Cordobaren eskaintzari muzin egin eta gero iritsi zen Sevillako haztegitik Alberto De la Bella (Santa Coloma de Gramenet, Herrialde Katalanak, 1985) Donostiara 2009ko udan. Testuingurua ulertu behar da. Aurreko denboraldia amaigabea egin zitzaien txuri-urdinei jardunaldi asko falta zirela geratu baitziren igotzeko benetako aukerarik gabe. Hori gutxi ez, eta hilabete korapilatsu horietan, Konkurtso legetik ihes egiteko formula eraginkorrak topatzen ziharduten agintariek, Diaz de Zeriok eta Xabi Castillok lau haizetara zabaldu zuten beste norabait joateko nahia. Esan eta egin. Elkarrekin joan baitziren handik gutxira Lezamara. Aurrelariak sasoi hartan ezin izan zuen ia parte hartu lesio larri baten ondorioz. Ezker atzelariak, aldiz, Juanma Lilloren uste osoa izan zuen, bi sasoitan 71 neurketa jokatuta. Asko.
Hala, kirol zuzendaritzak multzoa berregituratzeari ekin zion Lehen Mailara bueltatzeko eginbidearekin. Lan beltza. Bigarren mailan eta sosik gabe. Ezker hegala umezurtz, Jonathan Estrada utzita lehenik, eta De la Bella dirurik ordaindu gabe ondoren, etorri ziren. Loren eta Javi Perezek eskuin ingurua, Xabi Prietoren lana zehatzago esate aldera, zamagabetu egin nahi izan zuten kontrako saihetsa indartuz. Gutxi iraun zuen apustuak. Lehen lau jardunaldiak baino ez. Antoine Griezmannen izar agerraldiak kolonbiarraren arrastoa desagerrarazi zuen behin betiko, eta kataluniarrak galtzak bete lan izan zituen Martin Lasarteren konfiantza bereganatzen.
Hasiera hartan, Iñigo Sarasolak, ezker atzelari peto-peto bakarra izanik, behar zukeen izan De la Bellaren lehiakide. Berehala ikusi zen Lasartek bestelako pentsamoldea zuela. Seigarren jardunaldian, Sorian jokatu zuten txuri-urdinek. 1-3 irabazi zuten. Gipuzkoarren ibilia erabat baldintzatuko zuen norgehiagoka, izan ere, igotzeko borrokan bete-betean sartzeko gai izango zirela jabetu ziren orduan. Egun hartan, Mikel Gonzalezek egin zuen erditik hegalerako bidea aurrenekoz. Bitartekotik gutxi izan zuen hautua, hainbatetan aritu baitzen ezkerretik aurrerantzean. Ez Sarasola, ez De la Bella, arrasatearrak jokatu zituen kokapen horretan lehen itzuliko neurketarik garrantzitsuenak. Esaterako, Rayoren kontrakoa Vallecasen (3-3) edota Cartagena (1-0) eta Betisen aurkakoak (2-0) Anoetan.
Azaro erdialdean izan zuen bigarren aukera De la Bellak, Albaceten (Espainia), hain zuzen. Ez zuen baliatu. Urduri, baldar eta bigun, inoizko De la Bellarik eskasena ikusi zen. Bigarren zatia hasi eta gutxira, Labaka sartu zuen haren partez Lasartek. Kolpe gogorra berarentzat. Erabakigarria. Suspertzeko balio izan ziolako. Erakutsi edo frogatzeko behar horretaz ahaztuta, lasaitu eta kokatzen hasi zen. Hobetzen azken batean. Funtsezko izateraino entrenatzailearen marrazkian. Hamaikakoan finkatu zuen lehia Numantziaren kontrako itzulerakoa izan zen, Anoetan. Hegalean gora eta behera, sakon eta zehatz, garaipenaren golarekin biribildu zuen bere jardun ederra. 30 neurketa jokatu zituen sasoi hartan. Behetik gora nabarmen eginez.
Beste horrenbeste egin zuen joan zen sasoian, Lehen Mailan. Jada lehiakide argirik gabe, Sarasola Real Unionera joana zen, Lasartek Gonzalezen trikimailua erabili zuen noiz edo noiz, eta Dani Estrada bera ere hegalez aldatuta aritu zen behin baino gehiagotan. Horrek ageri-agerian utzi zuen postu horretan zegoen zuloa. De la Bellak, 2015 arteko kontratua izenpetu zuen joan den urtarrilean, beste norbait behar zuela aldamenean. Eguneroko lanean estu hartuko zuena. Zubietako etxetxoari erreparatuz, Lorenek Liassine Cadamurori eman zion aukera duela hilabete gutxi. Frantziar gaztea jokalari polibalentea da, atzeko lerroko kokapen guztietan txukun samar molda daitekeena. Dena den, ez dirudi kataluniarrarekin orpoz orpo ariko denik. Ez baita alboko marrari itsatsita jokatzen iaioa. Oraingoz ez, behintzat. Philippe Montanierrek Real Madrilen kontra egin zuen aurreneko proba, baina mugimendu horrek salbuespenetik gehiago du jarraibidetik baino.
Uneotan, Bravo eta Iñigo Martinezen atzetik, gehien jokatutakoa da De la Bella, eta ez dirudi inork itzal egingo dionik. Zubietatik Garrido, Balentziaga, Castillo eta Sarasola atera ziren denbora tarte estuan. Orain, ordea, etena dagoela dirudi. Iñaki Badiolaren agintaldiaren hasieran, Alberto Morgadok, Alaveseko harribitxia Zubietan hasi zen 17 urterekin. Batere nabarmendu gabe aritu da, ordea, lesioen erruz. Lau urte hauetan 59 neurketa baino ez ditu jokatu. Kopuru txikia, inondik ere. Ea sasoi honetan nola moldatzen den. Oraingoz bost neurketatan hartu du parte. Julen Castañedarekin ari da lehian.
Harrobiz harrobi
20 urte zituela Espanyolen bigarren taldetik Vila-realerenera jo zuen De la Bellak. Manuel Pellegriniren urrezko aroa zen. 2007ko udan, Jose Enrique ezker atzelaria Newcastlera joan zenean, lehen taldeko leihoak zabaldu zitzaizkion parez pare. Capdevila ekarri arren, txiletarrak aukera emango ziola aitortu zuen De la Bellak berak. Ez zuen inoiz azterketa gainditu, eta denboraldi amaieran Sevillaren eskaintzari baiezkoa eman zion. Lehen Mailan jokatzeko asmotan hirugarren bidezidorra zen. Horretarako benetako aukera falta zitzaiola iritsi zen Zubietara azkenik.
Erasoan defentsa lanean baino hobea da. Gorantz korrika egiterakoan laguntza onak ematen dizkio Griezmanni, eta erraz iristen da ondoko marraraino. Baloi ukitu polita dauka, gainera.Kokapenean eta kontrako buruz buruko jokaldiak gelditzean ditu benetako arazoak. Denboraren poderioz zorroztu beharreko gabeziak dira. Izango du horretarako astia. Ez dagoelako inorekin lehian.
De la Bella, derrigorrean
Realeko jokalari kataluniarra hasieratik ariko da berriro bihar. Montanierrek aurrenekoz utzi zuen aulkian Real Madrilen aurka, baina ez dirudi halakorik askoz gehiagotan egingo duenik, ez baitago beste ezker atzelari petorik taldean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu