Danel Elezkanok printzipio batzuk dauzka kantxetan, pilotan jokatzeko moduari dagokionez.Pilotariak berak onartu zuen atzo, Binakako Txapelketan bosgarren aldiz 22ra heldu eta gero: «Printzipio batzuk dauzkat pilotan aritzeko jokatzeko moduari dagokionez, eta lotsa ematen badit ere esatea bost partida irabazi ondoren, esan egingo dut gaur [atzo] arte ez naizela nire printzipio horiekin aritu». Segituan eman zuen azalpena, aurrez esandakoa osatze aldera, eta ederki uztartzen dira hitz horiek lehentxeago partidan egin zuen jokoarekin.
Danelek atzo erabaki zuen Danel izatea. Berezkoa. Jatorrizkoa. «Jokoan gehiago sartu naiz aurreko bost partidetan baino. Horietan, Zabaletari utzi nion lanaren zati gehiena», esan zuen gero. Ondorioa, garden askoa: hamabost tanto egin zituen aurrelariak, azkeneko bostak elkarren segidan, eta 16-17kotik 16-22ra joan ziren urdinak Urrutikoetxea eta Imazen aurka. Bastidako pilotalekuan, dantzaren erritmoa Zaratamoko aurrelariak ipini zuen, eta txistua jo ere bai. Hasieran eta bukaeran azaldu zen, bereak eta bi egiteko.
Partidari ekin orduko, 3-8 aurreratu zen Zabaletarekin batera, eta datua izugarria da: zortzi tantoak Elezkanok egin zituen. Deabru ibili zen aurreko koadroetan, azti eta sorgin, bihurrikeriak bata bestearen atzetik eginez. Imazek ez zionez airez sartzeko aukerarik kentzen, pagotxa izan zen Zaratamokoarentzat. Ez zuen bat bera ere alferrik galdu.
Urdinen kolorea are nabarmenago hartuta ere ibili zen partida. Izan ere, 5-13 ere aurreratu ziren. Ezinean zebiltzan gorriak. Gaizki ez. Tanto guztiak ondo lehiatzen ari ziren, baina beti urdinen aldera joaten zitzaizkien. Ez zuten etsi, ordea, eta lan ona fruitua ematen hasi zitzaien.
Lan on horri etekina ateratzeari ekin zioten markagailuan. Urrutikoetxea asmatzen hasi zen aurreko koadroetan, eta Imaz pilota arrimatzen. Zazpi tanto segidan eginez, 12-13 gerturatu ziren; baita 15na berdindu eta 16-15 aurretik jarri ere. 3-2koaz geroztik, lehen aldia zen aurretik ipintzen zirela.
Elezkanok eta pilota astunago batek eten zien, ordea, bolada bikaina. Gorriek ez zuten tanto gehiago egin partida amaitu artean, eta bi punturekin geratu dira sailkapenean. Urdinek, bostekin, lehen postuari heldu diote, jardunaldia gaur eta bihar osatu bitartean
Goiko eta beheko bi partida
Asteburuko partida sorta herenegun gauean hasi zen, eta Ezkurdiak eta Galarzak hamar tantoan utzi zituzten Olaizola II.a eta Rezusta, Azkoitian. Hirugarren garaipena eskuratu zuten horrenbestez. Gaurkoari dagokionez, gora begirako norgehiagoka daukate Eibarren Altuna III.a-Mariezkurrena eta Peña II.a-Albisu bikoteek. Bigarren eta laugarren daude, hurrenez hurren.
Bihar, Zeanurin, beste muturrean diren bi bikote ariko dira: Jaka eta Martija —garaipen batekin daude—, eta Bengoetxea VI.a-Aranguren; alerik irabazi gabe daude bi horiek.
Danelen printzipioak
Elezkano II.ak eta Zabaletak bosgarren puntua eskuratu dute Binakako Txapelketan, Urrutikoetxeari eta Imazi 16-22 irabazi eta gero, Bastidan

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu