Euskararen eguna ez ezik, desgaitasunen bat duten pertsonen nazioarteko eguna ere bada gaur. Horietako bat da Imanol Arriortua (Derio, Bizkaia, 1998) txirrindularia. Stargardt gaixotasuna dauka, ikusmenari eragiten dion gaitza, eta ikusmenaren %10 baino gutxiago dauka gaur egun. Txirrindularitzan eta futbolean afizionatu mailan lehiatu ostean, iaz txirrindularitza egokitura jauzia egitea erabaki zuen. «Egokitzapena nahiko erraza izan da». ONCEko kidea eta Cofidis taldeko tandemeko txirrindularia da.
Noiz detektatu zizuten gaixotasuna?
8 urte nituenean hasi nintzen ikusmen arazoak izaten. Gogoan dut eskolan nengoenean kexatu egiten nintzela ez nuelako ondo ikusten, baina uste dut 11 urte nituenean detektatu zidatela gaixotasuna.
Nola joan zaizu garatuz gaixotasuna?
11 urte nituenerako, %15era jaitsi zitzaidan ikusmena, gutxi asko. Ondoren, pixkanaka ikusmena galduz joan naiz, eta %10etik behera daukadanetik denbora bat igaro da. Gogoan dut gaixotasuna atzeman zidatenean ONCEn sartzen ahalegindu nintzela, baina ikusmena %10 edo txikiagoa izatea baldintzetako bat zen. Iaz arte nik esaten nuen ikusmen arazo bat nuela, baina agian ez zitzaidan iruditzen hain garrantzitsua zenik. Horregatik, bizitza nahiko normala egin ahal izan dut, eta lagunekin futbolean jokatu nuen 18 urte bete nituen arte.
Zehazki, nola eragiten dizu zure gaixotasunak?
Begiaren erdialdeari eragiten dion gaitz bat da, eta, hain justu, begiaren erdialde horretan daude ikusmena osatzen duten zelula gehienak. Horrenbestez, esan daiteke nik begiaren periferiatik ikusten dudala. Hori dela eta, esan daiteke nik ikus eremu osoa daukadala, baina argitasunik gabe. Alegia, nik forma edo irudi bat ikusten dut nire aurrean, baina oso gertu nagoen arte, ez dakit zehazki zer den eta nolakoa den. Kalean pertsona batekin topo egiten badut, hamar metrora ikusten dudanean badakit norbaitekin elkartuko naizela, baina, bi metrora gauden arte, ez dakit nor den.
Noiz erabaki zenuen txirrindularitzan hastea?
Txikitan futbolean eta txirrindularitzan jarduten nuen, batean udan nagusiki eta bestean urteko gainontzeko hilabeteetan. Begirale lanean ari nintzen batean, 18 urterekin, triatloia egiten zuen beste begirale batekin topo egin nuen, eta hark animatu ninduen bizikletan berriro ere ibiltzera. Haurtzarora itzultzearen gisakoa izan zen.
Afizionatuetan hainbat urte egin zenituen, txirrindularitza egokitua probatu zenuen arte. Nola hartu zenuen erabakia?
Nire entrenatzaileak esaten zidan nire proba fisiologikoak aintzat hartuta, lasterketetan nire errendimendua txikia zela. Ikusmenarekin nuen arazoa aipatu nion, eta berak animatu ninduen txirrindularitza egokituan ahalegintzera. Duela bi urte hartu nuen erabakia, eta Cofidis taldearekin harremanetan jarri nintzen. Taldearen parte izateko, ONCEko afiliatu egin behar izan nuen, beste tramite batzuen artean.
«Entrenatzaileak agintzen didan lana arrabolan egiten dut, edo etxe inguruko errepideetan, ondo ezagutzen baititut»
Zaila izan zen tandem batera egokitzea?
Nahiko erraza izan zela esango nizuke. Nire gidaria Fran Rus murtziarra da, eta hasieratik oso harreman ona egin genuen. Bizikleta gainean antzeko profila dugun txirrindulariak gara, eta horrek asko erraztu digu egokitzapena. Orain, entrenatzaileak agintzen didan lana arrabolan egiten dut, edo etxe inguruko errepideetan, ondo ezagutzen baititut. Horrez gain, tarteka Franekin ere biltzen naiz berarekin ere lan egiteko. Esaterako, Zuricheko [Suitza] Munduko Txapelketaren aurretik, Sierra Nevadako [Granada, Espainia] goi errendimenduko zentroan egin genuen kontzentrazioa.
Oso tarte laburrean emaitza bikainak lortu dituzu.
Bai, hala da. Nik bost urte neramatzan modu obsesibo batean afizionatu mailako lasterketak prestatzen, eta txirrindularitza egokitura igarotzeak beharrezkoa nuen lasaitasun hori eman dit nire onena eman ahal izateko. Dena nahi bezala ateratzen ari zait orain.
Paralinpiar Jokoetarako, ordea, ez zineten hautatuak izan.
Bai, pena bat izan zen. Nire ustez, tandem sortu berria ginelako ez gintuzten hautatu Parisen lehiatzeko, baina Zurichen bi domina lortu izanak demostratu zuen bikote lehiakorra garela. Jada 2028ra begira ari gara.
Txirrindularitza egokitura igarotzeak lagundu dizu zure gaixotasuna hobeto ulertzen eta barneratzen?
ONCEn sartu aurretik, ni gaizki ikusten nuen mutiko bat nintzen, besterik gabe. Jendeak ez zekien zehazki zenbat ikusten nuen. Ni horretaz jabetzen nintzen lagunekin nengoenean. Behin azterketa guztiak-eta egin zizkidatenean, legezko itsutasun bat nuela esan zidaten. Hori esan zidatenean konturatu nintzen ni itsua nintzela. Bizitza guztia neraman arazo horrekin, baina sekula ez zidaten hori esan. Gaixotasun horren aurka borrokan aritu naiz betidanik, baina orduan konturatu nintzen benetan nik ezin nuela ohiko txirrindularitzan bidea egin, edo, adibidez, ezin nintzela San Mamesera partida bat ikustera joan, nire lagunak joan daitezkeen moduan.
Bide hau lehenago hartu ez izanaren damua duzu?
Bai, egia esan, bai. Gaixotasuna gaixotasun, edozer gauza egiteko gai nintzela demostratu nahi nuen, baina pareta baten aurka ari nintzela jabetu nintzen.
«Txirrindularitza egokitura igarotzeak beharrezkoa nuen lasaitasuna eman dit, nire onena eman ahal izateko»
Kirol arlora itzulita, 2025ean profesional izateko aukera izango duzu, ezta?
Bai, lortu ditugun emaitza on horiei esker diru laguntza batzuk jaso ditugulako. Fisioterapia ikasketak eginak dauzkat, eta Osteopatia master bat egiten naiz Internet bidez, baina hurrengo urtea erabat tandemera bideratzeko zortea izango dut. Profesional izatea da helburua nagusia.
Zer erronka dituzu luze gabe?
Hiru lasterketako Munduko Kopa korritu nahi nuke, oraindik datarik ez badu ere. Hortik aurrera, Munduko Txapelketan ere lehiatu nahi nuke, eta, agian, pistan probatzea ere gustatuko litzaidake.
Zure egoeran egon daitekeen batentzat aholkurik baduzu?
Edonorentzat baliagarria izan daiteke aholku hau: arazoren bat baldin baduzu, hobe da hori jakinaraztea, eta laguntza bilatzea. Zenbat eta lehenago onartu eta barneratu, orduan eta azkarrago ailegatzen da konponbidea edo laguntza.