Pilota

Danel Elezkanok erretiroa hartu du

Azken urteetan izandako osasun arazoak direla-eta, gorputzak «aski da» esan dio Zaratamoko aurrelariari. Bi aldiz izan da txapeldun binakakoan. Beñat Rezustarekin 2019an, eta Jose Javier Zabaletarekin 2021ean.

Danel Elezkano 2023ko binakako txapelketako partida batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Danel Elezkano, 2023ko binakako txapelketako partida batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Beñat Mujika Telleria.
2024ko urriaren 16a
09:15
Entzun

Danel Elezkanok (Zaratamo, Bizkaia, 1994) agur esan dio pilotari. Hala iragarri du aurrelariak berak sare sozialetan. Aspeko aurrelariak osasun arazo ugari izan ditu azken urtean, eta «okerrera» egin dutela adierazi du: «Gorputzak oihuz esan dit nahikoa dela». Zaratamoko aurrelariak 2012ko abuztuan egin zuen debuta profesionaletan, eta hamabi urteko ibilbidean bikoteka lortu ditu emaitzarik onenak. Bi aldiz izan da txapeldun binakako txapelketan: 2019an Beñat Rezustarekin, eta 2021ean Jose Javier Zabaletarekin. Aurrez, 2018an, txapeldunorde izan zen, Rezustarekin batera.

«Zuengana jotzen dut malkoak darizkidala, pilota utzi behar dudala jakinarazteko, osasunak behartuta. Ezin izango dut gehiago jokatu, ez profesionaletan, ez beste era batera». Hala adierazi du Elezkanok pilota utzi beharrean dagoela. Zaratamoko aurrelariak agur garratza izango du; ezin jokatu ibili da azken urte luzean, eta medikuek pilota uztea aholkatu diotela adierazi du agur mezuan: «Azken urte luze hau infernua izan da niretzat. Izugarri sufritu dut. Medikuz mediku eman ditut hilabeteak, gorputzean ditudan hainbat lesio eta gaitzengatik, eta nik neuk nahiko nukeen irtenbidea aurkitu ezinik».

Lesioak izan dira Zaratamokoaren oztopo. Izan ere, lesioek «txarrera» egin dutela adierazi du aurrelariak: «Kirolean ez ezik, eguneroko bizitzan ere eragiten didate». Denbora zeraman bizkarra kargatzen zitzaiola, eta fisioterapeutarengana joaten zen, beste askotan egin bezala. Baina arazo fisikoak ez ziren desagertzen, eta minek gero eta gehiago mugatzen zuten makurtzeko orduan. Ondoren etorri ziren besoko minak, eta espezialistengana joatea erabaki zuen. Azkenerako, brakialgia diagnostikatu zioten eskuin besoan, eta horrez gain, bizkarreko mina ere bazeukan. Hiru hilabete eman zituen zuriz jantzi gabe, 2023ko abendu amaieratik 2024ko apiril erdialdera arte. Eibarko (Gipuzkoa) Astelena pilotalekuan itzuli zen. Iñigo Bikuñarekin batera jokatu zuen, Peio Etxeberriaren eta Arkaitz Gabirondoren aurka.

Lesio horrek berak erakarritako minek urrundu dute kantxatik Elezkano. «Medikuen aurreikuspenak bete egin dira, eta diagnostikoa argia da. Espezialista onenak bisitatu ditut, eta denek ohartarazi didate partida bakar bat gehiago jokatzeko ahalegina arrisku handiegia dela nire osasunarentzat. Horrek nire bizitzako erabakirik zailenetako bat hartzea erraztu du», adierazi du agur mezuan.

Txapeldun birritan

Hamabi urte eman ditu Elezkano II.ak profesionaletan, eta binakakoan lortu ditu emaitzarik onenak. 2018an txapeldunorde izan zen Rezustarekin batera. Joseba Ezkurdiak eta Zabaletak 22-9 irabazi zieten final handian. Hala ere, hurrengo urtean atera zuten arantza Zaratamokoak eta Bergarakoak. Bigarren urtez jarraian bikotea osatu zuten, eta txapela janztea lortu. Orduan ere Zabaleta izan zuten aurrean, Iker Irribarriarekin batera. Handik bi urtera loria errepikatzea lortu zuen Zaratamokoak; Zabaletarekin osatu zuen bikotea, eta Jon Ander Peña eta Jon Ander Albisu garaitu zituzten (22-7).

ESKUZ BINAKAKO TXAPELKETA
Elezkano II.a eta Rezusta, 2019an, txapeldun izan zirenean. MONIKA DEL VALLE / FOKU

Aurrelaria ederki ezagutzen du Jokin Etxaniz Aspeko teknikariak. 2016an fitxatu zuen Aspek Elezkano, eta «pena handiz» jaso du albistea gaur egun teknikari den Etxanizek: «Bagenekien gaizki zegoela, baina bolada txarretik irteten saiatzen ari zen. Azkenean erabaki hori hartu behar izan du. Hala ere, ibilbide ona eta polita egin du, eta plazera izan da Danelekin lan egitea».

Buruz buru bi txapel irabazi ditu, baina buruz burukoan bizpahiru aldiz finalerdietan aritu dela ere azpimarratu du Etxanizek. «Pilotari oso langilea izan da, baina baita trebea ere. Aurreko koadroetan gaitasuna zeukan tantoa azkar eta ondo amaitzeko. Tantoa lantzeko ez zeukan beste batzuek izan dezaketen gaitasunik, baina defentsan lan handia egiten zuen, eta atzelariari boleaz laguntzeko gai zen», gaineratu du.

Eskuin besoan zeukan arazo fisikoari dagokionez –ezkerrekoa baino motzagoa dauka–, Etxanizek dio ez dela eragozpen bat izan: «Zabalean sufritu bazezakeen ere, eskuina ondo erabiltzen jakin zuen boleaz eta botera motzean. Baina ezkerra oso landua zeukan, eta horrela lortzen zuen konpentsatzea. Lan handia egin zuen».

Aspeko aurrelariak ez du amestutako agurrik izango: «Burugogorkeria lagun, bueltatzen saiatu naiz, baina ezin izan dut aurrera egin. Kantxan beste era batera agurtzea gustatuko litzaidake, baina ez da posible izango». Hala ere, halako agur baten beharrik ez daukala nabarmendu nahi izan du agur mezuan: «Azken urteetan pilotalekuan jaso dudan maitasuna nahikoa eta sobera da niretzat. Saiatu naiz maitasun hori barnean dudan guztiarekin itzultzen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.