Ez zen edonor gizonezko hori: Juan Luis Mardaras, klubeko presidente izana urte luzetan. Bozketaren aurretik agintean zegoen kontseiluaren zalea, eta laguntzaile «nekaezina» Amaia Gorostizaren aldeko kanpainan, Gorostizak berak batzarreko itxaronaldi luze batean aitortu zuen bezala kazetarien aurrean. 800 bat akzio eraman zituen bozketara; denak, jakina, Gorostizaren eta haren zerrendaren aldekoak.
Mardaras da irudi horri indarra ematen dion bat: lehengo presidentea; kudeaketa Eibarren ia beti ezagutu izan den eran erabiltzekoa; sosak gastatu ordez gordetzearen aldekoa; gauzak modu batera egiteko moldea, azken batean. Gorostizaren alde egin izanak nolabait aditzera ematen du Mardarasek uste izan duela hautagaitza horretan daudela betiko Eibarren ezaugarriak. Irudiaren beste indarra 800 akzioena da. Asko dira. Kontuan eduki German Albistegi beste hautagaietako batek 5.141 akzio bereganatu zituela bozketan. Akzio kopururik handiena Gorostizaren aldera joan da, eta lan horretan bikain mugitu da hautagaitza osoa, akzio gehien dituztenak alde jarri dituztelako.
Batzarrera eraman zituzten 13.000 akzio delegatuk baino gehiagok garbi uzten dute esparru horretan egindako lana. Parte hartzea akzioen %50, 26koa izan zela kontuan izanda, batzarra hasi aurretik jakina zen Gorostizak irabazita zeuzkala hauteskundeak.
BATZARRA, LASAIA
Uste zenaren kontra, batzarra lasai joan zen. Zalaparta aurreikusten zen, kanpainan Albistegiren hautagaitzak eta Gorostizarenak elkarri esandakoak kontuan edukita. Gainera, prozeduran akats batzuk ere izan direnez bozka emateko modu batzuk azaldu edo bideratzerakoan, espero zen akziodunen batzuek hitza hartzea. Batek bakarrik eskatu zuen mikrofonoa, eta aktan jartzeko eskaria egin zuen, kontseilari bakoitza banaka aukeratzeko eskatuz; nola horrela egin behar zen, azkar amaitu zen eztabaida. Bozketa azkar egin zen gero, eta emaitza jakin artekoa joan zen luze.13 KONTSEILARIAK, BAT
Kontu jakina izan da Eibarreko administrazio kontseiluan istilu eta eztabaida asko egon direla azkeneko agintaldian. Alex Aranzabalek hasitako aginte epea ez da izan batere lasaia. Aranzabalek berak duela urtebete kargua utzi bazuen ere, egoera ez da asko baretu kontseilu barruan. Gauza askotan iritzi kontrajarriak izan dituzte kontseilariek. Bi alde zeuden: batetik, Gorostizaren ildoaren aldekoak, eta, bestetik, Albistegirenak. Gehiengoa aurrenekoek izanda ere, bizikidetza ez da erraza izan kudeaketari dagokionez, eta, besteak beste, egoera horrek guztiak eragin du hauteskundeak egotea; alegia, Gorostizak eta haren ildoak kontrako zerrenda bat edukitzea.Hauteskundeen ostean, zerrenda berekoak direnez kontseilari guztiak, urte hauetako tentsioa baretu egingo da. Alde horretatik, lasaitasuna itzuliko da administrazio kontseilura. Mardarasen agintalditik zetorren batasuna, bidean galdurikoa azken urteetan, berreskuratu egingo da. Alde horretatik, betiko Eibar izango da berriz Eibar hau.
EGITASMO IZARRIK EZ
Ohikoa izaten bada ere kanpainetan hautagaiek egitasmo handiak eta ikusgarriak proposatzea, Gorostizak ez du halakorik egin. Beharrik ere ez, bazekielako ondo asko berak eta bere zerrendakoek irabaziko zituztela hauteskundeak. Kontuak estuago ikusi izan balituzte, estutu beharko zuten burua akziodunak beren aldera eramateko.Hori gutxi ez, eta orain arte egindako bidean ere aurkitu dute behar besteko sendotasuna gauzak bere onetik ez ateratzeko. Hori izan du mezu indartsuenetako bat Gorostizaren kanpainak, eta orain arte egindakoa balekotzat jo dute akziodunek. Horretan ere bada betiko Eibarren moldera itzultzea hauteskunde ondoren datorrena: zarata handirik egin gabe, lanean segitu, pausoz pauso, eta nolabaiteko naturaltasunez.
LEHEN TALDEA, 1. MAILAN
Betiko Eibarren molde horretan bada, ordea, ñabardura garrantzitsu bat: lehen taldea Lehenengo Mailan dago. Kirol erronka handitu egiten du horrek, batetik, eta klubera dirua erruz sartzea ahalbidetzen du, bestetik. Diruarenak ez dauka misterio handirik, ondo kudeatzen jakitea da gakoa, eta nahiko garbi dago agintari hauek ez dutela burua galduko diru asko izanagatik ere.Kirol esparruak baldintzatuko du dena; agintaldi osoa, batere dudarik gabe. Gorostizak alde izan du emaitzetan lehen taldearen bolada ona, baina, gauzak zelaian okertzen hasten badira, Eibarreko zaleak ez dira bereziak izango: aginte gunera begiratuko dute. Gorostizak azkar batean galduko luke herenegun lorturiko babesaren zati bat.