Egun biribila izan du Aspe enpresak buruz buruko txapelketari dagokionez. Joseba Ezkurdia lehiaketatik kanpo geratu zitzaion atzo, Iker Larrazabalen aurka tanto bakar baten aldearekin galdu ondoren, Azkoitian (Gipuzkoa). Dena den, gaur Aspeko bi pilotarik lortu dute final-laurdenetako ligaxkarako sailkatzea: Dario Gomezek eta Aitor Elordik. Eroso gailendu zaio Dario Jon Ander Peñari, Iruñeko Labriten: 22-11. Elordik askoz lan gehiago egin behar izan du Beñat Senar menderatzeko, Bilbon: 22-20. Jokoan gehiago izanda, 21-9 aurretik joan da bizkaitarra, baina tanto bakarraren aldea izan arte hurbildu zaio Senar. Azkenean, hortzak ederki estututa irabazi ondoren, zortzi onenen artean izango da Elordi ere.
Pilota gosea ase gabe hartu dute etxerako bidea Labriten bildu diren pilotazaleek, partida hotza ikusi baitute, emoziorik gabea. Dario atera da faborito partida hasieran, baina espero izatekoa zen Peña II.a lehiakorrago aritzea. Buruz buru jokatzeko zerbait gehiago behar dela sumatu zaio tolosarrari. Eskuinez pilota ezin luzatuta ibili da. Nabarmentzeko tantoa izan da 21-8koa, Dariok egin duena. Sake errestoan eskuin sotamanoz sartu, eta errebotean jarri du pilota. Pozik mintzatu da amaieran: «Oso urduri aritu naiz, eta zama galanta kendu dut irabazita. Orain beste filosofia batekin ariko naiz final-laurdenetan, gozatzea izango baitut xede». Zehazki, Larrazabal, Javi Zabala eta Jokin Altuna izango ditu multzokide ligaxkan.
Iruñean baino partida hobea eta gogorragoa ikusi ahal izan dute Bilbon bildu diren pilotazaleek. Elordik bikain jokatu du ia partida osoan, eta 21-9 joan da aurretik. Txapeldun izan zeneko irudia erakutsi du luzaro, baina Senar ezustea ematear izan da. Dena galduta ikusi duenean, kale edo bale jokatzeari ekin dio, eta ez du asko falta izan lehia iraultzeko. Hain zuzen, 21-20 gerturatu da markagailuan, eta eskura izan du partida berdintzeko aukera ere. Elordik sekulako lana egin du defentsan, ordea, eta, azkenean, uste baino gehiago sufrituta egin du 22. tantoa. «Gauzak asko korapilatu zaizkit azkenean. Lotu egin naiz, fisikoki ere behera egin dut apur bat, eta ez dut nahi ordurako irabazi. Zortzi onenen artean sartzea nuen helburua, eta aurrerantzean lasaiago jokatuko dut».
Final-laurdenetan, Elordik multzokide izango ditu Iñaki Artola, Unai Laso eta biharko irabazlea. Bihar Erik Jakak eta Peio Etxeberriak neurtuko dituzte indarrak, Tolosako Beotibarren (Gipuzkoa), 17:15ean (ETB1). Nafarra aterako da faborito, baina gipuzkoarra txapeldun izana da, eta espero da bete-beteko partida izatea.