Lortzen kosta egiten diren gauzak gehiago ospatzen dira lortzen direnean. Horrexegatik ospatu dute Super Amara Bera Berako kideek horrenbeste Espainiako Kopa irabazi izana, lau urtez egon baitira zain lehiaketa hori zazpigarren aldiz irabazteko. Baina asteburuan atera dute arantza, Malagan (Espainia) txapeldun izanda.
«Poz eta ilusio handia egiten du zerbait ezberdina irabazteak, are eta gehiago kostata izan bada; eta guri lau urte kosta zaigu berriz ere Kopa irabaztea; bagenuen gogoa, bai», azaldu du Esther Arrojeriak (Usurbil, Gipuzkoa, 1994).
«Asteburu biribila izan da», azpimarratu du Bera Berako erdikoak. Argi du zein izan den gakoa: «Oso ondo aritu gara defentsan partida guztien hasieran, eta hori eginda, segurtasun handiagoarekin aritu gara».
Behin eta berriz esan zuten hasi bezperan ez zutela ez presiorik ez beharrik Kopa irabazteko. Baina bazuten helduleku sendoa itxaropentsu egoteko. «Oso ondo ari ginen, eta bagenekien gure lana behar bezala eginez gero aukera genuela Kopa ekartzeko. Zorionez, hala izan da. Defentsa sistema bat baino gehiago erabili ditugu, eta oso ondo egin ditugu guztiak. Oso batuta eta oldarkor aritu gara, eta aurkariei asko kostatu zaie gure defentsan zuloak topatzea. Atzealdea ondo zainduta izanda, lasaiago aritu zaitezke erasoan. Halaxe aritu gara. Saiatu gara kontraerasoan bizi jokatzen; halako golek haize handia ematen dute».
Berehala nabarmendu du Alice Fernandes atezainak egindako lana. «Sekulako txapelketa egin du. Hura izan da taldeko jokalaririk onena. Egia da defentsan ondo arituta, errazagoa dela atezainak lan ona egitea, baina, hala ere, ikaragarri ondo aritu da; erabakigarria izan da. Unezailetan, penaltietan eta kontraerasoetan, egin ditu geldiketak. Asko pozten naiz harengatik».
Elxen aurka erasoan egindako lana azpimarratu du. «Lanak izan ohi ditugu Elxen defentsa gainditzeko, eta hori jakinda, erabaki genuen eraso laburragoak egitea. Ondo atera zen. Guardesen aurka, ordea, zailtasun gehiago izan genituen».
Galiziarren aurka sufritu zuten gehien. Bi golen aldearekin bakarrik irabazi zieten, eta gol bakarrera jarri zitzaizkien. «Fisikoki eta psikologikoko partidarik gogorrena izan da. Aurretik joan ginen beti, baina asko estutu gintuzten. Gol bakarrera jarri zirenean iraganeko mamuak etorri zitzaizkigun. Baina jakin genuen une erabakigarriak jokatzen. Horrek konfiantza handia eman zigun finalari begira. Eta finalari oso ondo ekin genion. Kontrolpean izan genuen partida, eta gozatu egin genuen».
Denbora zeraman Bera Berak txapelketa labur bat irabazi gabe: Espainiako Superkopa edo Kopa. Baina sasoi honetan bietan nagusitu da. Arrojeriaren ustez, taldeak «aurrerapausoa» eman du. «Txapelketa laburretan, kosta egiten zitzaigun atzetik joanda gora egitea; antsietatea sortzen zitzaigun. Baina denboraldi honetan taldea beste heldutasun batekin ari da; hobeto jokatzen dugu une zailetan. Horretan garrantzi handia du jokalari askok denbora daramagula elkarrekin jokatzen. Ea bide horretatik jarraitzen dugun ligako kanporaketetan».
Palmaresa bete eta bete ari dira; jada 23 titulu dituzte: zortzi Liga, zortzi Superkopa eta zazpi Kopa. 2007tik hona irabazi dituzte. Azken hamarkadan patrikaratu dituzte gehienak: hogei. «Eromena da. Oso bolada ona harrapatu dugu, baina aurretik lan handia egin da klubean, isilik-isilik, egungo egoerara iristeko. Lan bikain hori tituluetan islatzen ari da orain».
Defentsatik arrakasta
Bera Berak zazpigarren aldiz irabazi du Espainiako Kopa. Arrojeriaren ustez, «oso ondo» aritu dira defentsan, eta hori erabakigarria izan da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu