Egitura berriak urtebete egin du. UCIk, 2011n gizonezkoekin egin bezala, emakumezkoen txirrindularitzari antolakuntza diseinu finko bat emateko abiatu zuen iaz World Tourra, eta bigarren aldia hasiko da larunbat honetan, Strade Bianchen (Italia). Hogei proba izango ditu aurten, iaz baino lau gehiago. Taldeek urte osoa izan dute antolakuntza berriaren argi-ilunak ikusteko, eta Bizkaia-Durango eta Lointek bi euskal taldeek antzeko analisia egin dute: lehiak hobera egin du, baina gonbiten zain dauden taldeen egoera ez da batere gozoa.
World Tourreko lehen multzoan hogei talde daude, eta talde horiek proba guztietarako gonbita jaso behar dute; itzulietan, berriz, lehen hamabostek bakarrik. Hortik aurrera, gonbiten jokoa hasten da, proba bakoitzeko antolatzaileek nahi duten talde kopuruaren eta proba horri uko egiten dioten taldeen araberakoa. Bada, dei horien zain egiten dute sasoia Bizkaia-Durangok eta Lointekek.
Agurtzane Elorriaga (Iurreta, Bizkaia, 1978) Bizkaia-Durangoko zuzendaria da, eta ez du ezkutatu duela hamar egun asko poztu zela. «Fleche Wallonetik eta Lieja-Bastogne-Liejatik deitu gintuztenean albiste handia izan zen. Horren zain nengoen azken egunetan, irrikan. Orain ea Amstel Gold Racetik deitzen gaituzten ikusi behar. Proba horiek garrantzitsuak dira, La Courseko antolatzaile berak direlako, alegia, Frantziako Tourreko antolatzaileak». Dori Ruano Lointekeko zuzendariak (Salamanca, Espainia, 1969), aldiz, bizkarrekoa hartu zuen, ez baitituzte gonbidatu. «Iaz Fleche-Wallone egin genuen, azken unean talde batek uko egin eta deitu egin gintuztelako. Ni baikorra naiz, eta beti uste dut deituko gaituztela. Aurten antzera gaude. Flechekoek esan digute hutsuneren bat baldin badago deituko gaituztela».
Bi euskal taldeak, izan ere, ez daude lehen hogei sailkatu horien artean. Sailkapena txirrindulariek pilaturiko UCI puntuen araberakoa da, eta Bizkaia Durango 24. da 2017rako. Lointek, berriz, 40.a, baina 28.a Europako taldeen artean. Hor ikusten dute bi zuzendariek World Tourraren alde iluna. «Plaza finkoa ez duten talde txikientzat oso deserosoa da. Azken unean dei zaitzakete, eta horrela oso zaila da egutegia finkatzea», azaldu du Ruanok. «Baina, tira, World Tourretik kanpo ere proba oso onak daude.Iragan asteburuan Belgikan egon ginen, 150 txirrindulariko lasterketa batean, eta munduko onenak bertan zeuden», gehitu du. Bizkaia-Durango tropeleko talde beteranoetariko bat da, Sport Vlaanderenekin batera. Biek 15 urte inguru daramatzate lehiatzen, eta ez daude hogei pribilegiatuen multzoan. «Antolatzaileek, baina, ondo ezagutzen gaituzte, lan ondo egiten duen talde bat garela dakite, eta horrek gure alde egiten du», gehitu du Elorriagak.
World Tourrak inbutua estutu du, baina bi zuzendariak bat datoz onurak ere izan dituela. «Antolakuntza oso ona da. Proba batzuek gizonezkoen antolaketa bera dute; gozamena dira», zehaztu du Ruanok. Elorriagak, berriz, kirol maila goratu du. «Maila asko igo da. Lasterketetan sekulako maila dago, eta hori ona da gure txirrindularientzat. Marketin arloan ere lan ona egin dute, telebista gehiago sartu da, nahiz eta guk askorik ez dugun nabaritu».
Dirua beti ageri da, World Tourra ez baita merkea. Talde bakoitzak 20.000 euroko bermea jarri behar du, eta beste 5.000 lizentziarako. Probetako antolatzaileentzat ere garestiagoa da sartzea. Trukean, egun bateko proba bakoitzeko taldeek 1.500 jasotzen dituzte bidaiarako, eta itzulietan gastu asko ordaintzen dizkiete. Diru horrekin txirrindulariak hegazkinez joan daitezke, eta zuzendariak, berriz, autoz doaz beti.
