EUSKAL HERRIKO ITZULIA

Daniel Felipe Martinezek irabazi du Zamudion

Ineos taldeko txirrindulari kolonbiarra izan da azkarrena esprintean. Pello Bilbao bosgarren izan da. Sailkapen nagusian, Primoz Roglic da lider oraindik ere.

Daniel Felipe Martinez, nagusi, gaur, Zamudion. ITZULIA
Julen Etxeberria.
2022ko apirilaren 7a
17:17
Entzun

Euskal Herriko Itzuliko txirrindularirik indartsuenak iritsi dira elkarrekin azken esprintera. Aldapan zegoen, eta Martinezek izan du pedal kolperik indartsuena. Oso gutxigatik hartu dio aurre Julian Alaphilliperi (Quick Step). Diego Ulissi (UAE) izan da hirugarren, Primoz Roglic liderra laugarren (Jumbo), eta Pello Bilbao (Bahrain) bosgarren. Sailkapen nagusian, Roglicek maillot horiari eutsi dio. Bost segundora du Remco Evenepoel (Quick Step), eta 11 segundora Martinez.

Gasteiztik abiatu eta gutxira osatu da eguneko ihesaldia. Hamalau txirrindularik egin dute aurrera. Sona handiko ziklistak zeuden tartean: Geraint Thomas (Ineos), Davide Formolo (UAE) eta Mauri Vansevenant (Quick Step), besteak beste. Baita bi euskal herritar ere: Mikel Iturria (Euskaltel-Euskadi) eta Oscar Rodriguez (Movistar). Cristian Rodriguez (Totan Energies) zen sailkapen nagusian ondoen zegoena, baina nahiko urrun, 2.12ra. Horregatik, tropelak aldea egiten utzi die. Hiru minutu eta erdi inguruko abantaila izan dute, eta, horri esker, Rodriguez lider izan da zenbait kilometrotan.

Baina tropela lanean hasi da, eta errenta kentzen hasi zaie. Hori ikusita, Tsgabu Grmayk (Bike Exchange) erasoa jo du Jatako gailurra igaro ondoren. Pixkanaka-pixkanaka, aldea handituz joan da: minutu baten abantaila lortu du. Baina Urruztimendi igotzen hasi eta gutxira harrapatu dute Thomasek, Ruben Guerreirok (Education First), Bruno Armirailek (Groupama) eta Victor Lafayk (Cofidis). Baita atzean utzi ere. Goian, ia bi minuturen abantaila zuten tropelarekin.

Beste hiru txirrindulari batu zaizkie gero: Iturria, Formolo eta Vansevenant. Ondo moldatu dira, eta atzean, tropelak lasai hartu du hasieran. Horren ondorioz, aldea handitu dute, ia hiru minutura, helmugarako 30 kilometroren faltan. Baina atzean erritmoa bizi dute, eta zuloa txikitzen hasi dira. Aurrean, berriz, erasoka hasi dira. Lafay geratu da bakarrik Gangurenen gora.

Quick Stepek soka tenkatu nahi izan du faboritoen tropelean: Alaphilippek jo du erasoa lehenbizi, eta Evenepoelek gero. Baina adi ibili dira Jumbokoak: Jonas Vingegaard aurrena, eta Roglic liderra ondoren. Hamar kilometro falta ziren, eta minutu baten aldea zuen Lafayk. Frantziarra saiatu da iristen, baina tropelak harrapatu egin du helmugarako kilometro bat falta zela. Esprinta izan da azkenean, eta Martinez nagusitu da.

Bihar bosgarren eta azken-aurreko etapa jokatuko dute: Zamudioko Parke Teknologikotik Mallabira. Txirrindulariek 163,8 kilometro egin beharko dituzte. Ibilbide oso gorabeheratsua da, bost mendate igoko baitituzte: Bigarren Mailako Paresi, Hirugarren Mailako Bedarona, Gontzagaraigana eta Trabakua, eta Bigarren Mailako Karabieta. Hirugarren Mailako gainak laburrak dira, baina gogorrak, %7ko pendizakoak. Karabieta ez da horren gogorra (%5,6), baina bai luzeagoa (6,7 kilometro). Gainera, tontorretik helmugara hamahiru kilometro besterik ez daude.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.