuri-urdinek begi onez ikusiko lukete Demidoven truke dirua lortzea. Ez du askorik jokatu taldean, eta, denboraldi-aurrea hasi zuenean onartu zuenez, bere familia faltan sumatzen du.

Taldearen lan saioei dagokienez, min hartuta dabil Claudio Bravo. Atezainak zuntz haustura du ezker hankako soleo giharrean, eta bere kasa ari da entrenatzen. Gonzalo Castro Chory-k, bestalde, azaldu zuen gustura dagoela taldearen jokoarekin: «Realaren jokatzeko estiloa ondo datorkit». Izan ere, taldeak «baloiaren kontrola» izan nahi du, eta hori «beti da ona» aurrelari batentzat. Gainera, gehitu zuen «ondo» egokitu dela hirira eta klubera.

Osasuna, Nekunamen zain

Osasuna uzteko bidean da Javad Nekunam, eta zain daude gorritxoak, ordezkoa fitxatzeko. Irandarrak Iruñeko taldea utzi eta Teherango Esteghlal taldearekin sinatuko du kontratua. Haren lekua betetzeko, Javi Fuego fitxatu nahi du Osasunak. Erdilaria da, eta Rayo Vallecanon jokatzen du. Madrilgo taldeak, baina, milioi erdi euroko ordaina nahi omen du, kontratua eteteko. Negoziatzen hasi aurretik, Nekunam badoalabaieztatu nahi dute gorritxoek.

Bestalde, Athleticek gaur jokatuko du denboraldi-aurreko bigarren lagunartekoa, Raja Casablancaren aurka. Casablancan (Maroko)izango da partida, 20:45ean. Olympique Lyonen aurkakoa irabazi ondoren, prestaketa fintzen jarraituko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.