David Garcia 9 urterekin iritsi zen Osasunaren beheko mailetara, eta 2014an egin zuen debuta lehen taldearekin, Espainiako Bigarren Mailan. 21 urte baino ez zituela, taldeko kapitainetako bat bihurtu zen, eta azken urteetan Osasunaren jokalaririk garrantzitsuenetako bat izan da. Haren eskutik, Iruñeko taldeak ia desagertzetik berriro maila gorenera itzultzeko bidea egin zuen 2018-2019ko denboraldian. Kapitainaren besokoarekin, taldeak Espainiako Kopako final bat eta Konferentzia Ligako eta Espainiako Superkoparako sailkapena lortu zituen. Orain, 30 urterekin, kapitainak erabaki du Qatarreko ligara joatea.
Osasuna utzi aurretik, David Garciak elkarrizketa bat egin du, bere ibilbidea gogoratuz. Azken urteetan klubaren urrezko etapetako bat bizi izan duela aipatu du. «Uste dut ez naizela jabetzen nire kirol ibilbidean egin dudan guztiaz. Erretiratzen naizenean, dena perspektiban jarri ahal izango dut. Baina, egia esan, oso harro nago azken urteotan bizi izan dudan guztiaz. Jende gehienarentzat pentsaezinak ziruditen gauzak lortu dituen talde handi bat sortu dugu. Azken urte hauek klubaren garairik onenaren parte izan direla uste dut».
Agur garratza dela aipatu du Garciak, ezin izan baitu zaleen aurrean bere azken partida jokatu. «Arantzatxo bat daramat, Sadarren agur esaterik ez izatea, eta horrek ilusio handia egiten zidan. Sadar bete bat imajinatzen nuen, jendez gainezka, baina egoerak askotan ez ditu norberak erabakitzen, eta gauzak gertatzen diren bezala gertatzen dira. Izan nuen lesioak kareletik bota zuen denboraldi amaiera eta Eurokopara iristeko helburua. Zerbaitek amorrua ematen badit, hori da: urte hauetan guztietan lagundu eta lagundu didaten guztiei agur esaterik ez izatea».
Osasuna bere «bizitza» dela adierazi du, eta oso eskertua dagoela: «Gaur naizena osasunismo guztiarengatik da, zati handi batean, eta klub honek dituen balioengatik. Bidean banatzeko ordua iritsi da, baina ez da agur bat izango, laster arte bat baizik. Urte hauetan guztietan nigatik egindako guztia eskertu nahi dizuet. Hemen beti egongo da gorritxo bat gehiago edozertarako».
Qatarreko taldeak 7,5 milioi euro jarriko ditu hasieran, eta kontratua amaitzean 0,5 milioi euro gehiago ordaintzeko konpromisoa hartu du, kontratuan jasotako baldintzak betetzen ez badira. Horrez gain, jokalariak 750.000 euro ordainduko dizkio klubari. Hartara, 8,75 milioi euroko diru sarrera izango du Osasunak; eta horri gehitu dakizkieke Al-Rayyan taldeak parte hartuko duen lehiaketetan izandako hainbat kirol aldagai. Azken horien arabera, Osasunak hamar milioi euro baino gehiago ere eskuratu ditzake.