G Multzoa

Cristiano Ronaldoren arnasa

Final-zortzirenetan izateko garaipen eta gol alde garrantzitsuak lortu ditu Portugalek Ipar Korearen aurka: 7-0. Ronaldok, gainera, selekzioarekin gol bat sartu du aspaldiko partez.

2010eko ekainaren 21a
17:35
Entzun
Munduko jokalaririk onenetakoa da Cristiano Ronaldo, baina selekzioarekin zerbait egin beharra izango du jarraitzaileen memorian geratzeko. Eta ez du erraza. Taldeka, Manchester Unitedekin irabazi zituen irabazi beharrekoak -besteak beste, Ingalaterrako Liga 2007, 2008 eta 2009an eta Txapeldunen Liga duela bi urte-, iaztik Real Madrilen da eta irabaziko du titulurik okerrik ezean -berak denboraldi honetan 33 partidatan jokatu du eta 32 gol sartu ditu-, baina Portugal ez da Manchester United edo Real Madril selekzioka, eta kostatuko zaio Ronaldori lorpenik izatea.

Gaur, baina, arnasa hartu du, Portugal ez delako, seguraski, lehen fasean geratuko kanpoan. Ronaldo denarekin, umiliagarria litzateke harentzat. 7-0 irabazi diote Ipar Koreari -Hegoafrikako mundialeko goleada- eta, hurrena Brasilen aurka galduta ere -badaezpada, ez luke galdu beharko askogatik-, Boli Kostak gol zaparrada handia lortu beharko luke Ipar Korearen aurka. Izan ere, Portugalek orain +7 du goletan, Boli Kostak -2.

Ronaldoren taldeak gaur, behin atea zulatu duenean -29. minutuan-, erraz sartu ditu golak. Horren bila joan da nabarmen, bukaeran Boli Kostarekin balizko puntu berdinketa badu ere golen aldea izateko.

Txartela eskuan izateaz gain, beste gauza bat lortu du Ronaldok: gol ofizial bat egitea aspaldiko partez. 2008ko udaratik selekzioarekin gol ofizialik egin gabe zegoen. "Ez naiz frustratuta sentitzen, ezta presionatuta ere. Ondo nago", zioen duela egun batzuk. Ez zion igual inork sinistuko.

Decok ez du jokatu gaur -min hartuta da, iturri ofizialen arabera-, baina haren garaia pasatu zen. Gainera, ez da ondo konpontzen Queiroz hautatzailearekin.

Portugal 7. Eduardo; Miguel, Carvalho, Alves, Coentrao; Mendes, Meireles (Veloso, 70m), Tiago, Cristiano Ronaldo, Simao (Duda, 74m), Hugo Almeida (Liedson, 77m).

Ipar Korea 0. Myong Guk Ri; Jong Hyok Cha (Song Chol, 75m), Chol Jin Pak, Jun Il Ri, Kwang Chon Ri, Yun Nam Ji; Yong Jo Hong, Nam Chol Pak (Kwang Chon Ri, 59m), Yong Hak An, In Guk Mun (Yong Jun Kim, 59m); Tae-Se Jong.

1-0: Meireles (29m). 2-0: Simao (53m). 3-0: Almeida (56m). 4-0: Tiago (60m). 5-0: Liedson (81m). 6-0: Ronaldo (87m). 7-0: Tiago (89m).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.