Clemente aukeratu dute

Euskadiko Futbol Federazioak barakaldarra izendatu du gizonezkoen euskal selekzioko hautatzaile. Maiatzaren 29an egingo du estreinakoa, Panaman

Javier Clemente, artxiboko irudi batean. Berak zuzenduko du euskal selekzioa aurrerantzean. ALEJANDRO GARCIA / EFE.
Julen Etxeberria.
2019ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Duela bi hilabete aurreratu zuen BERRIAk Euskadiko Futbol Federazioak gizonezkoen euskal selekzioaren hautatzaile kargua eskaini ziola Javier Clementeri. Herenegun ere egunkari honek aurreratu zuen Clementek onartu egin zuela eskaintza. Bada, atzo, Euskadiko Futbol Federazioak ofizial egin zuen entrenatzaile barakaldarra izango dela hautatzailea. Mikel Etxarri eta Jose Mari Amorrortu ordezkatuko ditu karguan. Gaur eguerdian aurkeztuko dute, Bilbon, Euskalduna jauregian. Luis Mari Elustondo Euskadiko Futbol Federazioko presidentea izango du alboan.

Jakina da, halaber, noiz egingo duen Clementek estreinakoa selekzioarekin. Izan ere, Euskadiko Futbol Federazioakherenegun jakinarazi zuen gizonezkoen euskal selekzioak lagunartekoa jokatuko duela maiatzaren 29an, Panaman, etxeko selekzioaren aurka. Rommel Fernandez estadioan jokatuko dute norgehiagoka hori, hango 20:00etan, Euskal Herriko 02:00etan. Euskal selekzioak joan den urriaren 12an jokatu zuen azken aldiz, Mendizorrotzan, Venezuelaren aurka. 4-2 nagusitu ziren etxekoak.

Clementek 68 urte ditu —69 beteko ditu hilaren 12an—, eta ia bi urte eta erdi daramatza entrenatu gabe, 2016ko urrian Libiako Futbol Federazioak hango selekzioaren hautatzaile kargutik kendu zuenetik. Clementek hiru urte egin zituen Libiako selekzioa zuzentzen, eta, hura aulkian zela, herrialde horrek Afrikako Nazioen Kopa irabazi zuen estreinako aldiz. 2014an izan zen hori, baina, gerora, ez zuen arrakastarik izan Libi ren aulkian. Ezer gutxi egin zuten, halaber, teknikari bizkaitarrak zuzendu zituen beste hiru selekzioek: Espainiakoak—1992tik 1998ra—, Serbiakoak—2006tik 2007ra— eta Kamerungoak —2010etik 2011ra—. Euskal selekzioa, beraz, zuzenduko duen bosgarren selekzioa izango da.

Goitik beherako ibilbidea

Clementeren kirol ibilbideak goitik behera egin du, nabarmen, urteek aurrera egin ahala. Goia jo zuen hasi eta berehala, Athleticekin, Espainiako bi liga, kopa bat eta superkopa bat irabazita. Baina zuzendaritzarekin tirabirak izan ondoren, taldea utzi zuen 1984an. Espanyolekin ere oso lan ona egin zuen jarraian, taldea UEFA kopako txapeldunorde izan baitzen. Gerora hasi zuen gainbehera: kaleratu egin zuten Atletico Madrilen, Athleticen, Betisen, Realean, Olympique Marseillan, Espanyolen eta Athleticen, hirugarrenez, besteak beste—Javi Martinezen fitxaketa kritikatzeagatik kendu zuen kargutik Fernando Lamikizek sasoia hasi aurretik—. Haren ibilbidean orban handia da hura aulkian izanda lau taldek maila galdu izana: Tenerife, Murtzia, Valladolid eta Sporting Gijon Espainiako Bigarren Mailara jaitsi ziren hura entrenatzaile zela.

Egon den ia toki guztietan izan ditu tirabirak agintariekin, kazetariekin eta zaleekin. Clemente eskola zaharreko teknikaria da; ez du herdoilik mihian, eta gustuko du soka tenkatzea. Horregatik da deigarria Euskadiko Futbol Federazioak haren alde egin izana, are gehiago ofizialtasunari beste bultzada bat emateko asmoz, Nazioarteko Futbol Federazioari (FIFA) eta Europako Futbol Federazioari (UEFA) erakunde horietako kide gisa onartua izatea eskatu ondoren.

Clemente ez da euskal hiztuna, eta hori ere bada oso deigarria, 1990etik hautatzaile izan diren guztiak baitira euskal hiztunak: Jose Angel Iribar, Xabier Exposito, Javier Irureta, Mikel Etxarri eta Jose Mari Amorrortu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.