Dallas Mavericks taldeak lortu du ametsa betetzea eta denboraldi honetan NBAko txapeldun da. Bart 105-95 irabazi dio Miamiko Heat taldeari finaleko seigarren partidan, eta kanporaketan 4-2 gailendu da. Dallasek irabazten duen lehen finala da, 2006an txapeldunorde geratu ostean. Dirk Nowitzki alemaniarra izendatu dute finaletako jokalari onena.
Bart jokatu den partidan Jason Terryk 27 tanto egin ditu, eta lan bikaina egin zuen Mavericksen erasoko jokoa antolatzen. Berarekin batera Dirk Nowitzki alemaniarrak eta Jose Juan Barea puertoricarrak eraman dute Mavericks txapeldun izatera. Laugarren partidan kanporaketa 2-1 galtzen ari zirela hiruko horretan oinarritu zen Rick Carliste entrenatzailea eta emaitza ezin hobea eman dio.
Miami Heat 95 (27+24+21+23): Wade (17), Chalmers (18), Anthony, Bosh (19), James (21) -hasierako bostekoa, Howard, House (9), Miller eta Haslem (11).
Dallas Mavericks 105(32+21+28+24): Kidd (9), Barea (15), Chandler (5), Marion (12), Nowitzki (21) -hasierako bostekoa-, Terry (27), Cardinal (3), Stevenson (9) eta Mahinmi (4).