Mikel Balentziaga. Athleticeko jokalaria

«Daukagun taldearekin, Europara begira dezakegu»

Marcelino Garcia Toralekin egindako lehen sasoi-aurreak asebete egin du Mikel Balentziaga. Garaipen batekin hasi nahi du Espainiako Liga, bihar, Elxen.

ATHLETIC CLUB.
Jon Ander De la Hoz.
2021eko abuztuaren 15a
00:00
Entzun
Mikel Balentziagak (Zumarraga, Gipuzkoa, 1988) aurrekoa amaitu baino hobeto hasi nahi du sasoi berria. Izan ere, Athleticek Elxen (Herrialde Katalanak) zelaian galduz bukatu zuelako. Han bertan hasiko du Espainiako Liga, bihar (22:00, Movistar La Liga): «Garrantzitsua da irabaziz ekitea». Behin eta berriz esan du«gustura» daudela sasoi-aurrearekin. 11. denboraldia hasiko du zuri-gorriekin. Sasoi amaieran amaituko zaio kontratua: «Oraingoz, ez diot horri erreparatzen».

Elxen abiatuko duzue liga. Nola dago taldea?

Taldea oso ondo dago. Denboraldi-aurre indartsua egin dugu, sentipen oso onak utzi ditugu, eta lana ona izan da. Gogo asko ditugu lehen partida jokatzeko; sentipen onak Elxen berretsi nahi ditugu.

Nolako partida espero duzu?

Aurreko ligako azken partida han jokatu genuen, eta ez zitzaigun espero genuen partida atera. Orain, gauzak beste era batera daude, liga hasiera da, eta hiru puntuak lortzea espero dugu.

Ondo ekitea garrantzitsua delako, ezta?

Bai, liga bakoitzeko lehen partidak oso garrantzitsuak izaten dira. Irabazteak eta hiru puntuak eskuratzeak sentipenak indartzen dituelako, bereziki.

Lehen hiru partidetan Elx, Bartzelona eta Celtaren aurka jokatuko duzue. Nolako hasiera aurreikusten duzu?

Egia da hiru talde oso ezberdin direla, eta beti esaten duguna: ahalik eta ondoen jokatuz punturik gehienak biltzea izango da helburua.

Sasoi osoko xedea izan ohi da hori. Aurrekoan hamargarren postuan amaituta, gorago sailkatzea da zuen helburua?

Bai. Daukaguntaldearekin, Europako postuetara begira egon gaitezke; postu horietatik gertu egon gaitezke. Beti bezala, partidako eta entrenamenduko lana egin beharko dugu horretarako.

Argi eta garbi hitz egiten duzue Europaz? Hori da helburua?

Ez dakit helburu bakarra hori den ala ez, baina uste dut horretarako taldea badaukagula. Horrekin, eta lanerako daukagun gogoarekin, nik uste postu horien inguruan egoteak izan behar duela gure helburua.

Zeintzuk izan daitezke kontrarioak bide horretan?

Talde indartsu asko dago, baina gureari erreparatu behar diougu. Aurreko urteko erregulartasuna hobetzen baldin badugu, hor inguruan egongo garela.

Erregulartasun hori al da aurreko sasoian falta izan zitzaizuena?

Bai. Jokatu genituen partida onak, talde handien aurka ere emaitza oso onak lortu genituen, baina erregulartasun hori ez edukitzeak ez zigun utzi hamargarren postua hobetzen, eta hori da nahi duguna: lehen zazpi-zortzien artean egon, eta azken partidara arte Europarengatik borrokatu.

Aldaketa sasoia izan zen aurrekoa. Urtarrilean Gaizka Garitano kaleratu ondotik, Marcelino Garcia Toral ailegatu zen. Aurtengoari jada harekin hastea abantaila da?

Ideiak txertatzeko oso ondo dator denboraldi-aurrea. Gurean hala izan da. Ondo arituta, oso gustura geratu gara denok. Erregulartasna lortzea da gure asmoa eta horretan saiatuko gara denboraldian zehar.

Horretarako, zer eskatzen dizue Marcelinok?

Entrenatzaileak badaki gu nola sentitzen garen eroso, eta egia esan, bere jokatzeko erarekin oso gustura gaude, eta oinarri horiek lantzea da bere helburua. Beti esaten da, denboraldi-aurrean gertatutakoek ez dutela balio. Egia da puntu aldetik ez dutela balio, baina taldearen sentipeneieta ligako lehen neurketari begira ondo hartzen da. Lan ona egin dugu, entrenamendu asko eginditugu, eta emaitzak onak izan dira. Ea hori guztia zelaian islatzen dugun.

Lan karga galanta eduki duzuela esan duzu. Nolakoak izan dira saioak?

Entrenamendu eta karga handikoak. Talde guztiak ondo hartu du karga hori, eta, behintzat, lesio garrantzitsurik ere ez da egon gure artean. Taldeko ia jokalari denak prest gaude jokatzeko, eta gure armetako bat hori izango da: gauden 24-25 jokalariek beti dena ematea, eta horri eustea.

Orain dela gutxi zuen entrenatzaileak esan zuen arrunt gustura zegoela sasoi-aurrean egindako lanarekin. Zuei ere hori esan dizue?

Hori ez dago esan beharrik, ikusi egiten baita. Argi dago: Marcelino gustura geratu da denboraldi-aurreko lanarekin. Bai partidekin bai entrenamenduekin; hori nabaria da. Lan ona egin da, eta bultzada da Elxen aurkako partidarako.

Athleticek golak egiteko arazoak izan zituen aurreko sasoian. Horretan jarri al duzue prestakuntzako indargunea?

Hori hobetzea aldatzeko ditugun arloetako bat da, baina gauza gehiago ere badaude. Azkeneko sei hilabeteetako partidak ikusi, eta zer ondo eta zer gaizki egin dugun ikusi eta, eta horretarako ere baliatudugu denboraldi-aurrea. Golak egitea bada arlo horietako bat, baina baita hobeto defenditzea ere.

Ibilbide luzea osaturako kirolaria zara. Gaur-gaurkoz, nola aurkitzen zara fisikoki?

Egia esan, nahiko gustura sentitzen naiz fisikoki, eta azkenean, hori da taldeari lagundu ahal izateko gauzarik garrantzitsuena. Horretan saiatzen naiz.

Athleticeko kapitainetako bat ere bazara, eta esperientzia gehientsuen duen futbolarietako bat ere bai. Gazteekin rol hori jokatzen al duzu?

Tira, bai aurten, eta bai aurreko urtean, gazte batzuk igo ziren [lehen taldera], eta joera oso-osoa izan zuten hasieratik. Lanerako prest egoten dira, eta baita entreatzaileari edo guri entzuteko ere. Gauzak erraz jartzen dizkigute. Beraz, gazte horien gogo eta indarrarekin, eta urte gehiago daramatzagunon esperientziarekin eta laguntzeko asmoekin talde polita dugula uste dut, eta astelehenean ikusiko dugu nola hasten garen txapelketan.

Egunerokotasunean joaten al zaizkizu aholku eske, eta zer gertatzen zaien esanaz?

Tira, azkenean, gu, beteranook, beti gaude laguntzeko eta entzuteko prest. Ahal dugun gauzetan, laguntzeko prest egoten gara.

Joan zen sasoian Espainiako Kopako bi final galdu zenituzten, eta Espainiako Superkopako bat irabazi. Denboraldi honetan begirada bereziz helduko diezue halako txapelketei?

Argi dago Kopa txapelketa berezia dela, ez guretzat bakarrik, baita Athleticentzat ere. Eta bai, hala helduko diegu, gogoz: gainera, oso gustuko dugu oraingo lehiaketa sistema, kanporaketa bakarrekoa, eta guretzat beti oso berezia den txapelketa bat izanda, denboraldi honetan ere buru-belarri ariko gara. Ea noraino irits gaitezkeen.

Datorren urteko ekainaren 30era arteko kontratua duzu Athleticekin. Data horri erreparatzen diozu, ala urratsez urrats zoaz?

Ez diot horri erreparatzen. Urtea luzea da oraindik, eta gauza horiek ez dira berehalakoan azalduko. Beraz, lasaitasunez aritu behar da: taldeari dena emanez etaahal den gehien lagunduz. Gero ikusiko dira ikusi beharreko gauza horiek.

Zertan lagun diezaiokezu taldeari?

Egunerokoan. Asko gustatzen zait Lezamara joatea eta taldekideekin entrenatzea. Arlo horretan ilusioz gainezka nago.

Nolako sasoia aurreikusten diozu Athletici?

Polita. Nik uste talde ona daukagula, eta gauza politak egiteko modukoa. Dena emango dugu Europako postuen inguruan egoteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.