Dabilen harriak goroldiorik ez

Movistarren azkenaldiko hobekuntza «gauza askoren batuketa» da, Xabier Muriel errendimendu zuzendariak azaldu duenez. Aldaketa sakonak egon dira lan egiteko eran, eta gazteek haize berriak ekarri dituzte: «Hobetu egin dute taldearen batez besteko maila».

Movistarren gizonezkoen taldea, Valentziako itzuliko lehen etapan. MOVISTAR
Movistarren gizonezkoen taldea, Valentziako itzuliko lehen etapan. MOVISTAR
enaut agirrebengoa
2025eko martxoaren 12a
05:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Tropel profesionalean urte gehien daraman taldea da Movistar. 1980an sortu zen, eta, geroztik, txapeldun askok jantzi dute bere maillota. Munta handiko garaipenak lortu ditu liderrei esker, eta modu kolektiboan ere nabarmendu da; World Tourreko talderik onena izan zen duela hamarkada bat. Ondo doana ez aldatzea omen da onena, eta printzipio horri luzaro eutsi zion Movistarrek. Txirrindularitzak, ordea, bilakaera handia izan du azken urteetan, eta goroldioa itsasten hasia zitzaion Nafarroako taldeari. Patxi Vilak funtzionamendua gaurkotzeko saiakera egin zuen, errendimendu arduradun gisa, 2019 eta 2023 bitartean. Bada, hark hasitako prozesua «azkartu» egin du Xabier Murielek (Zaldibia, Gipuzkoa, 1981). «Patxi harri handi hau mugitzen hasi zen, eta guk abiada eman diogu, zuzendariek hala erabakita. Patxik baino erraztasun handiagoak izan ditugu».

Muriel 2023an iritsi zen Movistarrera, kirol zuzendari gisa jarduteko, eta errendimendu buru bilakatu zen iaz, Iban Belaskorekin batera. Esparru hori indartzeko beharra ikusi zuen taldeak, eta arduradun berrien eskutik, eraldatu eta berpiztu egin da Movistar. Horren erakusgarri dira denboraldi hasierako emaitzak: lau garaipen ditu jada zakuan. «Aldaketak sustatu ditugu talde barruan, eta lanketaren fruitua jasotzen ari gara orain. Gainera, azken bi urteetan txirrindulari gazteak fitxatu ditugu, eta haiek hobetu egin dute taldearen batez besteko maila». Eta ez hori bakarrik: errepidean jokabide oldarkorragoa du orain Movistarrek. «Prozesu progresibo bat izan da. Gazte gehiago dugu orain, eta izaera erasokorra eman diote taldeari. Horrez gain, zuzendarien taldean ere aldaketak izan dira: psikologo batekin ari gara lan egiten, eta nabari da».

«Zuzendarien taldean ere aldaketak izan dira: psikologo batekin ari gara lan egiten, eta nabari da» XABIER MURIELMovistarreko errendimendu arduraduna

Murielen ustez, taldearen ahuleziak «ikur handiak irtetean» bistaratu ziren. Haatik, Matteo Jorgensonek artean Movistarreko ziklista zela egindako adierazpenek piztu zuten eraldaketa. Egonaldiak eta nutrizionista bere poltsikotik ordaindu behar zituela azaldu zuen txirrindulari estatubatuarrak. Hots, begi bistan utzi zituen taldearen gabeziak. «Nire iritziz, mugarrietako bat izan zen hori. Min handia egin zuen taldean. Handik aurrera hasi ziren taldeko agintariak gurekin hitz egiten. Aldaketa handiak izan dira ordutik, eta uste dut Matteok bestelako iritzia izango lukeela gaur egun».

Lehen, taldeburuen jarduna zen Movistarren ardatza. Gauzak bestelakoak dira orain. «Taldearen errendimenduari begiratzen zaio, eta lehen baino xehetasun gehiago hartzen dira kontuan». Hobekuntzarik handiena, denboraldiaren planifikazioan egon da. «Lehen, ziklista bat sasoiko zegoenean, jo eta ke aritzen zen, eta behin lehertutakoan, beste batek hartzen zion txanda. Gauzak askoz ere antolatuago daude orain. Txirrindulari bakoitzak garbi du noiz egon behar duen ondo, eta noiz hartu behar duen atseden. Egutegiari zuku handiagoa atera dakioke horrela, garai guztietan beti baitago emaitza onak lor ditzakeen norbait».

«Lehen, ziklista bat sasoiko zegoenean, jo eta ke aritzen zen, eta behin lehertutakoan, beste batek hartzen zion txanda. Gauzak askoz ere antolatuago daude orain» XABIER MURIELMovistarreko errendimendu arduraduna

Lan egiteko moduan ez ezik, langile kopuruan ere islatu da filosofia aldaketa: zuzendari, prestatzaile, nutrizionista eta sukaldari gehiago daude orain. «Movistarrek apustu ekonomikoa egin du errendimenduaren alde». Aurrera begirako proiektua dela dirudi, Telefonica enpresak 2029ra arte luzatu baitzuen iaz babesletza hitzarmena. Era berean, kontratua 2028ra arte luzatu zuten Jon Barrenetxeak, Pelayo Sanchezek, Javier Romok, Ivan Romeok eta Carlos Canalek. «Eta horrez gain, Pablo Castrillo fitxatu genuen. Guretzat sekulakoa da gazte hauekin luzera begira lan egin ahal izatea». Haiei esker, Alex Aranburu eta Oier Lazkanoren falta gutxiago nabaritzea espero du Murielek.

Aurten garaipen kopuruan jarriko dute arreta, UCI puntuetan baino gehiago. «Gure anbizioa lasterketak irabaztea da, eta nahi horrek ekarriko dizkigu puntuak». Itzulietan, oro har, «etapa ehizan aritzea» eta «sailkapen orokorreko lehen hamarren artean egotea» izango da Movistarren asmoa. Itzuli handietan, berriz, lema Enric Masi emango diote berriz ere. «Vueltan, beroa dela edo ez dela, ondo moldatu ohi da. Tourra ere begiz joa dauka, uda hasieran arazoak izan ohi dituen arren».

«Ostizek ilusioa piztu digu»

Emakumeen taldea, berriz, «bere tokia aurkitu nahian» dabil, 2023an Annemiek van Vleutenek erretiroa hartu eta gero. «Ia ezinezkoa da Annemiek bezalako norbait topatzea. Izugarria izan zen hura taldean edukitzea, eta, hark agur esan ondoren, bide berri bat hasi dugu». Aginte makila, besteak beste, Liane Lippertek izango du. Haren prestaketaz arduratzen da Muriel. «Iaz oso urte txarra izan zuen, baina konfiantza handia dut denboraldi honi begira». Marlen Reusser izango da beste taldeburua, SD Worx taldetik iritsi berritan. «Egonkortasuna emango digu. Bada nor World Tourrean».

Etorkizunera begira, berriz, itxaropentsu daude Paula Ostizekin [abuztutik aurrera hasiko da Movistarrekin lehiatzen] eta Cat Fergusonekin. «Ilusioa piztu digu Paulak, baita Catek ere. Epe luzeko apustuak dira biak. Maila handia dute, eta bizpahiru urtean punta-puntan izango direla iruditzen zait». Taldeari hazten lagunduko diote; World Tourreko «bost onenen artean» finkatzeko helburua du Movistarrek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.