Ramon Alkain. Euskadiko Arraun Federazioko presidentea

«Dauden araudiak bateratzeko aldatu dugu gurea»

Euskadiko Arraun Federazioaren batzarrak estropadetako araudia moldatzea onartu zuen herenegun, eta orain malguagoa da, adibidez, aurten Kontxan gertatua epaitzeko.

ARITZ LOIOLA / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
Aia
2018ko abenduaren 20a
00:00
Entzun
Apiriletik da Euskadiko Arraun Federazioko presidente Ramon Alkain (Aia, Gipuzkoa, 1965), eta bere nahietako bat gauzatu ahal izan du: estropadetako araudi zaharkitua berritzea.

Estropadetako araudia aldatzea onartu zuen herenegun batzarrak. Azaldu dezakezu zer den?

Iaz egin genuen aurreneko saiakera, baina batzarrak atzera bota zuen. Urte osoa eman du batzorde batek lanean, eta, azkenean, herenegun onartu zen.

Zein izango dira araudiaren aldaketaren ondorio praktikoak?

Aldaketen ondorioz, TKEren eta KAEren araudietan ondo dauden gauzak jasotzen ditu orain gureak, baita Espainiako federazioko araudian egokiak diren beste batzuk ere.

Zergatik bultzatu duzue araudi aldaketa hori?

Polemika ia guztiak traineruetan gertatzen dira. Azken urteetan, liga pribatuen sorreraren ondorioz, hango araudiekin lehiatzen dira taldeak liga horietan, baina beste batekin txapelketetan eta Kontxako Banderan, Euskadiko federazioarenarekin. Hor sortzen ziren iskanbilak, eta zergatik ez bateratu araudiak gai batzuetan? Azken batean, futboleko adibide batekin azalduta, penaltia penalti da Euskal Herrian eta Txinako mutur batean. Araudiak bateratzea izan da helburua.

Adibide zehatz batekin azalduta, aurtengo Kontxako Banderakoa gaur gertatuko balitz, Urdaibairi ezarriko zitzaion zigorra ez zen hain gogorra izango, araudian orain ligetako ñabardurak sartu direlako egoera horietarako.

Iazko batzarrean onartu izan balitz orain onartu dugun araudi aldaketa, egoera bestelakoa izango zen. TKEko araudiari segituz, «estorbada» izango zen Kontxakoa, eta hiru segundoko zigorra jasoko zuen Urdaibaik. Baina Euskadiko federazioko araudian [Kontxako Banderan erabiltzen dena] ez zegoen hori jasota herenegun arte.

Araudi onartu berria erabil daiteke oraintxe bertatik?

Ez. Prozedura bat dago, epeena. Eusko Jaurlaritzatik pasatu behar du araudiak, eta udaberrirako egongo da erabilgarri.

Iazko batzarrean oso klub gutxi izan ziren. Herenegun gehiago azaldu ziren?

Bai, eta harritu egin ninduen. Areto osoa bete zen. Batzarkide guztiak kontatuta, epaile, arraunlari, entrenatzaile eta elkarte, 41eko ordezkaritza osatzen dute. Herenegun, 23 ziren. Normalean, hamaika edo hamabi azaltzen ziren lehen. 30 klub daude, eta hamazazpi azaldu ziren herenegun.

Urdaibai joan zen?

Ez. Bitxia da, baina ez. Azken urteetan klub horrekin izan dira estropadetako iskanbilak araudiaren kontura, baina ez zen azaldu.

Aurtengo Kontxako Banderan gertatu zena itxita dago, ala bada helegiterik epaitegi arruntetan?

Urdaibaik esan zuen aurkeztuko zuela helegiteren bat epaitegian, baina guk ez dakigu ezer. Gainera, ez da Euskadiko federazioaren kontua, Kontxako Bandera Donostiako Udalak antolatzen baitu.

Araudi berriarekin, aurtengo Kontxan Zierbenak eta Urdaibaik izan zuten pala jotzearen antzeko zerbait beste modu batera epaituko litzateke, zigor arinagoekin. Batzuen ustez, zigorra txikitzeak arriskua dakar kirol legez kanpoko jarrerak hauspotzeko. Zer diozu?

Itsasoan dira estropadak, eta hori aldagai garrantzitsua da. Haizea alda daiteke une batetik bestera, patroiak traineruaren norabidea gal dezake, eta abar. Mila kasuistika daude. Nahiz eta araudia berritu, gauzak aldatzeko aukera irekita dago, gerta daitezkeelako egoerak araudian jasotzen ez direnak. Horixe egiten da, adibidez, TKEn. Gure asmoa ere bera da. Aldaketak egiteko proposamenak egin ahalko dira, eta batzarrak erabakiko du gero onartu edo ez. Ez dugu zertan hogei urte egon araudia berriz aldatzeko. Bizirik egon behar du araudiak, eta hori esan zaie klubei.

Euskal selekzioen ofizialtasunaren gaian, zertan da Arraun Federazioa?

Esana diogu Jon Redondori, Eusko Jaurlaritzako Kirol zuzendariari, aukera txikiren bat badago ofizial izateko jotzeko hortik. Baina araudia dagoen bezala, Espainiako federazioak esaten badu ezetz, ez dago beste aukerarik.

Ez du egin behar Arraun Federazioak futbolekoak egin duen gauza bera? Ofizialtasuna eskatu, alegia.

Horretarako, beste pauso batzuk eman behar ditugu lehendabizi. Ez dakit zenbat urtean hilda egon da euskal arraun selekzioa. Ez du parte hartu lehiaketetan. Guk berpiztea erabaki dugu, baina arraunlariak eta ontziak behar ditugu, eta lan horrekin hasi beharra dago. Gure nahia da datorren urtean aulki mugikorreko Ganteko [Flandria] nazioarteko estropadara joatea, apirilean. Autonomia erkidegoek ere parte har dezakete han.

Lan hori egiteko izendatu al dituzue Ainhoa Iñigez eta Gorka Etxeberria, selekzioa berpizteko?

Bai. Hasi dira, eta ea nola ateratzen den.

Zein da aulki mugikorraren egoera gurean?

Badabiltza hainbat klub Gipuzkoan eta Bizkaian. Lan polita egin daiteke.

Haur asko dabil arraunean, lehen baino gehiago. Alde horretatik, behintzat, osasuntsu dago arrauna, ezta?

Urtetik urtera gora egiten ari dira fitxa kopuruak. Neska eta mutil, antzeko kopuruak daude gazte mailara arte, baina, hor, behera egiten du neska kopuruak, erdira edo. Seniorretan, mutilen laurdena dira neskak.

Gizonezkoetan, baina, talde batzuk osatu ezinda dabiltza, edo nahiko justuan.

Talde txikiek lan zaila daukate, arraunlariek joera dutelako talde handietara joateko, baina arrauna ez da hilko.

Emakumezkoen traineruetan, Getaria-Tolosa erori egin zen, Zumaia ere bai, eta San Juan beste horrenbeste, hirurak punta-puntan zenbiltzanean. Zer gogoeta eragiten dizu?

Hiru kasuak antzekoak dira, eta hor badago zerbait zer den ez dakidana.

Apiriletik zaude federazioko presidente, 2020ra arte. Zer iritzi duzu egindakoaz?

Ia hutsetik hasi behar izan dugu gauza askotan, eta nekatu egiten du horrek.

Zein dituzu erronkak?

Bat araudiarena zen; bestea, selekzioena, eta martxan dira biak. Hauteskunde programan geneuzkan ia gehienak ari gara betetzen. Klubek ikusi dute beste dinamika bat dagoela federazioan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.