Deitura ponpoxotik praktikara

Emakumezkoen futbol liga nagusia profesionalizatzeko erabakia hartu du Espainiako Kirol Kontseilu Gorenak. Dena den, asko dira oraindik airean dauden gaiak. Sheila Elorzaren eta Ane Etxezarretaren ustez, «aurrerapausoa» da, baina «abiapuntua» baino ez: «Idatziz ikusi arte, adi egon behar dugu».

Jone Ibañez, baloiarekin, Nerea Eizagirre eta Gemma Giliren artean, Realak eta Athleticek denboraldi honetan Zubietan jokatutako derbian. JON URBE / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
2021eko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Lerroburu dotorea eskaini zuen Espainiako Kirol Kontseilu Gorenak (CSD) joan zen ekainaren 15ean argitaratu zuen prentsa oharrean: «CSDk emakumezkoen futbola profesionalizatzea onartu du».Espainiako Gobernuaren mendeko erakunde horrek bere batzarrean aho batez onetsitako erabakia izan zen. Iragan urteko abenduan abiatutako proiektuari onespena eman zitzaion hala.

Gisa horretara, txapelketa gutxik duten maila hartu du emakumezkoen liga nagusiak. Aurrerantzean, lau izango dira Espainian profesionalizatutako lehiaketak: futbolean, emakumeenari gehitu behar zaizkio gizonezkoen lehen eta bigarren mailak. Saskibaloian, berriz, ACB ligak ere badu kategoria hori. CSDren aburuz, erabakiak «zor historiko» bat kitatu du.

Bestelako iritzia dute protagonistek. Athleticek, esaterako, uko egin dio BERRIAren erreportajean parte hartzeari: «Momentuz ez dugu askorik esateko. Oraindik pauso asko daude emateke». Ligako beste bi euskal taldeetako ordezkariek «balorazio positiboa» egin dute, baina haiek ere ohartarazi dute «helmuga baino gehiago abiapuntua» delaCSDren erabakia. Hala esan dute Realeko Ane Etxezarretak (Beasain, Gipuzkoa, 1995) eta Eibarreko Sheila Elorzak (Arrigorriaga, Bizkaia, 1996).

Etxezarretaren esanetan, eskatzen ari ziren gauza bat da «profesionalizaziorako urratsa egitea». Halere, futbolari txuri-urdinak zehaztu du ikusteke dagoela zer baldintza berri izango dituen beren jardunak: «Hobetu egin beharko lirateke, baina, idatzita ikusi arte, adi egon beharko dugu pixka batean». Antzeko iritzia du Elorzak ere. Haren esanetan, «aurrerapauso» bat da profesionalizazioa, eta beste kirolei bidea ireki diezaiokeela uste du: «Ez dakit zer aldaketa egongo diren, baina garrantzi handiagoa emango dio emakumezkoen futbolari». Elorzak adibide bat jarri du: koronabirusaren krisiak eragindako etenaren ondotik, emakumezkoen maila nagusia gizonezkoena baino geroago hasi zen berriz ere lehiatzen: «Profesionalak bagina, gauzak ezberdinak lirateke».

Alde horretatik, bide onean egindako jauzia da CSDk onartutakoa. Hori bai, futbolariek ez dute bertan goxo egiteko asmorik. Etxezarretak azaldu duenez, «bidegurutze» bat da: «Oraintxe ez dakigu zer baldintzatan ariko garen. Abiapuntu bat da, eta datozen hilabeteei edo urteei erreparatu beharko zaie». Alde horretatik, beasaindarrak uste du «gauza asko» hobetu behar direla etorkizunean. Bata bestearen atzetik zerrendatu ditu, eta arlo ekonomikoa eta bidaietako baldintzak azpimarratu ditu.

Mailaren deituratik harago, klubetan ere «pausoak» eman behar direla zehaztu du Elorzak.Armaginen jokalariak dio profesional hitzetik haragoko arrakalan sakondu behar dela: «Zaindu egin behar da, lana egin. Kluben barruan, adibidez, mutilei ematen zaien garrantzia neskei ere ematea, eta arlo horietan aldaketak egitea».

Telebistaren auzia

Emakumezkoen futbolaren profesionalizaziorako bidean, telebistaren auzia izan da katramilatuenetako bat. Egun, Mediapro ekoiztetxearen eta Espainiako Federazioaren Elite programaren artean banatuta daude, klub bakoitzak dituen hitzarmenen arabera. Oraindik orain, lotura horiek indarrean segituko dute 2021-2022ko sasoian ere, baina CSDk urratsak egin nahi ditu egoera konpontzeko bidean. Akordio bat lortzea du xede, telebista eskubideen esplotazioa bideratu eta etorkizunean eskubideen salmenta bateratua egiteko. Telebistaren endredoa askatu nahi du gobernuaren mendeko erakundeak.

