2016an Rion egindako Olinpiar Jokoetan brontzezko domina bat (100 metrokoan) eta zilarrezko bat (200 metrokoan) kolkoratu ondoren, eta joan den igandean 100 metrokoan berriro brontzea irabazi eta gero, Andre de Grass kanadarra 200 metrokoan nagusitu da gaur, eta urrea bereganatu. Distantziako inoizko zortzigarren markarik onena ezarri du, 19,62ko denborarekin —bere aurreko markarik onena 19,73 zen, aurten lortutakoa—. Zilarrezko domina Keneth Bednarekentzat (AEB) izan da, 19,68 eginda, eta brontzea Noa Lylesentzat (AEB), 19,74 eginda.
Azken egunotan ikusitakoari erreparatuz gero, ematen du abiadura lasterketetarako baldintza egokiak dituztela Tokioko estadioak eta pistak berak. 200 metrokoaren finala ere azkarra izan da. De Grass 26 urteko kanadarrak azkar erreakzionatu du irteera eman eta gero; burutik gertu ibili da, eta azkeneko 50 metroetan burua hartu du, ondo irabazteko. Distantziako espezialistetako bat da, eta finalisten artean aurten berea zuen denborarik onena. 2019ko Munduko Txapelketan, Dohan, zilarra irabazi zuen 200 metrokoan, eta brontzea 100 metrokoan.
Munduko beste marka bat ondu dute, gaur, Tokioko olinpiar estadioan. Azken egunotako hirugarren errekorra da. Sydney McLaughlinek hobetu du 400 metroko hesidunean, eta, bide batez, urrea kolkoratu. 21 urteko estatubatuarrak joan den ekainaren 26an egin zuen denbora —51,90— hautsi du, eta distantziako marka berria ezarri, gaur, jokoen finalean: 51,46. Zilarra Dalilah Muhammadentzat (AEB) izan da, inoizko bigarren denborarik onenarekin, 51,58rekin; eta brontzea Femke Bolentzat (Herbehereak), 52,03rekin.
Bideo honetan, finalaren atariko uneak, aurkezpena barne, eta lasterketa bera 4.15etik aurrera.
[youtube]https://youtu.be/PKb3cJsC1sM[/youtube]
Igandean Yulimar Rojasek ondu zuen munduko marka, jauzi hirukoitzean: 15.67 metro. Atleta venezuelarrak, balentria eginez, Inessa Kravets ukrainarrak 1995ean jarritako marka hautsi zuen, hamabost metro eta erdikoa. Eta atzo Karsten Warholmek (Norvegia) egin zuen sekulakoa. 400 metroko hesidunean berak joan den uztailaren 1ean ezarritako munduko marka ondu zuen, eta urrezko domina kolkoratu: 46,70eko denbora egin zuen uztailean Oslon, eta 45,94koa atzo. Proba hori 46 segundotik behera korritu duen lehen atleta da.
Hamar hesi gainditu behar dituzte 400 metroko hesidunean, eta, McLaughlinek irabazi eta gero adierazi duenez, lasterketa «zazpigarren hesitik aurrera» hasten da. Ikusgarria izan da finala. Muhammad aurretik iritsi da baita azkeneko hesira ere.«Aurretik nuela ikusi dut, eta gauza bakarra esan diot neure buruari: 'Zeure lasterketa egin ezazu'. Zeinen lasterketa ederra, zoratzen nago», aitortu du irabazleak.
Muhammad (31 urte) bigarren sailkatua izan da distantziaren dominatzailea azken urteetan, 2016ko Rioko Olinpiar Jokoetan urrea lortuta, baita 2019ko Munduko Txapelketan ere. Baina 20 urterekin, duela bi urte Dohan bigarren izan zen McLaughlin, eta gaur denboraldi osoan erakutsitakoa berretsi du.
Beste finalak
Emakumezkoen 3.000 metroko hesidunen finalean, ezustekoa eman du Peruth Chemutaik (Uganda). Aurrea hartu die Beatrice Chepkoech (Kenya), Felicitas Krause (Alemania) eta Courtney Frederichs (AEB) faboritoei. Lasterketa motela izan da, eta, helmugarako bi itzuli eta erdi falta zirenean, erritmoa areagotu du Frederichsek, munduko txapeldunordeak. Lasterketaren burua hartu du, Chemutai metro batzuk atzerago zuela. Iritsi dira azken itzulira, eta ugandarra aldea txikitzen hasi da, pixkanaka. 250 bat metro falta zirenean harrapatu du estatubatuarra, eta erasoa joa. Frederichsek ezin izan dio eutsi, eta, berriro, zilarrarekin konformatu behar izan du. Garaileak (22 urte) 9.01,45eko denbora egin du, eta bigarrenak 09.04,79koa. Brontzea Hyvin Jepkemoirentzat (Kenya) izan da, 09.05,39rekin.
Chemutai, gaur, lasterketaren burua hartuta. Juan Ignacio Roncoroni/ Efe
Chepkoeck munduko markaren jabeak (8.44,32), munduko txapeldunak, ezin izan die jarraitu Chemutairi eta Frederichsi, eta azkenean zazpigarren sailkatu da, dominetatik urrun: 9.16,33.
Gizonezkoen 800 metrokoan, Emmanuel Korirrek (Kenya) irabazi du urrea, 1.45,06ko denborarekin. 26 urteko atletak burua hartu du azkeneko zuzengunera, azken 100 metroetara, iristean, eta Cheruiyot Rotichen (Kenya) azken erasoari eutsi ahal izan dio. Hain zuzen, Rotich faboritoarentzat izan da zilarra, 1.45.39ko denborarekin. Eta Patryk Dobekentzat (Polonia) brontzea, 1,45,39ko denborarekin. Lasterketa motela izan da, eta Korir lehen unetik egon da burutik gertu.
Korir, gaur, garaile sartzen. Juan Ignacio Roncoroni / Efe
Gizonezkoen mailu jaurtiketan, Wojcieck Nowickik (Polonia) irabazi du urrea, 82.52 metroko jaurtiketa batekin. Eivind Henriksenentzat (Norvegia) izan da zilarra, 81.58 metroko jaurtiketarekin, eta beste poloniar batentzat brontzea, Pawel Fajdenentzat: 81.53 metro.