Bartzelonako Auzitegiak lau urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri zion Dani Alvesi, 2022ko abenduaren 31ko goizaldean 23 urteko neska bat bortxatzeagatik Bartzelonako Sutton diskotekako komunetan. Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak, baina, kondena ezeztatu eta absolbitu egin du futbol jokalari ohia, ebatzita ez dagoela sexu erasoa egin izanaren «frogarik», eta salatzailearen testigantza ez dela «fidagarria». Bartzelonako Auzitegiaren ebazpenak «hutsuneak eta kontraesanak» dituela ondorioztatu dute.
Alves hamalau hilabetez egon zen atxiloaldi prebentiboan, eta iazko martxoan atera zen espetxetik, behin-behinean, milioi bat euroko bermea ordainduta. 2023ko urtarrilaren 20an espetxeratu zuten, eta handik urtebetera argitu zen lau urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri ziotela. Eskatu baino laburragoa izan zen: fiskaltzak bederatzi urteko kartzela zigorra eskatu zuen Alvesentzat, eta erasoa jasan zuenak, berriz, hamabi urtekoa. Futbol jokalari ohiak 150.000 euro ordaindu zizkion neskari, kalte ordain moduan, eta horregatik arindu zioten zigorra. Alvesen defentsak, baina, helegitea jarri zuen, eta Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak absolbitu egin du azkenean. Erasoa salatutako neskak eta fiskaltzak ere aurkeztu zuten helegitea.
Auzitegiaren ebazpena erasoaren aurretik diskotekako kamerek grabatutako irudietan oinarritzen da. Alves eta neska elkarrekin dantzan eta trago bat hartzen ageri dira. Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak adierazi du Bartzelonako epaitegiak onartu zuela koherentzia falta zegoela emakumearen testigantzaren eta bideoko irudien artean, baina onargarritzat jo zuela neskaren gainerako deklarazio osoa, beste proba batzuekin kontrastatu gabe. Gaineratu du neskaren «baieztapen asko» ez direla «egiaztatu».
Biktima, «atsekabetuta eta triste»
Hain zuzen ere, Ester Garciak, bortxaketa salatu zuen emakumearen abokatuak, gogor gaitzetsi du epaia, aurretik grabatutako irudietan oinarritu delako. «Diskoteka batean dantzan egon delako emakume bat zalantzan jarri dute, eta ez dut uste XXI. mendean eztabaida hori eduki behar genukeenik». Bere irudiko, irudi horiek ilunak dira eta urrundik grabatu dira; hortaz, haiek ikusita, ezin daiteke ondorioztatu beldurra zuenik bainugelara sartu aurretik. «Zenbatetan ez duzue segurtasun falta sentitu eta hori ez duzue zuzenean adierazi?» zuzendu zaie bertan ziren kazetari emakumeei.
Garciak adierazi du biktima «atsekabetuta eta triste» dagoela, bortxaketa gertatu zeneko Sutton diskotekako «bainugela hartara itzuli dela sentitu baitu». Garciak deitoratu du epaia horren ondorioz indarkeria matxistaren aurkako borrokan atzera egin dela «juridikoki eta sozialki», sexu erasoak ez salatzera bultzatu ditzakeelako makina bat emakume. Dena den, abokatuak iragarri du helegitea jarriko duela Kataluniako Auzitegi Nagusiaren erabakiaren kontra. Gaineratu du bere lehentasuna dela bere bezeroa «emozionalki leheneratzea».