Esprinta espero zen hamargarren etapan, ibilbidea laua eta gorabeherarik gabekoa baitzen. Eta hala izan da azkenean. Azken zuzengunean erabaki da garaipena, eta lehia horretan Arnaud Demare (Groupama) izan da azkarrena. Elia Viviani (Deceuninck-Quick Step) eta Ruediger Selig (Bora) sailkatu dira haren atzetik. Esprinta, ordea, eroriko batek baldintzatu du. Izan ere, helmugarako kilometro eskas falta zela, erori egin dira tropelaren buruan zeuden hainbat txirrindulari. Tartean zen Pascal Ackemann (Bora), aurtengo ekitaldian bi garaipen lortu dituen esprinterra. Helmugara iritsi da Ackermann, kolpez josia. Ikusteko dago bihar aterako den. Aterako balitz, aukera izango luke pilatutako amorrua kitatzeko. Izan ere, 11. etapa ere aproposa baita esprinterrentzat.
Sailkapen nagusian, ez da aldaketarik lehen postuetan. Valerio Contik (UAE) jarraitzen du lider. Primoz Roglic (Jumbo) da bigarren, 1.50era, eta Nans Peters (Ag2r), 2.21era. Pello Bilbao (Astana) da lehen euskal herritarra. Hamargarren postuan dago txirrindulari gernikarra, Contirengandik 3.32ra.