Elorzak ere telebistaren auzia ahalik eta lasterren konpontzea nahi du: «Gure partidak eman egin behar dira; bestela ezin da jakin nolako futbola den. Gainera, haurrek ere ikusteko modua badute, erreferente izango gara». Etxezarreta ere antzera mintzatu da. Realeko jokalariak dio ikusgaitasuna «asko hobetu» beharko litzatekeela, eta telebista eskubideei egin die erreferentzia: «Gatazka horiek hobetu egin behar dira. Guri egiten digute kalte: publikoari erakutsi nahi diogun futbol horri. Oso garrantzitsua da gatazka horiek albora uztea, eta benetako apustua egitea. Gu ez bagaituzte ikusten, existituko ez bagina bezala da». Horri dagokionez, norbere onurak utzi eta «onura kolektiboak» xerkatzeko galdegin du Etxezarretak.

Profesionalizazioaren onarpena Espainiako Gobernuaren lokarri den CSDtik etorri izanak duen berme mailaz galdetuta, Etxezarretak onean pentsatu nahi du: «Orain arte eman gabeko pausoa ematea ahalbidetu du. Alde horretatik, esperantzak baditugu. Halere, sarri ikusi dugu hitzak asko izan direla, eta gero ez direla bete. Printzipioz, CSD sartzea baliagarria da; adibidez, sortzen diren gatazkak bideratzeko».

Hain justu, erakunde hori izango da Ellas liga berriko estatutuen zaindari. Klubek adostuko dituzte, baina CSDk berrikusi, aztertu eta onetsi beharko ditu. Halaber, erakunde horrek erabakiak hartzeko eta negoziazioak desblokeatzeko gaitasuna izango du zenbait arlotan: egutegia, igoerak eta jaitsierak, atzerriko jokalarien kopurua, epaileak eta diziplina batzordea dira haietako batzuk.

Alde horretatik, Sheila Elorzak begi onez jo du gobernu erakundearen parte hartzea, «segurtasuna» ematen dielako, baina jokalarien ahotsaren garrantzia ere azpimarratu du. Elorzak argi du; estatutuak egiteko garaian, klubek ezagutza handiagoa dute jokalariek baino: «Antolaketa gaietan-eta gure iritzia jakin behar dute, ordea, protagonistak gu garelako. Uste dut gizonezkoen liga hartuko dutela eredutzat, baina gure iritzia ere kontuan hartu behar da».

Federazioen mailan gertatuko da beste aldaketa nagusia. Orain artean, RFEF Espainiako Futbol Federazioak antolatzen zuen txapelketa —estatu mailako gainerako futbol liga ez-profesionalak bezalaxe—, eta, aurrerantzean, eratuko den ligak izango du ardura hori.

Hitzarmen kolektiboa, zain

Futbolaren profesionalizazioak baditu konpondu gabeko zenbait ertz. Telebista eskubideena da bat; hitzarmen kolektiboarena bestea. Hasieran, profesionalizaziorako jauziak ez du aldaketa derrigorrik aurreikusten, nahiz eta negoziazioetan landukoden. AFE futbolarien elkarteak salatu egin zuen egungo hitzarmena. Jokalarien lan kontratuek 16.000 euroko gutxieneko soldata eta %75eko lanaldia biltzen dituzte.

Arlo horri dagokionez, Etxezarretak dio «salaketa hitzarmen berri bat egitekotan» egin zela, eta interes talka ekarri du hizpidera: «Bakoitzak bere interesak defendatzen ditu, eta normalada. Gure egoera eta prestutasuna kontuan hartuta,ikusi beharko da zer baldintzatara hel gaitezkeen negoziazioetan. Ustedut salaketa logikoa dela, eta hitzarmenean badaudela etorkizunean hobetu beharreko zenbait puntu. Oso garrantzitsua da bakoitzak bere interesak izan arren adostasun puntu bat lortzea; guretzat ona da, eta baita ligarentzat ere».

Etxezarretak «malgu jokatzea» eskatu du. Baita Elorzak ere. Jokalari bizkaitarrak esan du «konpondu beharreko gaia» dela, «emakumeek gizonek egiten duten moduan» lan egiten baitute». Eibarko futbolariak zehaztu du ordu pila bat igarotzen dituztela, izan partidetan, izan entrenamenduetan, izan bidaietan: «Hau lan bat da guretzat. Orduan, modu horretan saritua izan behar du». Esaterako, Elorzak ez du futboletik bizitzeko lain irabazten. Beste ogibide bat ere badu, eta azaldu du ez dela egoera horretan dagoen bakarra: «Jende asko dago horrela. Bi lan egiten aritzeak eta gero ordu kopuru bera sartzeak... Niri amorrua ematen dit».

Aurreko esaldiari beste bat lotu dio Elorzak, segidan: «Nik badakit ez dugula gizonek adina kobratu behar. Beste maila batean gaude, eta ez dugu haiek sortzen dutena sortzen». Hori bai, «oreka apur bat» eskatu du armaginak, eta beste aldagai bat ere aipatu du: «Entrenatzaileen gaia ere hor dago. Guk hitzarmena dugu, eta segurtasun hori badugu, baina haiek ez dute ezer, klubek ematen dietena soilik».

Etxezarretaren eta Elorzaren esanek ez dute duda-mudarako tarterik uzten. Profesionalizaziorako urratsa egitea ondo ikusi dute biek ala biek, baina erabaki zehatzak eskatu dituzte. Argi eta garbi mintzatu da Elorza: «Hainbeste gauza esan dituzte eta gero ez dute ezer egin... Nik, ikusi arte, ez dut ezer sinetsiko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.