Daukanak eutsi egiten dio. Horixe dio aspaldiko esaerak. Eta Kamel Zianik asko dauka. Berdin dio jada 45 urte izatea, berdin dio duela zazpi urte hartu izana erretiroa puntako atletismoan. Oriotarrak hauspoari eta kalitateari eusten dio oraindik ere.
Duela hamar egun erakutsi zuen. Euskal Herriko kros denboraldiko lehenbiziko proba jokatu zen Irunen (Gipuzkoa), eta Zianik irabazi zuen. «Sekulako ilusioa egin zidan irabazteak, makina bat aldiz parte hartu baitut Irunen. Oroitzapen politak nituen han aritutako aldiez, etah orain, are politagoak izango ditut», esan du.
Inor gutxik espero zuen Ziani podiumeko koska gorenean ikustea. Berak bai. «Bi urte ziren ez nintzela krosean lehiatu, baina ondo entrenatu nintzen, eta indartsu nengoen. Gainera, krosa, proba azkarra ez denez, egokia da nire dohainentzat, hauspoarentzat eta eskarmentuarentzat. Horiei esker irabazi nuen».
45 urteko atleta batek irabazi izanak ez du gauza onik esaten euskal krosaren egoeraz. «Dagoena dago», dio. Umorez mintzatu da egoerari larritasuna kentzeko. «Ziur naiz norbaiti esanez gero 45 urteko batek irabazi duela hau galdetuko duela: herrenak ziren beste guztiak? Normala da halakoak entzutea. Niri bost axola irabazten dudan bitartean». Abisua eman du, halere. «Lasai egon daitezela nire garaipenari balioa kendu nahi izan diotenak. Eibarren ariko naiz igande honetan, eta ikusiko dugu ea Irungoa kasualitatea izan zen edo ez. Ona litzateke 45 urterekin Gipuzkoako txapeldun izatea».
Argi du. «Ez dago adinik lehiatzeko». Zein da sekretua? «Gorputza behar bezala zaindu eta ondo prestatuz gero, urte askoan aritu zaitezke lehiatzen. Behobia-Donostiaren azkeneko hiru ekitaldiak irabazi dituen atletak, Carles Castillejok, adibidez, 39 urte ditu». Horren harira, garrantzi handia eman dio atseden hartu eta indarberritzeari. «Bete-betean zabiltzanean oso zaila da indarberritzea, baina nik orain jada ez diot horrenbeste egurra ematen gorputzari, eta nabari dut. Freskoago nabil».
Presiorik gabe entrenatzen da orain ere, astean bizpahiru egunez-edo, etxeko eta laneko lanaren arabera —Gipuzkoako Aldundiaren adingabeen zentro batean egiten du lan, hezitzaile gisa—. Iragana da astero «220 kilometro pasatxo» egiten zituen garaia. Lan gogor horri esker osatu zuen ibilbide ona maratoian: bitan aritu zen munduko txapelketan, beste bitan Europakoan, sarri izan zen maratoietako podiumean, eta 2.10.18ko marka du. «Diego Garcia, Martin Fiz, ni neu... maratoiak loraldia bizi izan zuen garai horretan Euskal Herrian».
Maratoilariaren bakardadea muturrera eramanez bizi izan zen urte askoan, bakarrik lehiatu ez ezik, bakarrik entrenatzen baitzen ere. «Oso gogorra zen, baina ez nuen beste aukerarik». Hala ere, aitortu du bakardade horrek «mesede» egin ziola azkenerako. «Bakarrik entrenatuta, arazoetatik bakarrik ateratzen ikasten duzu. Taldeka entrenatzen direnak segituan ematen dute amore. Nik oso gaizki egon behar dut lasterketa bat uzteko».
Harrobiarekin lanean
Orain ere bakarrik entrenatzen da ia beti. Ostegunetan egiten du salbuespena. Berak eta Aitor Rubiok haurren atletismo talde bat sortu berri dute Orion, eta astean behin haiekin aritzen dira. «Oso pozik gaude osatu dugun taldearekin. 35 bat gaztetxo ditugu, eta hori asko da, herri honetan futbolak eta batez ere arraunak indar handia baitute. Gainera, ilusio asko egiten digu taldean neska dezente daudela ikusteak». Horiek guztiak ariko dira abenduaren 6an Zianiren izena daraman lasterketan. «Lehen aldiz jokatuko da. Ea gazte asko animatzen diren».
Ziurra da parte hartzaile bat, Amin, Zianiren semerik zaharrena —hiru seme-alaba ditu—. Hura ere atletismo taldean. Semea aipatu, eta berehala atera zaio aitaren harrotasuna. «Azkarra da. Bigarren izan da jada lasterketa batean. Baina gazte guztiei gertatzen zaiena pasatzen zaio hari ere. Mila metroko lasterketa batean hustu egiten dira lehen 400 metroetan, eta ia oinez amaitzen dute. Hori, zorionez, adinarekin ikasten da. Ni ere halakoa nintzen».
Daukanak eutsi egiten dio
2010ean erretiratu zen Kamel Ziani puntako atletismotik, ibilbide oparoa egin ostean. Oriotarrak, ordea, ez dio inoiz utzi korrika egiteari. 45 urte beteta, hauspoari eusten diola erakutsi berri du, Euskal Herriko kros sasoiko lehen proba irabazita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu