Atletismoa. Munduko Txapelketa. Adrian Valles. Pertika jauzilaria

«Datorren urtean Olinpiar Jokoetan egon nahi dut»

Larunbatean egingo du debuta Munduko Atletismo Txapelketan, Pekinen. Badaki balentria lortu duela, eta gozatu egin nahi du, finalean sartzea «ia ezinezkoa» duela uste baitu.

JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Jon Ander De la Hoz.
2015eko abuztuaren 19a
00:00
Entzun
Cincinattin (Ohio, AEB) bizi da Adrian Valles (Iruñea, 1995) pertika jauzilaria, ingeniaritza ikasteko bekaldi bat tarteko. Aste honetan, etxetik oraindik urrunago izango da, Pekingo Munduko Txapelketan parte hartuko baitu. Larunbatean jokatuko du sailkatze fasea, 11:40ean.

Maiatzean lortu zenuen Munduko Txapelketan sartzea. Espero al zenuen?

Inola ere ez. Banekien ondo ari nintzela entrenatzen, baina ez nuen espero 5,65 metroko jauzia egiterik, are gutxiago denboraldi hasieran 5,31ko saltoak egiten nituela jakinda.

Zein da zure helburua Munduko Txapelketarako?

Esperientziarekin gozatu nahi dut, eta halako egoeretara ohitzen joan. Aurtengoarekin, hasiera eman nahi diot goi mailako ibilbideari, eta, horretarako, beharrezkoa da jende onenarekin lehiatzen ikastea. Nire marketatik gertu ibili nahi dut, baina badakit ez dudala maiatzean neukan sasoia.

Denboraldi batean marka 34 zentimetroan hobetzeko sekretua zein da?

Progresiboki joan naiz hobetzen. Lehendabizi, 5,31 metrotik 5,47ra igo nintzen, eta gero, 5,65era. Faktore asko batu zaizkit bidean. Ez naiz lesionatu urte osoan, eta fisikoki asko hobetu naiz. Entrenamendu gogorrak egin ditut horretarako. Gainera, asko landu dut teknika, eta inoiz baino baliabide gehiago izan dut eskura AEBetan.

Zure entrenatzaile Francis Hernandezek beti esaten du zure indargunea teknika dela.

Izan liteke, bai. Hala ere, asko dut hobetzeko, bai teknikoki, baita beste gauza batzuetan ere. Francisek hala badio, kasu egin beharko diogu, berak ezagutzen bainau ondoen kirol arloan.

Ez da oso ohikoa 20 urte eskasekin marka hori jarri eta Munduko Txapelketan sartzea.

Egia da, eta oso pozik nago. Maila goreneko txapelketa da, eta asko geratzen dira kanpoan. Aitortzen dut txapelketa agian handiegi geratuko zaidala, baina itxura ona emateko asmoz lehiatuko naiz.

Asmo horrekin bakarrik zoaz Pekineraino?

Finala eskatzea gehitxo litzateke. Oinak lurrean ditut, eta badakit ia ezinezkoa dudala. Hori bai, kasualitatez sailkatzen banaiz, ez diot muzin egingo. Gainera, behin baino gehiagotan sailkatu dira finalerako 5,60 metroko saltoa egindakoak, eta hor inguruan ibiltzea espero dut. Ezin zaio ezeri aterik itxi, baina errealista naiz, eta finala ez da aurtengo helburu nagusia; gerorako utziko dut.

Rio de Janeiroko Olinpiar Jokoetara pasatuko zinateke 5,70 metroko saltoa eginda. Horren bila zoaz?

Ez noa horren bila, bai baitakit ez nagoela nire sasoirik onenean. Beste txapelketa batzuk prestatu ditut, eta sasoi onena igarota iritsiko naiz Pekinera. Ez zen nire planetan sartzen han lehiatzea, eta, horregatik, sari baten modukoa izan da. Datorren urtean Olinpiar Jokoetan egon nahi dut, eta hartara bideratuko dut datorren denboraldia. Aurten ez.

Nortzuk dira finalera sartzeko bidean dituzun aurkariak?

Guztiak. Markarik baxuena egiten duena nire antzeko dabil; atera kontuak.

Eta nortzuk dira txapelketa irabazteko faborito nagusiak?

Bospasei jauzilarien artean egongo da lehia. Taldetxo horretan daude Renaud Lavillenie frantziarra, Shawn Barber kanadarra, Thiago Brass brasildarra eta beste zenbait. Lavillenie dut faborito nagusitzat; 5,90 metroren inguruan ibiltzen da, eta oso ondo ari da azkenaldian. Gainontzekoak ere hor inguruan ibiliko dira.

Espainiako txapelduna zara Junior mailan; absolutuetan aukerak ikusten dituzu?

Bai. Bilakaera honekin jarraitzen badut, lortu dezakedala uste dut. Hemendik pare bat urtera lehen posturako lehian egotea gustatuko litzaidake, baina patxadaz hartu nahi dut.

Cincinattin bizi zara egun. Zer moduz doakizu han?

Ederki. Hasieran, kostatu zitzaidan hango bizimodura ohitzea; etxetik urrun egonda, inguruko jendearen hutsunea sumatzen nuen. Denborarekin, ohitu egin nintzen, eta ezin naiz kexatu: behar ditudan erraztasunak ematen dizkidate. Esaterako, bi asteko baimena eman didate Pekinera joan ahal izateko.

Nolakoa da zure egunerokoa?

Ez da beti berdina izaten, txapelketen eta helburuen arabera antolatuz joaten bainaiz. Abendura arte, ordu asko igarotzen nituen entrenatzen. Astelehen, asteazken eta ostiraletan, goizeko sei eta erdietan esnatzen nintzen, zazpietarako gimnasioan egon behar izaten bainuen. Han, ordubeteko saioa egiten nuen, indarra hartzeko. Gero, unibertsitatera joaten nintzen, eta bazkalostean berriz joaten nintzen entrenatzera, arratsaldeko bostak arte.

Emaitzak ikusita, mereziko zuen.

Noski. Batzuetan, gogorra egiten zitzaidan, batez ere lehiaketarik izaten ez nuen garaian. Behin lehiatzen hasitakoan, baina, dena aldatzen da, are gehiago emaitza onak lortzen badituzu.

Txapelketetako sariez gain, All American izendapena jaso zenuen. Zer da?

AEBetan oso garrantzitsua den sari bat da, sona handia duena. Unibertsitate mailako kirolari onenei ematen zaien garaikurra da, prestigio handikoa. Ohorea da niretzat horren jabe izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.