Dario Gomezek eta Unai Lasok gogotsu aukeratu dituzte gaur pilotak Labriten, larunbatean elkarren aurka jokatuko duten partidarako. Biek oso ondo egin dituzte etxeko lanak, biek irabazi baitute lehen neurketa buruz burukoaren final-laurdenetako ligaxkan: Dariok 22-17 hartu zuen mendean Jose Javier Zabaleta, eta Lasok 22-7 Jokin Altuna.
Biek dute aukera aproposa finalerdietarako sailkatzeko. Laso finalerdietan ariko da baldin eta Dariori irabazten badio, eta igandean, Eibarren (Gipuzkoa), Altuna III.a Zabaletari nagusitzen bazaio. Dario, berriz, finalerdietan egongo da baldin eta Lasori irabazten badio, eta Zabaleta Altuna III.ari gailentzen bazaio.
Aukera guztiek larunbatean irabaztea dute abiapuntu, eta horretan saiatuko dira. «Oso partida gogorra izango da, Dario oso ondo moldatzen baita buruz. Azken partidan oso gustura aritu nintzen, eta bete-betean ariko naiz», esan du Lasok. Nafarrak errioxarrak baino pilota biziagoak aukeratu ditu. Dariok argi du egitekoa: «Frontisetik urrun eduki behar dut».
Bestalde, ostegunean jarriko dituzte salgai finalerako sarrerak: ekainaren 2an da, Bilbon.