Dabilen harriak goroldiorik ez

Reala zuzendu zuenean, Eusebio Sacristani talde horren jokatzeko ereduan aldaketak ez egitea leporatu zitzaion, baina orain, Gironako entrenatzaile dela, malgutasunez ari da.

Aitor Manterola Garate.
2018ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Badira hiru urte Eusebio Sacristan (La Seca, Espainia, 1964) Realera joan zela. 2015eko azaroaren 9an sinatu zuen hitzarmena Donostiako taldearekin entrenatzaile espainiarrak, eta aurtengo martxoaren 18an bota zuen kalera administrazio kontseiluak. Bi denboraldi eta erdi pasatxo egin zituen Realean, eta, emaitzak gorabehera, arrastoa utzi zuen: jokatzeko eredu zehatza.

Baloia izatean oinarritu zen Eusebio Realari estilo hori ezartzerakoan, eta, estiloak berak goratu zuen bezala haren bigarren denboraldian, hondoratu ere egin zuen hirugarrenean. Beti berdin jokatzea leporatu zion inguruak, emaitzak onak ez zirenean gerri gutxi izatea beste zerbaiten aldeko hautua egiteko. Olatu horrek eraman zuen aurretik, baina, ur zipriztinak hondartzara heldu aurretik, olatuak bide luzea egin zuen, eta ez beti norabide berean, estiloari dagokionez.

Realean entrenatzaile hasi zenean, ez zuen berehala ezarri baloiaren inguruan antolatzen den estiloa edo eredua. Poliki-poliki joan zen nahi zuen horren bila, eta hasierako partidatan, taldea bere zelaian atzean sartuta defendatzen ere erakutsi zuen. Adibide esanguratsuena Vila-realeko partida izan zen. Markel Bergara punta erdiaren lekuan jarriz, sendotasunari eman zion lehentasuna partida hartan, erasoari bainoago.

Gero hasi zen ezartzen hain gustukoa duen eredua, bigarren denboralditik aurrera, eta lehenengoetako zantzuak San Mamesen plazaratu zituen, derbian, 2016ko urrian. Gogoan izango ditu oraindik zale txuri-urdinak nola galdu zuen baloia behin baino gehiagotan atzelari multzoak areatik oso gertu, jokatuz ateratzen saiatzean. Bi gol sartu zizkion Athleticek baloia lapurtuta Realeko atzelarien hutsegite larriak tarteko, eta derbiko emaitzaren aitzakian —3-2 nagusitu zen Athletic—, kritika txarren zaparradak blaitu egin zuen Eusebio eta haren jokatzeko moldea. Baina bereari eutsi zion entrenatzaileak eta taldeak, eta sekulako denboraldia osatu zuen Realak horrela jokatuz: Europa Ligarako sailkatu zen.

Hirugarren denboraldian dena trakestu zitzaion Eusebiori, eta, ondo hasi bazen ere, haren estiloan oinarrituz, joko mailak behera egin, gol asko jasotzen hasi, emaitzak okertu, zaleak eta ingurua haserretu, eta, azkenean, Jokin Aperribairen agintari multzoak kargutik kendu zuen. Beti berdin jokatzen duen ospe orduan txarrarekin egin zituen maletak Eusebiok.

Gironak udan deitu zion arte taldearen ardura hartzeko. Berehala zabaldu ziren Realeko zale batzuen aldetik ohar ilunak Gironakoentzat, Eusebioren gabeziak Kataluniaraino hel zitezen. Beti berdin jokatzen duela, alegia. Baloia gora eta baloia behera. Beti marrazki berarekin zelaian. Eraginkortasunik eza, joko zozoa, eta atzealdean nahi besteko erraztasunak aurkariari.

Hara non, baina, Girona jokatzen ikusi liga hasiera honetan, eta Vila-realen erakutsi zuen Realaren antzeko zerbait azaldu du entrenatzaileak. Baloiaren jabetza bai, baina atzealdeko lan sendoa egiteko nahia ere bai; eta ez beti aurkariaren zelaian presioa eginez. Jokalari azkarrak dituela baliatuz —Portu, esate baterako—, atzean sartu, eta kontraerasora ere jokatu izan du. Celtaren aurka, zaleen aurrean, duela aste pare bat, emaitza alde zuela egin zuen.

Gironan bigarren denboraldia betetzen badu, ezin jakin zer egingo duen. Denbora epaile. Eta ikusgai dago sasoi honetan Eusebioren taldeak nolako bilakaera izango duen estiloaren arabera. Baina Donostiatik eraman zuen maletatik aterata dauzka ustezko arropa zikinak: Eusebiok badaki hain gustukoa duen estiloa alboratu eta beste modu batzuetara jokatzen. Ez da geldirik dagoen harria.

Mendilibar, beti berearekin

Gironako entrenatzailearen alboko aulkian gaur eseriko denari ia inork ez dio leporatzen beti berdin jokatzea. Jose Luis Mendilibarri txalo jotzen diote horregatik. Jakina da baduela eredu zehatza haren jokalariak zelaian dantzan jartzeko, eta kontu ezaguna da, etxean eta etxetik kanpo jokatu, ez duela inola ere aldatzen.

Eusebio eta Mendilibar. Bi entrenatzaile, bi eredu. Izaeraz ereezberdinak. Ikusi besterik ez dago nola jarduten duten partidetan eta entrenamenduetan. Bat bestea baino hobea? Bakoitza berean, onak. Futbolaren aniztasuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.