Bi ontzi historiko goi mailara itzuliko dira datorren urtean. Erreka eta Telmo Deun traineruen helburu nagusia Eusko Label ligara eta Euskotren ligara igotzea zen denboraldi hasieran, eta asteburuan bete zuten ametsa. Amane Jimenez Zumaiako patroia (Azpeitia, Gipuzkoa, 2004), eta Iker Larre San Juaneko patroia (Errenteria, Gipuzkoa, 2005) lehen aldiz arituko dira gorenean.
«Azaroan entrenatzen hasi ginenetik gure helburu nagusia zen Euskotren ligara igotzea, eta lortu dugu. Zumaiarentzat, herri bezala, uste dut poz handia dela etxeko trainerua goi mailan ikustea», adierazi du Jimenezek. Larre ere asebeterik dago erronka gaindituta. «11 hilabete luze izan dira, eta igoera lortzeak lasaitasun handia ematen du. Hainbeste urteren ondoren berriro goi mailan aritzea pozgarria da denontzat».
«11 hilabete luze izan dira, eta igoera lortzeak lasaitasun handia ematen du. Hainbeste urteren ondoren berriro goi mailan aritzea poztasun handia izango da denontzat»
IKER LARRESan Juaneko patroia
Zumaiak bigarren urtea zuen jarraian kanporaketetan, baina aurten esperantza handiagoa zuten igotzeko, Jimenezen hitzetan. «Kanporaketa desberdina izan da, aurreko urtean Hibaika ligako seigarrena izan baitzen, eta oso zaila baitzen igoera lortzea. Aurreko urteko esperientzia ere lagungarri izan zaigu aurtengo kanporaketetan, eta ezin genion igotzeko aukerari ihes egiten utzi».
San Juan, berriz, kanporaketarik jokatu gabe zegoen 2018. urtean jaitsi zenetik. Hori ez da oztopo izan, ordea, Larrek berretsi duenez. «Denboraldi osoan entrenatu gara kanporaketa horiek buruan izanda, eta azkenean lan hori emaitzetan islatzea lortu dugu. Argi genuen igotzeko gai izango ginela».
Bi ontziek sasoi paregabea osatu dute, eta ez dira kikildu goi mailako ontzien aurka aritu direnean. Zumaiak gertu izan zuen Kontxarako sailkatzea. «Denboraldiaurrean ez genekien traineruaren benetako maila zein izango zen, baina Gipuzkoako txapelketan ikusi genuen ahalmen handiko taldea ginela. Hondarribiaren edo Hibaikaren pare aritzeak indarra eman zigun liga bete-betean hasteko. Kontxan ere erakutsi dugu Euskotren ligako ontzien tartean sartzeko gai garela, eta bigarren mailako traineruak kontuan hartu behar direla».
San Juanek ere ez zuen lortu Kontxarako sailkatzea, baina ekaineko txapelketetan oso ondo aritu zen. «Txapelketa horiek ongi baliatu genituen, eta geure burua talde onenen pare jarri nahi izan genuen. Haiekin borrokatzeko gai izan garela erakutsi dugu, eta espero dut hurrengo denboraldian ere horrela aritzea».
«Egun txarrak izan ditugunean, gai izan gara zulotik segituan ateratzeko. Heldutasun hori asko nabaritu dut aurten»
AMANE JIMENEZZumaiako patroia
Denboraldi osoan gorabeheraren bat edukitzea normala da arraunean, baina aurten Zumaiak izan duen egonkortasuna azpimarratu du Jimenezek. «Egun txarrak izan ditugunean, gai izan gara zulotik segituan ateratzeko. Kontxan oso gertu izan genuen sailkapena, baina ez ginen erori, eta hurrengo bi asteetan dena eman genuen kanporaketak prestatzeko. Heldutasun hori asko nabaritu dut aurten».
San Juanen ere garrantzi handia eman diote erregularrak izateari, eta, Larreren hitzetan, hori izan da urteko gakoetako bat. «Joseba Fernandezen eskua nabaritu da. Esperientzia handia dauka taldeak kudeatzen, eta kanporaketetan asko nabaritu da. Gure gainean egon da denboraldi osoan, eta denoi lagundu digu honaino iristeko».
Bi proiektu trinko
Esperientzia gutxi dute goi mailan bi taldeetako arraunlariek, baina gaztetasunak eta azken urteetako boladak argi erakusten dute finkatutako bi proiektu direla. «Beste bi gazte igo dira aurten, eta orokorrean talde gaztea gara. Lanean jarraitu behar dugu, azken urteetako joerarekin. Ahalik eta jende gehien mantentzen badugu, uste dut proiektua badagoela Zumaian», berretsi du Jimenezek. San Juanen ere talde gazte eta zabal bat dago, Larreren arabera «mantendu beharrekoa». Proiektu «oso polita» dutela berretsi du. «Zumaian ere aritu dira batzuk, utzita, eta harrobitik datorrenak ere itxura ederra dauka».
Bi taldeen helburu nagusia izango da aurtengo blokeari eustea. Jimenezek nabarmendu du «ezinbestekoa» izango dela hori. «Gurekin aurreko urteetan izan direnak ere itzultzeko intentzioa badute, gu prest gaude jende hori hartzeko. Oso garrantzitsua izango da segida izatea, gure maila onenetik ahalik eta gertuen egoteko». San Juanekoek ez dute denborarik galduko fitxaketak egiten, entrenatzaileak iragarri duen moduan. Larrek ere konfiantza osoa du aurtengo taldean. «Garrantzitsuena taldeko bizkarrezurra mantentzea da, eta zerbait faltatuz gero harrobikoekin osatzea».