Athleticek badu entrenatzailea: David Aznar. 43 urteko teknikari espainiarra Iraia Iturregiren ordez eseriko da talde zuri-gorriaren aulkian. Aznarrek eta klubak denboraldi baterako kontratua adostu dute.
Aznar talderik gabe zegoen 2021eko azaroan Real Madrilek kargutik kendu zuenetik. Aurretik, hiru denboraldi egin zituen emakumezkoak entrenatzen: aurreneko biak, Taconen, eta hirugarrena, Real Madrilen, hura Taconen jabe egin eta gero.
Taconekin, Espainiako Mailara igo zen lehen sasoian, eta, bigarrengoan, hamargarren postuan sailkatu zen. Real Madrilekin, berriz, txapeldunorde izan zen, eta Txapeldunen Ligarako sailkatu zen. Baina sasoia hasi eta gutxira kendu zuten kargutik, taldearen emaitza txarrak direla eta.
Aznarrek esan du «oso harro» dagoela horren klub «berezi eta bakarra» ordezkatzeagatik. «Klub honek sinetsi egiten du emakumezkoen futbolean, eta hazten jarraitu nahi du. Bat egiten dut haren filosofiarekin eta identitatearekin. Ordezkatu egiten nau».