Athleticek Gabarran igota segiko zuela zirudien. Gutxi falta zen San Mameseko partida amaitzeko, zuri-gorriak 1-0 irabazten ari ziren, eta eskura zituzten Txapeldunen Ligarako sailkatzeko oso garrantzitsuak ziren hiru puntu. Baina, zigortzeko modukorik inork ikusi ez duen jokaldi batean, VARak muturra sartu du, eta penaltia adierazi du Cuadra Fernandez epaileak, hura protagonista bilakatzeraino. Aldaratze batean, Yuriren eskuan jo du baloiak, baina eztabaidarako emango du kontuak. Parejok bikain errematatu du, eta 95. minutuan berdindu du Vila-Realek.
Norgehiagoka amaitutakoan entzun dira «txapeldunak! txapeldunak!» oihu batzuk, baina sekulakoa zen jokalarien zein zaleen haserrea. Bi puntuk eskuetatik egin diote ihes Athletici. «Egia esan, ez dut ezer ulertzen. Urtero ematen dizkigute hitzaldiak, eta gauza bera esaten digute: errebote batean baloiak eskuan jotzen badigu, ez dela penalti. Jaurtiketa ez zihoan atera ere. Errespetatu beharko dugu, baina inork ulertzen ez duen erabaki batengatik joan zaizkigu puntuak», adierazi du Oihan Sancet golegileak lehia amaitutakoan.
Partidaren hasieran ere izan du penalti bat alde kanpoko taldeak, baina Gerard Morenok zutoinera bidali du. Athletic indartsu zelairatu da, baina lehen zatian hobeak izan dira bisitariak. Etxekoen alde ere izan da erabaki polemiko bat: 45. minutuan epaileak txartel gorria erakutsi dio Santi Comesañari, Prados nahigabe zapaltzeagatik. Neurketa eskuetatik joan zaio erabat.
Bigarren zatian, bat gehiagorekin, dena alde jarri zaio Athletici. Jokaldi eder batean heldu da gola, 65. minutuan. Ander Herrerak erdiratu du baloia, Guruzetak atzean utzi du baloia, buruz, eta Sancetek, zetorkion moduan, zoragarri errematatu du, oinaren kanpoko aldearekin. Azken egunetako zoramen kolektiboan segitzen zuten zuri-gorriek.
Azken minutuetan hiru aurrelarirekin jokatu du Vila-Realek, estutu egin du, eta heldu zaio saria. Athleticek 57 puntu ditu, eta lau puntura du laugarren sailkatua, Atletico Madril. Amaitu da festa, oraingoz.