Oscar de Marcosek beste urtebetez jarraituko du Athleticen. Jokalaria eta klub zuri-gorria akordio batera iritsi dira, kontratua 2022ko ekainera arte luzatzeko. Igandean jada iragarri zuen Aitor Elizegi presidenteak akordioa «oso gertu» zegoela, eta, azkenean, atzo egin zen ofizial. «Dena oso bizkor joan da. Ilusio handia egiten dit beste denboraldi batez klubari laguntzeko aukera izateak», adierazi zuen jokalariak.
Orkatilako lesio bat tarteko, aurreko denboraldia eta honen hasiera ez ziren errazak izan De Marcosentzat. Ebakuntza ere egin behar izan zioten. «Nola nengoen kontuan hartuta, nire azken denboraldia izan zitekeela pentsatu nuen, ez bakarrik Athleticen, baita futbolean ere. Zalantza asko izan nituen».
Baina, orkatilak min egiten ez dionetik, gauzak beltzetik zurira aldatu dira harentzat: «Asko disfrutatzen ari naiz. Aspaldi ez nituen halako sentipenak. Zoriontsu etortzen naiz entrenatzera. Neure burua prest ikusten dut segitzeko. Harro nago hemen egoteaz; zorte handia dut, eta ea nire kirol ibilbidea hemen amaitzeko aukera dudan».
Marcelino Garciarekin kontratua berritzeaz hitz egin zuela nabarmendu zuen, eta hark esandakoek ere urratsa egitera animatu zutela. «Iritsi denetik, konfiantza handia eman dit. Oso gertukoa da, eta, niri bezala, asko gustatzen zaio hitz egitea. Nola ikusten ninduen esan zidan, eta horrek ere izan du zerikusia».
Taldeak teknikaria iritsizenetik izandako aldaketaz ere mintzatu zen: «Emaitza bolada ona kateatu dugu, Superkopa irabazi... Zaila da ondo hitz egitea, ematen duelako meritua kentzen ari zarela Gaizkak [Garitano] egin zuen lanari. Baina ez da horrela. Sekulako lana egin zuen. Horregatik, zaila egiten zaigu askotan Marcelinori laudorioak botatzea». Baina argi du non dagoen gakoa: «Teknikariak ezarri nahi duen jokatzeko era berehala barneratu dugu, eta emaitza onak lortzeak are gehiago sinesten lagundu digu».
De Marcosek beste urtebete luzatu du kontratua Athleticekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu