Pilota. Selekzioa

David Salinas-Armendariz: «Akordioak ez du atzera-bueltarik»

Euskal pilota selekzioaren ofizialtasunak «ate asko» zabalduko dituela uste du abokatu eta kirol zuzenbideko adituak. Ohartarazi du bideak luze jo dezakeela helegiteen ondorioz, baina ez du arriskuan ikusten akordioa.

David Salinas-Armendariz. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
David Salinas-Armendariz abokatua, artxiboko argazki batean. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
jon eskudero
2025eko urtarrilaren 3a
05:00
Entzun

Inor gutxik bezala ezagutzen ditu ofizialtasunaren bide eta zirrikituak David Salinas-Armendarizek (Santurtzi, Bizkaia, 1962). Abokatua da, kirol zuzenbidean espezializatua, eta parte hartu zuen Espainiako Kirol Legearen 48.2 artikuluaren idazketan. «Tradizio handiko» kirolek nazioartean euren tokia izateko eskubidea babesten du artikuluak, eta, ildo horretan, «justizia egin» dela adierazi du, eta ohartarazi bazela garaia Euskadiko Pilota Federazioa eskubide osoko kide izateko nazioartekoan. «Logika gailendu da. Hiru hamarkadatik gora generamatzan albiste horren zain, eta, zorionez, Nazioarteko Pilota Federazioak begiak ireki ditu». Sinetsita dago erabakiak ez duela atzera-bueltarik, eta gainerako kirolei ateak zabaldu zaizkiela iruditzen zaio.

Ofizialtasunarekin bi aldek irabazi dutela uste du Salinas-Armendarizek: euskal selekzioak eta, batez ere, Nazioarteko Pilota Federazioak. «Haien jarrera aldaketa nabarmena izan da azken urteetan. Gain behera zihoazen munduko pilota txapelketak aspaldian, eta euskal selekzioak parte hartzeak bestelako indarra emango dio guztiari. Diru iturri gehiago sortuko dira, audientziak igo egingo dira, pilotarien kalitateak gora egingo du. Ikuskizuna hobetu egingo da, eta mundu osoko pilotazaleek eskertuko dute». Gainera, Euskal Herrian ekitaldiak antolatzeko ekimena badagoela gogoratu du abokatuak. 2030eko Munduko Txapelketa Bilbon eta Gernikan izango da. «Denek irabaziko dute. Ziurrenik, Bilbon bertan ikusiko dugu bost urte barru euskal selekzioa estreinakoz ofizialki lehiatzen, eta izugarria izango da horren inguruan sortuko den guztia».

Akordioaren ondorenak ekarritako euforia handia izan da euskal pilotazaleen artean, baina zuhurtziaz jokatzeko eskatu zuen Gotzon Enbil-ek, Euskadiko Pilota Federazioko presidenteak. Abokatuaren esanetan, «egokia» izan zen Enbilen jarrera. Izan ere, Julian Garcia Angulo Espainiako Pilota Federazioko presidenteak aurreratu du posible diren helegite guztiak aurkeztuko dituztela. Salinas-Armendarizek dioenez, baliteke horren ondorioz bideak luze jotzea. «Garcia Angulo zorigaitzeko pertsona izan da gai honetan. Helegiteak aurkeztuko dituzte, eta ahuleziarik handiena zera ikusten dut: biltzarraren gai zerrendak ez zuela biltzen bozketarik egingo zenik. Federazio guztiak jakinaren gainean zeuden bozketa egin zitekeela, baina ez zegoen idatzita. Epaileak horri hel diezaioke, baina akordioak ez du atzera-bueltarik».

«Logika gailendu da. Hiru hamarkadatik gora generamatzan albiste horren zain, eta, zorionez, Nazioarteko Pilota Federazioak begiak ireki ditu»

DAVID SALINAS-ARMENDARIZAbokatua, kirol zuzenbidean espezializatua

Txarrenean jarrita, prozedura judiziala ireki eta auzitegi arrunt batek agindu dezake bozketa berriz egiteko. Baina abokatuak uste du Nazioarteko Pilota Federazioa osatzen duten kideen jarrera ez dela aldatuko. «Gainera, Espainiako Pilota Federazioan ere trantsizio garaian daude, eta, nik dakidanez, hurrengo presidentea ez da Garcia Anguloren pentsamendu berekoa izango. Bozketa errepikatu behar izateak ez luke ez hanka eta ez buru. Helegiteen ondorioz atzeratu egin daiteke kontua, baina ez dut uste oposizioaren jarrera oso urrun iritsiko denik».

Abokatuak gaineratu du erabakiak ez duela atzera-bueltarik. «Biltzarreko kideen %66k baino gehiagok hala erabakita, Euskadiko Pilota Federazioa nazioarteko federazioko kide da dagoeneko. Helegiteak eta beste egonagatik, hori ezin da aldatu jada. Txapelketak antolatzeko, bileretan parte hartzeko eta abarretarako, jadanik ordezkari bat gehiago da Euskadiko Federazioa. Besteen eskubide berberak ditu». Hori bai, oraindik ere bozkatzeko garaian ez dauka eskubiderik. «Botoa kirol emaitzen araberakoa izaten da, eta, noski, euskal selekzioak oraindik ez du emaitzarik lortu, parte hartu ez duelako. Nazioarteko Pilota Federazioaren estatutuak berrikusi beharko dituzte orain».

Pilotariak, hautua egin behar

Etxera begira jarrita, euskal pilotari oso garai polita datorkiola uste du Salinas-Armendarizek, eta aurreratu du pilotariak eurak egongo direla jomugan; selekzio bat baino gehiagoren deia jasotzen badute, hautua egin beharko baitute. «Planteamendu berri asko sortuko dira orain, eta horixe izango da haietako bat. Guztia dago asmatuta, beste kirol askotan ere hala gertatzen da, eta pilotariek busti egin beharko dute. Ez dago besterik». Eta Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko pilotariek izango al dute hautua egiteko eskubiderik? «Nazioarteko Pilota Federazioaren estatutuek ez dute nazioari buruz hitz egiten, baizik auzotasun administratiboari buruz. Beraz, Iparraldeko edo Nafarroako pilotari bat Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatzen bada, euskal selekzioarekin jokatu ahalko du».

«Denek irabaziko dute. Ziurrenik, Bilbon bertan ikusiko dugu bost urte barru euskal selekzioa estreinakoz ofizialki lehiatzen»

DAVID SALINAS-ARMENDARIZAbokatua, kirol zuzenbidean espezializatua

Aurrerantzean zabalduko den beste ate bat esku-huskako pilotari profesionalena izango da. Puntista eta palista profesionalek euren selekzioekin jokatu ohi dute, baina Aspe eta Baiko enpresetako pilotariek ez. «Gai horren inguruan, pilotazale baten ikuspuntutik emango dut iritzia, ez bainaiz inoiz federazio baten parte izan, baina pentsatzen dut kontuak aldatuko direla. Pilotariek eurek ere interesa izango dute dominak irabazteko, eta akordioak lortu beharko dira enpresen, federazioen eta instituzioen artean. NBAn ere gertatzen da kirolari askok Olinpiar Jokoetara joan nahi dutela euren herrialdea ordezkatu nahi dutelako, eta beste hainbeste gerta daiteke pilotan».

Lehen pausoa emanda, atea zabaldu zaie beste hainbat kiroli, Salinas-Armendarizen ustez. Futbolak du oihartzunik handiena. «Zoritxarrez, Euskadiko Futbol Federazioak ez du pauso bakar bat ere eman azken lau urteotan. Ea presidente aldaketarekin albiste hobeak dauzkagun». Federazioen lanaz gain, instituzioen babesa eskatu du abokatuak. «Abertzaleon batasuna ezinbestekoa da, eta garai hau baliatu beharra dugu gauza gehiago lortzen jarraitzeko. Baikorra naiz etorkizunera begira».

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (2)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.