Zazpi euskal herritar
«Gurea dedikazio profesionala duen jendearekin osaturiko talde amateur bat da. Jendea harritu egiten da zenbat gauza egiten dugun hain baliabide gutxirekin. Hori urteko beste erronka handia da», zehaztu du Elorriagak. Hori baita euskal emakumezkoen txirrindularitzaren errealitatea: inork ez du bizibide. Bizkaia-Durangok 100.000 inguru euroko aurrekontua du, materiala kontuan hartuta 200.000ra irits daitekeena. Gizonezkoen afizionatu mailako talde indartsu batek duena baino gutxiago da. Ruanok ez daki zehazki zein den Lointeken aurrekontua, baina antzeko zifrak aipatu ditu. «Azken euroari ere begiratzen diogu; hor, Emilio Ramos taldeko presidenteak mirariak egiten ditu».
World Tourrean bi euskal talde egongo dira, eta zazpi euskal txirrindulari. Iazkoekin alderatuta, Dorleta Eskamendik erretiroa hartu du, eta Paula Lanzek ez du Bizkaia Durangon jarraituko. Plaza finkoa duten taldeetan bakarra dago: Ane Santesteban (Ale Cipollini); Bizkaia-Durangon, berriz, lau: Lourdes Oiarbide, Naia Leonet, Lierni Lekuona eta Irati Iridin. Lointeken daude beste biak: Eider Merino eta Ziortza Isasi. Azken bi talde horietakoek Euskal Herriko eta Espainiako egutegia uztartzen dute World Tourrarekin. Euskal egutegian bi proba nagusi egongo dira: Durango-Durango klasikoa, maiatzaren 17an; eta Emakumeen Bira, maiatzaren 17tik 21era.
Bizkaia-Durangok du euskal herritar gehien, baina zortzi herrialdetako txirrindulariekin batera daude: namibiarrak, espainiarrak, txiletarrak... «Maila oneko probetan parte hartzen laguntzen digute; taldearen maila igotzen dute. Egonaldi luzeak egiten dituzte gurean. Taldea puzzlea egitea modukoa da tokikoen eta atzerritarren artean», azaldu du Elorriagak. Bereziki bitxia da Miho Yoshikawa japoniarraren kasua. «Oso saiatua da, eta haren jarrera, eredugarria. Duela gutxi, bi astez egon da hemen, eta udaberrian itzuliko da. Hori bai, oraindik komunikazio arazoak ditugu». Lointeken, berriz, Merinorengan du itxaropena jarria Ruanok. «Ikasketak bukatu ditu, eta urtea txirrindularitzan bakarrik aritzeko hartu du. Sinetsita nago koska bat gora egingo duela».
Emakumeen Bira da sasoiko lasterketa nagusia, baina, zeharka bada ere, Italiako Giroari ere begiratzen diote. Hura da urteko itzulirik garrantzitsuena, eta joango diren edo ez jakiteak sasoia baldintza dezake. Bizkaia-Durango ohiko taldea da han, hainbatetan parte harturikoa. «Harreman ona dugu antolatzaileekin. Flechen eta Liejan sartu izana seinale ona da, baina aurten Giroa garesti egongo da. Italian talde txiki asko sortu dira, eta, haiei tokia egiten badiete, gutxiago egongo da besteentzat». Lointeken ere ez dituzte gauzak argi. Iaz egon ziren, baina aurten... «Ni beti naiz baikorra», errepikatu du Ruanok. «Aurten, baina... Fabiana Luperini —Ace Cipolliniko zuzendaria—laguna dut, eta astero idazten diot Giroarena zer moduz doan galdetzeko, eta oraindik ez dut ezer jaso». Deiaren zain daude biak.
Deiaren zain
Larunbatean hasiko da World Tourraren bigarren urtea, eta lau proba berri izango ditu egutegian. Bizkaia-Durangoko eta Lointekeko zuzendarien ustez, aurten zailagoa izango da gonbidapenak lortzea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu