Daudenei eta ez daudenei begira

Hemezortzi urteren ondoren, Aimar Olaizola buruz buruko txapelketatik kanpo geratuko da lehen aldiz. Botilerorik gabe jokatuko den estreinako txapelketa ere izango da

Daudenei eta ez daudenei begira.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2019ko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Hutsune handi batekin hasiko da aurten Banakako Txapelketa: Aimar Olaizolarena. 2000n lehen aldiz aritu zenetik, urte batean bakarrik ez du parte hartu aurrelari goizuetarrak, 2001ean, eta hurrengo hemezortzi urteetan txapelketa nagusiko ezinbesteko izena izan da. Iaz txapeldunorde izan ostean, faboritoen kinieletan sartzeko aukerak zituen, baina otsailean Binakako Txapelketa utzi behar izan zuen, min hartuta. «Tokatuko litzaiokeen partida egunerako osatuta egongo litzateke, baina ez behar bezalako baldintzetan, eta ez aurkeztea erabaki du horregatik». Unai Iglesias Baiko Pilota enpresako arduradunak eman zuen hutsunearen zergatiaren berri, atzo egindako aurkezpenean. Olaizola II.a gabe, txapelketan parte hartuko duten gainerako hemezortzi pilotariak batu ziren Bilboko Guggenheim museoan egindako ekitaldian. Horietatik guztietatik txapeldun berria nor izango den heldu den ekainaren 2an jakingo da, Bilboko Bizkaia pilotalekuan jokatuko den finalean.

Olaizola II.aren hutsuneaz gain, bi berritasun dakartza buruz burukoak. Batetik, partidetan botilerorik ez da izango. Lau eta Erdiko Txapelketan kendu zituzten, baina enpresa ezberdinen arteko norgehiagoketan enpresako teknikariak jarri zituzten aholkuak ematen. Kasu honetan, aukera hori ere kendu du EPELek, eta, 12. eta 18. tantoetan hartu ahal diren atsedenaldi luzeetan, pilotariak aldageletara joanez gero soilik hitz egin ahalko luke teknikariarekin. Aukera hori pilotari beteranoen aldekoa izango ote den zalantzan jarri zuen Oinatz Bengoetxeak: «Garrantzitsua momentu bakoitzean norberak duen jokoa delako; hori da faktore nagusia».

Txapelketako beste berritasuna epaileen artean egongo da. Orain arte ez bezala, enpresek jarriko dituzte partidetako epaileak, eta ez, orain arte bezala, federazioak. Txapelketetan, enpresez besteko azken eragileak ziren epaileak, eta, orain, horiek ere eurek jarriko dituzte. Federazioko epaileekin zuten ituna igandean amaitu zen, eta bi aldeak ez dira ados jarri. Besteak beste, epaileen truke ordaintzen zen diru kopurua eguneratzeko eskatzen zuen pilota federazioak, zazpi urte baitaramatzate prezioak izoztuta. Ez dute akordioa lortu, eta enpresek euren epaile taldea osatu dute.

Faborito askoko txapelketa

Txapelketari dagokionez, faborito asko daudela nabarmendu zuten pilotariek. «Belaunaldi berri hau urteak dira etorri zela, eta, orain, egonkortzen ari da; sasoi onean daude». Bengoetxeak Jokin Altuna, Iker Irribarria, Joseba Ezkurdia eta Mikel Urrutikoetxea jo zituen faborito nagusitzat, baina horietako inork ez zuen bere burua hala ikusten. Altuna III.a egungo txapeldunak, esaterako: «Buruz burukoan, luze jokatzen duten pilotariak izan ohi dira faboritoak, pilotalekua gehiago aprobetxatzen dutelako; horiek besteekin alderatuta aldea daukate, baina ni nire armak erabiltzen saiatuko naiz».

Faboritoak izateak, ordea, ez du bermatzen aurrera egitea. Hala gertatu zen iazko txapelketan, faborito nagusiak lehen txandan erori baitziren, eta egungo taldeetako buruen izenetan hori agerian geratu da. Altuna III.a, Danel Elezkano II.a, Urrutikoetxea eta Ezkurdia izango dira lau multzoburuak. Olaizola II.ari final-laurdenetan egokituko litzaiokeen lekua beteko du Urrutikoetxeak, eta hark final-zortzirenetan izango zuena Erik Jakak. «Negu ona eduki dut, eta ondo entrenatu ahal izan dut; hala ere, buruz burukoa ordu batean jokatzen da, eta hor ikusiko da nola nagoen». Iaz egindako txapelketa onari jarraipena eman nahi dio horrela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.