Dakarren gogoa, han zangoa

Saudi Arabian jokatu berri dute Dakar rallya, eta han izan da, estreinakoz, Irene Caminos. TH-Trucks taldearekin sare sozialetako edukiak sortzen aritu da. Esperientzia «ikaragarria» iruditu zaio.

Irene Caminos, Dakarren. BERRIA
Irene Caminos, Dakarren. BERRIA
Jone Bastida Alzuru.
2025eko urtarrilaren 30a
05:00
Entzun

Anbiziotsua da Irene Caminos (Tolosa, Gipuzkoa, 1998), eta saiatua ilusioa pizten dion horretan. Bi gurpilen gainean egin zen ezagun: trial txirrindularitzan. Baina iaz bizikleta garajean gorde, eta beste proiektu bati eutsi dio bete-betean: rallyei. Orain urte batzuk egin zituen lehen urratsak, bi helburu edo «amets» buruan: bata, Dakarrera joatea, eta bestea, Dakarra emakumez osatutako kamioi tripulazio batekin korritzea. Lehenengoa bete du, eta ari da bigarrenarekin lanean.

Hain zuzen, Saudi Arabiatik iritsi berri da Caminos. Han jokatu dute Dakar rallya, urtarrilaren 3tik 17ra. Burgosko (Espainia) TH-Trucks taldean aritu da, sare sozialetako edukia sortzen. Intentsitate handiko egunak izan dituztela kontatu du, eta oraindik lur hartzen ari dela aitortu. Pozik dago, ordea. Emozioa nabaritzen zaio hitz egiterakoan: «Ikaragarria izan da. Banekien gustatuko zitzaidala, baina ez nuen pentsatzen hainbestekoa izango zenik. Beste mundu bat da».

Istorio eta bizipen asko zituen aurrez entzunak: haren aitak Afrikako azken hiru Dakarrak korritu zituen, eta maiz hitz egin die etxean horren inguruan. Hortaz, bazuen berak ere lasterketa bertatik bertara bizitzeko gogoa. TH-Trucks taldearekin sortu zitzaion, azkenean, aukera: «Aspalditik ezagutzen nituen. Elkarrekin bazkaltzera joan ginen batean, esan zidaten joateko haiekin lasterketa barrutik ezagutzera. Pentsatu nuen aprobetxatu nezakeela bideoak-eta grabatu eta erakusteko telebistan ikusten ez den hori. Inguruan esaten nuenean Dakarrera nindoala, zera galdetzen zidaten: 'Eta kotxeak nola iristen dira haraino?'. Galdera mordoa zituzten». Kuriositatez, galdera bera egin dio kazetariak ere, eta hala erantzun dio Caminosek: «Hilabete bat lehenago bidaltzen dituzte. Bartzelonatik ateratzen dira ferryan, eta Arabiaraino eramaten dituzte».

Dena muntatu eta prest izateko, lasterketa hasi baino egun batzuk lehenago joan zen hara tolosarra, urte amaieran. Harri eta zur geratu zen: «Hasteko, bibaka, kanpamentua, herri bat bezalakoa da, oso-oso handia. Antolakuntzan ere jende pila bat dabil...».

TH-Trucks taldearen 25 ibilgailu lehiatu dira aurten Dakarren: hamalau klasiko, lau buggie eta zazpi kamioi. Baina gehiago joan dira hara: guztira, 45 —horien artean, asistentzia kamioiak, trailerrak, logistikarako eta prentsarako autoak...—. Lantaldean, berriz, ehun lagunetik gora aritu dira. 

Hilaren 3tik 17ra, hamabi etapa korritu dituzte, eta, tartean, milaka kilometro egin. Izan ere, zenbait etapa toki berean hasi eta bukatu dira, baina ez guztiak: «Kanpamentu berean geratzen baginen, dena txukuntzen edo ondo jartzen aritzen ginen. Bestela, dena desmuntatu, eta 300-500 kilometro egiten genituen hurrengo bibakera. Gurea autokarabana zen, eta inork ez zuen behar, baina kamioiek-eta pilotuak baino lehenago iritsi behar zuten, dena prest izateko».

«Bibaka, kanpamentua, herri bat bezalakoa da, oso-oso handia»

Irene CaminosPilotua

Bizitakoarekin ez ezik, emaitzarekin ere gustura dago: «Buggie batek eta kamioi batek lasterketa utzi behar izan zuten. Buggie bat irauli egin zen, eta min hartu zuten. Eta kamioiaren kasuan, matxura mekaniko bat tarteko utzi zuten. Baina gainerakoak, oso ondo. Italiar batek bosgarren amaitu zuen, eta beste guztiek finisher izatea lortu dute». Ez da gutxi, hainbat izan baitira bukatu ez dutenak: «Lehenengo astean, ia guztiak etxera joan ziren. Esan zutenez, aurtengoa zailenetakoa izan da. Askok utzi behar izan dute lasterketa, baita puntakoek ere: Carlos Sainz, Laia Sanz...».

Azken egunetan, gainera, dunetan ibili dira; asko zailtzen du horrek lasterketa: «Erraza da iraultzea, istripu bat izatea. Zortez, ez da ezer larririk gertatu. Gauak harrapatzen bazaitu, gainera, dunak arriskutsuak dira. Eta irauliz gero, buelta ematea zaila da, ze kamioi asko ja pasatu dira». Lasterkarien atzetik joaten dira, hain zuzen, kamioiak, basamortuan auto bati zerbait gertatzen bazaio, artatzeko. 

Gertatu zitzaien halakorik: «Gurean, irauli zirenak ia gauez irauli ziren, eta kamioak oso atzean zeuden: ez ziren iristen haiengana buelta ematera. Lotan geratu behar izan zuten basamortu erdian. Hotz handia pasatu zuten. Goizean joan ziren haiengana».

Pausoz pauso

Behin Dakarra ezagututa, hurrengo urratsa egin nahi du: emakumez osaturiko kamioi tripulazio batean lehiatu. Gidabaimena badu, eta ari da proiektuarekin lanean: «Ez da erraza, baina saiatuko gara. Pixkanaka hasi gara pausoak ematen». 

Aurrekontua da oztopoetako bat: «Babesleak lortu behar dira, eta ez da samurra». Eta beste bat, entrenatu eta abian jartzea: «Zuzenean ezin duzu Dakarra egin; aurretik proba batzuk egin behar dituzu. Tripulazio aldetik hitz eginda daukagu, baina gero martxan jarri behar da kamioia, entrenatzen hasi... Gainera, Dakar batera joateko duna asko egin behar dituzu, eta hemen ezinezkoa da. Saharako basamortura joaten dira asko, Merzouga aldera».

«Susana da joan naizen taldeko zuzendaria, eta esango nuke emakume zuzendari bakarra dela»

Irene CaminosPilotua

Emakumeen presentziaz galdetuta, espero baino gehiagorekin egin duela topo esan du, baina aitortu du desberdintasun handia dagoela: «Mutil pila bat daude, eta neskak pilotatzen gutxi, oso gutxi. Susana da joan naizen taldeko zuzendaria, eta esango nuke emakume zuzendari bakarra dela».

Ez da geldirik egotekoa Caminos, eta, rallyez gain, baditu beste proiektu batzuk ere esku artean. Tartean, trial txirrindularitzako eskolak ematen segitzen du Tolosan, eta suhiltzaile izateko oposizioak prestatzen ere ari da. Gustuko duen horretan bidea egiten segitu nahi du.

Irene Caminos. BERRIA
Irene Caminos. BERRIA
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.