Daukatenari eutsita, pozik

Zuazon hasiak dira datorren sasoirako taldea osatzen. Joseba Rodriguez 'Haito'-k esan du «ahalik eta jokalari gehienei» eutsi nahi dietela, baina, lau talde gehiago egongo direnez, badaki klubaren eskaintzaz gain beste batzuk ere izango dituztela.

Joseba Rodriguez Haito Zuazoko entrenatzailea, etxean, ordenagailuaren aurrean lanean, atzo. JOSEBA RODRIGUEZ.
Julen Etxeberria.
2020ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Bihar zen bukatzekoa liga Espainiako Ohorezko Mailan. Bihar zen jokatzekoa Zubileta Evolution Zuazo denboraldiko azken partida, Porriñon (Galizia). Baina badira bi hilabete eta erdi ez dela neurketa bakar bat ere jokatu. Eta ez dira gehiago jokatuko, Espainiako Eskubaloi Federazioko Ordezkarien Batzordeak bukatutzat eman baitzituen lehiaketa guztiak duela bi aste pasatxo. Horren ondorioz, Super Amara Bera Berak seigarren aldiz irabazi du liga, eta Zuazo bederatzigarren urtez jarraian ariko da maila nagusian.

«Berekoi izanda, denboraldia bukatzeak eta jaitsierarik ez egoteak mesede egin digu, bete-betean ari baikinen mailari eusteko lehian. Baina kirolariak garen aldetik, guk pistan lortu nahi ditugu helburuak, eta ez bulegoetan», aitortu du Joseba Rodriguez Haito Zuazoren entrenatzaileak (Basauri, Bizkaia, 1980).

Hala ere, «gustura» dago egindako lanarekin. «Sinetsita nago mailari eutsiko geniola. Horretarako maila bagenuen, eta gero eta hobeto ari ginen. Aurreko sasoian, antzeko bidea egin genuen, baina orduan, kosta egin zitzaigun egokitzea, aldaketa asko egin baikenituen. Denboraldi honetan, ordea, taldeen arteko parekotasuna izan da zailtasunik handiena. Ez zegoen aurkari samurrik. Gainera, partida asko gol bakar batengatik galdu ditugu. Berdindu edo irabazi izan bagenitu, bestelakoa litzateke gure egoera sailkapenean. Xehetasun txikien ondorioz egon gara behean. Detaile horiek zuzentzen baditugu, aurrerapausoa emango dugu».

Ez da talderik jaitsi, eta lau igo dira. Beraz, datorren sasoian lau talde gehiago ariko dira: hamasei. Aldaketa handia da, eta Federazioak lehiaketa sistema berria ezarri nahi du: zortzi taldeko bi multzotan banatzea liga; talde horiek bi itzuliko ligaxka jokatzea; multzo bakoitzeko lehen lau sailkatuek titulurako ligaxka jokatzea, eta beste zortziek mailari eustekoa; bigarren ligaxka horietan, lau jardunaldi baino ez lirateke jokatuko, eta kontuan hartuko lirateke lehen ligaxkan multzokide izandako aurkarien aurka lortutako puntuak. Zehazteko dago nola izango litzatekeen azken txanpa, baina ziurra da lau talde jaitsiko direla. Zuazo eta Bera Bera elkarrekin ariko lirateke, Atletico Guardes, Malaga, Valladolid, Alcobendas, Puerto del Carmen eta Santanderrekin batera.

Argi du horrek «are zailagoa» egingo duela mailari eustea. «Garestiago egongo da salbazioa: batetik, lau talde jaitsiko dira; eta, bestetik, bigarren fasera pasatzean lehengoaren emaitzak hartuko dira kontuan. Adibidez, bitan irabaz diezaiokegu Bera Berari, baina horrek ezertarako ez luke balioko gero aurkari apalagoen aurka galdu eta mailari eusteko multzora joanez gero. Alderantziz ere gerta daiteke». Haren ustez, «arrazoi ekonomikoak» dira nagusi sistema berri hori ezarri nahi izateko. «Orain arteko sistemari eutsiz gero, zortzi jardunaldi gehiago jokatuko lirateke, 30, eta hori ekonomikoki bideraezina litzateke klub gehienontzat, are gehiago orain, non, egoeraren ondorioz, aurrekontuak jaisten ari diren, eta kontratuak egokitzen. Erokeria litzateke 30 jardunaldiko liga bat jokatzea».

Loidi, bakarra kontratupean

Baina «kirol arrazoiak» ere badaudela gaineratu du. «Koparen bi ekitaldi jokatzeko asmoa dago; Europako lehiaketak daude; Europako Txapelketa; Olinpiar Jokoetarako sailkatzeko torneoa; eta gero, Jokoak. Bete-betea izango da sasoia, eta horri beste zortzi jardunaldi gehituz gero, are eta gehiago profesionala ez den liga batean...». Ustez, «urtebeterako» neurria litzateke sistema berria, «ezohiko egoera» horri aurre egiteko neurri gisa. «Erabaki asko hartu beharko dira laster; adibidez, ateak itxita edo ikusle kopurua mugatuta jokatuko dugun. Ez dakigu abuztuaren 1ean denboraldi-aurrean hasten garenean Lasesarre irekita egongo den edo ez. 2021era arte ez gara itzuliko aurreko egoerara».

Azpimarratu duenez, Zuazon ez daude «geldi», eta hasiak dira lanean. Lehen erabakia berari kontratua beste urtebeterako berritzea izan da. «Konfinamenduan ginela jakinarazi zuen klubak, baina aurretik zegoen egina. Oso eskertuta nago, larri ginenean eskaini baitzidan jarraitzea». Ikusteko dago zer jokalari izango dituen, June Loidiri ez beste guztiei bukatuko baitzaie kontratua hilaren 30ean. Rodriguezen iritziz, hamasei talde egoteak «zaildu» egingo du lan hori. «Igo berriek maila honetako jokalariak fitxatu nahiko dituzte, eta jokalariak daudenak daude. Ziur naiz gure jokalariek deiak jasoko dituztela, batez ere ezagunenek: Ainhoa Hernandezek, Loidik, Amaia Gonzalez de Garibaik... Kluba ahalegina ari da egiten horiei eusteko. Pozik ginateke hori lortuta. Hutsuneren bat egonez gero, saiatuko ginateke norbait fitxatzen». «Baikor» dago. «Jokalariek badakite denok egin beharko dugula ahalegin bat. Beti erakutsi diote atxikimendua klubari».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.