Historia eta estatistika bat datoz. Buruz buruko txapelketak aspaldi utzi zion atzelarien lurralde izateari. Hamabi urte dira atzelari batek buruz buruko txapela irabazten ez duela, eta zazpi azkenekoa txapeldunorde izan zela. Ez da kasualitatea, urtez urte gero eta atzelari gutxiagok hartzen dutelako parte. Apurka desagertzen ari dira.
Buruz buru trebea den atzelariagaltzen ari den espezie bat da. Galtzea da aditza, eboluzio faltak kondenatu dituelako. Hala uste du, behintzat, Joxean Tolosak (Amezketa, Gipuzkoa, 1955). «Buruz buruko jokoak asko eboluzionatu du azken urteetan eta atzelariak ez dira egokitu. Airez jokatzen da orain, erritmo oso bizian, eta joko hori egiteko kapazak izan ezean, jai dute». Amezketako atzelaria 1989an izan zen txapeldun, eta, egun, ETBko emanaldietan laguntzen du.
Ruben Beloki (Burlata, Nafarroa, 1974) ere atzelari izan zen, eta lau aldiz buruz buruko txapeldun. Egun Asegarceko teknikari da, eta zintzo mintzo da. «Atzelariarena arazo izaten hasia da». Ez da gutxiagorako. Txapelen lehiaz haratago, bost urte baitira atzelari bat ez dela finalerdietarako ere sailkatzen. Azkenekoa 2010ean iritsi zen finalerdietara, eta Patxi Ruiz izan zen, dagoeneko erretiroa harturikoa. Harrezkero, asko jota, final-laurdenetara iritsi da atzelaririk onena, eta, larriagoa dena, 2012an final-zortzirenetan egon zen muga. Alegia, txapelketako zortzi pilotari onenak aurrelariak izan ziren.
Patxi Ruiz (Lizarra, Nafarroa, 1980) izan zen txapela jantzi zuen azken atzelaria, 2003an. Uztailean jokatu zen final hura, Aimar Olaizolaren aurkakoa. «Nik bi garaiak ezagutu nituen. Errandonea, Arretxe eta Belokirekin jokatzen hasi nintzen, botera, zazpitik, eta gerokoa, Irujo eta hauena. Aurrekoa askoz lasaiagoa zen, ez zeneukan beldurrik. Orain, berriz, ez duzu ezertarako denborarik».
Arazoa, baina, ez da finaletara murrizten, galtzea apurka baitoa. Kontu estatistikoa da, txapelketan parte hartzen duten atzelari kopuruan ikusten da. Azken hamabost urteetan harrigarria izan da murrizketa hori. Gero eta parte hartzaile gutxiago, gero eta sakrifikaturiko atzelari gehiago. 2000. urtean, esaterako, 24 pilotarik hartu zuten parte buruz burukoan, eta 16 atzelariak ziren (%66). Aurten, berriz, hamasei pilotarik jokatu dute, eta bost baino ez ziren atzelariak (%31,29). 2003a izan zen aurrelari baino atzelari gehiago egon zen azken urtea —20tik 11—, eta, 2009ra art,e erdiak edo ia erdiak atzelariak ziren. 2010ean txapelketa sistema aldatu, eta zortzi pilotarik hartu zutenparte bakarrik, eta bi atzelariak ziren. Hortik aurrera etorri zen benetako galbahea, 2011n eta 2012an, hamaseitik lauk bakarrik izan baitziren atzelariak (%25).
«Aurrelariek beren egin dute buruz buruko jokoa», dio Belokik. Estilo kontua da. «Aurrelariek atzelariaren bertuteei aurre egiteko baliabideak dituzte: airea. Nire garaian, airez sartzen bazinen alferra deitzen zizuten, ez zenuelako atzera egin nahi. Orain, berriz, denek egiten dute aurrera». Eta hori, aurrelarien lurraldea da. Ruizek ondo aletu du: «Ohitura kontua da. Aurrelariek urte osoan egiten dute joko hori;beraz, trebeagoak dira. Airez sartu, eta tarteak murrizten dituzte». Ruiz ondo moldatzen zen joko horretan, eta beste izen bat nabarmendu du: Abel Barriola. «Jada ez dago hiru modalitatean joka dezakeen atzelaririk. Abel eta biok izan ginen azkenekoak». Barriola 2001ean izan zen txapeldun, eta beste bi final jokatu zituen. Aurten, parte hartzeari uko egin dio.
