Datuek ezetz diote

Mikel Olaetxeak bosgarren partida irabazi nahi du jarraian. Kostako zaio, horretarako Aimar Olaizola hartu beharko baitu mendean. Goizuetakoak hiru urte daramatza lau t'erdiko txapelketan galdu gabe.

Aimar Olaizola eta Mikel Olaetxea, atzo, Atano III.a frontoian egindako pilota aukeraketan. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Julen Etxeberria.
2014ko urriaren 30a
00:00
Entzun
Txapelketa orotan egon ohi da ezustean nabarmendu ohi den pilotariren bat. Mikel Olaetxea da aurten lau t'erdikoan nabarmentzen ari dena. Lizartzako (Gipuzkoa) aurrelaria ustekabean sartu da final-laurdenetako ligaxkan, ustez lau t'erdian hura baino hobeto moldatzen diren pilotariei irabazi baitie: lehen kanporaketan, Stephan Lemunori (22-17); final-hamaseirenetan, Jon Jaunarenari (22-19); final-zortzirenetan, Abel Barriolari (22-18); eta final-laurdenetako ligaxkako lehen jardunaldian, Joseba Ezkurdiari (22-13).

Olaetxearen bolada ona, ordea, aurki eten daiteke; bihar gauean, hain justu. Asegarceko aurrelariak aurkari benetan indartsua izango du Donostiako Atano III.a pilotalekuan. Aimar Olaizolaren aurka jokatuko du, jarduneko txapeldunaren aurka, lau t'erdikoan inork baino txapel gehiago irabazi dituen pilotariaren aurka —zazpi ditu garaipen zerrendan—.

Olaizola II.a diziplina batean moldatzen bada, hori lau t'erdikoa da. Haren estatistikek beldurra ematen dute: 58 partida jokatu ditu, eta 47 irabazi. Hau da, jokatu dituen neurketen %80 pasatxo irabazi ditu. Astakeria da, lau t'erdikoan daraman garaipen boladaren parekoa: irabazi egin ditu jokatu dituen azken hamalau partidak. Hain zuzen, atzo bete ziren hiru urte azken partida galdu zuela. Juan Martinez de Irujoren aurka izan zen, Bilboko Bizkaia pilotalekuan, finalerdietako ligaxkako lehen partidan (22-20). Porrot horren gazia, hala ere, azkar gozatu zuen. Ligaxkako hurrengo bi partidak irabazi zituen —22-10 Yves Salaberri Xala-ri eta 22-18 Barriolari—, eta finalerako sailkatu zen. Han, odolkiak ordainetan eman zizkion Martinez de Irujori. 22-12 nagusitu zitzaion, eta bosgarren txapela irabazi.

Orduko bosgarren txapel horri beste bi gehitu dizkio, 2012aneta iaz irabazitakoak. Bide bera egin zuen bietan: final-laurdenetakoligaxkan ekin zion txapelketari, ligaxkako hiru partidak irabazi zituen, ondoren finalerdia, eta azkenik, finala. 2012ko ekitaldi hartan, Oinatz Bengoetxea (22-13), Iker Arretxe (22-13), Xala (22-6), Martinez de Irujo (22-18) eta Bengoetxea VI.a (22-9) makurrarazi zituen. Iaz, berriz, hauek galdu zuten haren aurka: Martinez de Irujo (22-13), Ezkurdia (22-18), Xala (22-16), Ekaitz Saralegi (22-18) eta berriz ere Martinez de Irujo (22-16). Aurtengo ekitaldian, berriz, Bengoetxea VI.aren borrero izana da (22-13).

Estatistikek diote azken hiru urteetan jokatu dituen partidetan aurkari izan dituenek batez beste hamalau tanto eskas lortu dituztela; hau da, batez beste zortzi tantoren aldeaz irabazi izan du. Alde handia da hori, haren nagusitasunaren parekoa. Hemezortzi izan dira arerio batek gehienez egin dizkion tantoak: Barriola, Martinez de Irujo, Ezkurdia eta Saralegi iritsi dira kopuru horretara. Inor ez da gai izan Olaizola II.a benetan estu hartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.