Esther Arrojeria. Bera Berako jokalaria

«Defentsan hobeto arituz gero, gaindi dezakegu kanporaketa»

Bera Berak EHF kopako bigarren kanporaketako itzuliko lehia du gaur, Corona Brasoven aurka, Gaskan (17:00, ETB4). Joanekoan bost golez galdu zuten donostiarrek, eta Esther Arrojeriak zaleen babesa eskatu du.

JON URBE / FOKU.
ainara arratibel gascon
2019ko urriaren 19a
00:00
Entzun
Super Amara Bera Beraren gaurko aurkaria, Corona Brasov, Errumaniako ligako talderik indartsuenetako bat da. Zazpi partidetatik bakarra galdu du. Baina Esther Arrojeriak (Usurbil, Gipuzkoa, 1994) uste osoa du bere taldean.

Joanekoan 35-30 galdu zenuten. Posible ikusten al duzu kanporaketa iraultzea?

Badakigu ez dela erraza Europan buelta ematea bost golen aldeari, baina sinesten dugu gure aukeretan. Bera Berak egin izan ditu halako balentriak. Han ez zitzaigun batere partida ona atera, eta, hobetuz gero, dena da posible.

Ia hiru gol sartu zenituzten azken txanpan, baina pare bat aldiz baloia inozoki galdu zenuten, eta horrek gehiago zaildu dizue kanporaketa. Pena, ezta?

Bai, are gehiago kontuan hartuta bat gehiagorekin geundela. Baina ez genuen asmatu azken erasoetan, eta haiek bai. Dena den, gehiagogatik galtzeko arriskua ere izan genuen, zazpi golez atzetik ere egon ginelako.

Non egon liteke aurrera egiteko gakoa?

Kontraerasoan min handia egin ziguten. Beraz, gaurkoari begira hobetu beharreko gauzetako bat erasoaren eta defentsaren arteko joan-etorriak dira, kontraerasoan golak ez oparitzeko. Izan ere, han ikusi genuen defentsan ondo aritu ginen uneetan haiei kosta egin zitzaiela gol aukerak sortzea, eta arazoak zituztela eraso azkarrak egiteko. Partidara oso zentratuta joan behar dugu.

Haien jokalarietako batek, Maria Tircak, hamar gol sartu zizkizuen. Gertutik zaindu beharko duzue, ezta?

Jokalari batek baino gehiagok egin zituzten gol dezente. Fisikoki gu baino indartsuagoak dira. Europan hori beti gertatzen zaigu aurkariekin, eta hori defentsan eta jaurtitzen dutenean nabari da. Hasieran, adibidez, erdikoak, [Cristina] Laslok, min handia egin zigun, eta ia partida osoan defentsan mistoa egin behar izan genuen. Ikusi beharko dugu gaurko lehiarako zein izan daitekeen defentsarik eraginkorrena.

Porrota litzateke kanporaketa ez gainditzea?

Kolpea litzateke, guztion helburua gutxienez aurreko denboraldikoa berdintzea baita. Dena den, orduan errazago genuen, zuzenean hirugarren kanporaketan sartu ginelako. Orain, berriz, bat jada gainditu dugu, eta, hau pasatuz gero, beste bat pasatu beharko genuke ligaxkara ailegatzeko. Baina ilusioa hor dago. Aurreko sasoian salto bat eman genuen Europan, eta bide horretatik segitu nahiko genuke oraingoan ere.

Askotan zenioten Europan jokatzeak ligan lehiakor izaten laguntzen zizuela. Sasoi honetan ligan izango diren etenak kontuan hartuta, are garrantzitsuagoada Europan segitzea?

Bai. Horregatik ere bada garrantzitsua Europan segitzea. Izan ere, etenaldiak daudenean ez da erraza lehiakortasunari, arretari eta motibazioari eustea. Taldearen egunerokoa hautsi egiten dute etenek, eta oharkabean ez zaude horren sartuta entrenamenduetan. Europan lehiatzeak zure onena ematea eskatzen dizu, eta intentsitate handiz lehiatzea.

Gainontzean, nola ikusi duzu taldearen denboraldi hasiera?

Ondo. Ligan jokatutako lau partidak irabazi ditugu. Norgehiagokahobeak eta okerragoak izan ditugu. Azken partidan, Porriñon, emaitzak erakusten duen baino gehiago sufritu genuen. Gijonen aurka, berriz, espero baino errazago irabazi genuen. Gijon asko indartu da, eta goiko postuetan egoteko hautagaia da. Baina taldeak ziurtasun handiz jokatu zuen, batez ere bigarren zatian, Hori da bidea.

Liga irabaztea da sasoi honetan zuen benetako helburua?

Beti saiatzen gara parte hartzen dugun txapelketa guztietan lehiakor izaten. Baina egia da aurreko sasoian sentipena izan zela gure akatsengatik ihes egin zigula ligak. Arantza hor daukagu, eta argi dago gure helburua liga irabaztea dela. Baina Europan ere ahalik eta urrutien ailegatu nahi dugu. Taldea osoa eta orekatua da postu guztietan, eta horrek aukera asko ematen dizkigu jokatzerakoan eta entrenatzaileak txandakatzeak egiteko garaian. Denboraldiko une erabakigarriei begira, oso inportantea da minutuak banatzea.

Aurreko jardunaldian, Guardesek Ro'Casari irabazi zion. Ezustean harrapatu zaitu?

Aurreko sasoian ezuste asko izan ziren. Oraingoan ez zirudien hala izango zenik, baina ezusteak izaten ari dira. Guardes itzaliago zetorrela ematen zuen, ez zuela taldea hainbeste indartu. Baina nagusitasunez irabazi zion Ro'Casari. Argi izan behar duguna da bi talde gutxiago egonda ligan partida bakoitza final bat izango dela. Huts egiteko aukera gutxitu egin da. Hasieran gal ditzakegun puntuez ederki gogora gaitezke liga amaitzean. Beraz, partida guztietan adi egon behar dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.