22-9, 22-8, 22-4, 22-10...
Kopuruan eta kalitatean egin dute beherantz atzelariek. Aurten, oso deigarriak izan dira atzelariek galdu dituzten partidak: Altuna III.ak, esaterako, 22-9 irabazi zion Untoriari, eta 22-4 Zubietari; Jaunarenak, 22-10 Beroizi; eta Irujok 22-8 kanporatu zuen Rezusta. Tolosa zorrotza da bere analisian. «Parte hartu beharko ez luketen atzelari asko egon dira. Gure garaian, denetarik jokatzen genuen, eta gehiago, baina orain... Aurtengo emaitzak sake-errematearen eragina dira. Atzelariek bi aukera dituzte, edo hobeto errestatu, edo hori egiten ikasi». Behin eta berriz «eboluzio» hitza darabil. Eboluzionatzen ez duena desagertu egiten dela dio Darwinen teoriak; bada, dirudienez, pilotan behintzat airez jokatzen zuen.
Aurrelariak aipatzen dituzte,oro har, baina txapeldun ohiek izen-abizenak ere eman dituzte. «Irujo izan zen lehenbizikoa, eta gero, Oinatz, sotamanoarekin. Olaizola II.ari urte pare bat kosta zitzaion jokoa aldatzea, baina gaur egun hura da airez hobekien moldatzen dena», aztertu du Ruizek.Dena den,beste gako bat gehitu du: «Pilota biziegiak dira, eta joko hori errazten dute. Zailagoa da kolpearekin min egitea. Baina, tira, egungo aurrelariek ere kolpe handia dute». Baina hain onak dira? «Nire garaian, aurrelariek lehen koadrotik edo lehen koadro eta erditik errematatzen zuten; orain, berriz, lautik sartzen dira. Inoizko belaunaldi onena da; erretiroa hartzen dutenean, eurekin oroituko gara». Tolosak luzeago azaldu du. «Goian, bi fenomeno daude: Irujo eta Olaizola II.a. Gero, atzetik doazenak ere aurrelariak dira: Bengoetxea VI.a, Xala... Halako belaunaldirik... Baina, tira, etorkizuneko manomanistak ere aurrelariak dira: Urrutikoetxea, Ezkurdia... Asko gustatzen zait, buruz burukorako, Irribarria».
Aurrelari belaunaldi bikainarena, baina, aitzakia hutsa edo teoria oinarridun bat da? Arrazoietako bat izan daiteke, Bigarren Mailako txapelketan ez baitago halako desorekarik. Azken bi txapeldunak, Rezusta eta Untoria, atzelariak dira, eta, azken hamar urteetan, lau atzelari izan dira txapeldun, eta beste sei txapeldunorde. Hori bai, behin lehen mailakora pasatuta, ez dute egin bide luzerik, eta hainbat aurrelari Lehen Mailakoan hasi izan dira Bigarren Mailakotik pasatu ere egin gabe.
Etorkizuna? Antzekoa
Eta etorkizuna? Atzelariek berreskuratuko al dute euren tokia? Txapeldun ohiak ezkorrak dira. Beloki teknikaria da Asegarcen, eta ez du dramatizatu nahi: «Albisuk, Zabaletak, edo Rezustak gorako bidearekin jarraitzea espero dezagun, eta aurki goian ikustea». Tolosak, bere estiloan, argiago hitz egin du: «Ez dut horrelako atzelari konpletorik ikusten, buruz buru aritzeko adina maila tekniko duenik. Albisu, esaterako, atzelari handia da, baina gehiago binaka. Ez dut uste buruz buru txapelen lehian egongo denik». Ruiz ere iritzi berekoa da, «pilotak jaitsiko balituzte... agian»; baina,hala ere, zail ikusten du. «Zabaleta da gehien gustatzen zaidan egungo atzelaria. Kolpe berezi hori du, baina buruz buruko beste joko hori egiten ikasi behar du».
Darwin aurrelaria zen
Hamabi urte dira atzelari batek ez duela buruz buruko txapela janzten. Urteak pasatu hala, gero eta gutxiagok hartzen dute parte txapelketan, eta bide motzagoa egiten dute. Txapeldun ohiak bat datoz: aurrelariek inposatu duten aire jokora egokitu ezean, jai dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu