2006-2007ko denboraldian iritsi zen Claudio Bravo Donostiara, «Europako talde garrantzitsu batera salto» egiteko helburuarekin. Sei urte pasatu dira, eta txiletarrak sinatu berri duen kontratuari esker —2015era arte zuen, eta beste bi urtez luzatu du—, klubean partida gehien jokatu dituen atzerritarren artean kokatuko da, Darko Kovacevic eta Valeri Karpinen aurretik. «Realean historia egin duten bi jokalari dira, eta denbora pasatzen den heinean, marka horiek haustea posible dela konturatzen naiz». Donostian erretiroa hartzearen inguruan ere hitz egin zuen: «Ez da zentzugabekeria. 2017. urtean34 urte izango ditut, eta klubarentzat eta niretzat onena bada, aukera bat izan daiteke». Realeko kirol zuzendari Lorenzo Juarros Loren ere «harro» agertu zen albistearekin: «Atzerritik datorren jokalari bat proiektuan nola inplikatu den ikustea oso pozgarria da. Claudio erreferente bat da klubean».
Imanol Agirretxek, ostera, «lehen eguneko ilusioarekin» jarraitzen duela adierazi zuen. Asteleheneko hamaikakoan egongo den gaiari buruz, adierazi zuen «gogor entrenatzen» dela eta «azken hitza entrenatzaileak» duela.
Bestalde, 15. jardunaldiko ordutegiak finkatu ziren atzo. Reala Getaferen aurka ariko da abenduaren 8an ( larunbata), Anoetan (16:00). Osasunak, berriz, Valentzia jasoko du, iluntzean (22:00), eta Athleticek hurrengo egunean jokatuko du Celtaren aurka, etxean (17:00).
Claudio Bravo: «Ez da inolako zentzugabekeria Realean erretiroa hartzea»
Kontratua 2017ra arte luzatu ostean, jokalaria pozik agertu da, «hazten» jarrai dezakeelako
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu