TXIRRINDULARITZA. Chloe Dygertek ezustekoa eman zuen atzo Glasgown (Eskozia), Munduko Txapelketako erlojupekoa irabazita. Estatubatuarra ez zegoen faborito nagusien artean. Bai, ordea, Demi Vollering, baina herbeheretarra eskas aritu zen oraingoan, eta seigarren izan zen, 1.27ra. Dygertek bigarrenez irabazi du urrea erlojuaren aurka; duela lau urte ere lortu zuen. Glasgown ere bigarren titulua du, pistako banakako jazarpenean ere gailendu baitzen. Atzo, Grace Brown australiarra sailkatu zen bigarren, sei segundo eskasera, eta Christina Schweinberger austriarra hirugarren, 1.13ra.
Gaur, Xabier Mikel Azparren donostiarrak hartuko du parte erlojupekoan (15:35). 47,8 kilometroko saioa da. Faborito asko daude: Filippo Ganna, Tadej Pogacar eta Remco Evenepoel, besteak beste.
Bestalde, Mikel Iturriak beste urtebeterako berritu du Euskaltel-Euskadirekin. «Niretzat oso garrantzitsua da berritu izana. Lesio dezente izan ditut azkenaldian, eta ia ez naiz lehiatu. Taldeak berritu izanak konfiantza eta indarra emango dit sasoi amaierarako», esan du.
Chloe Dygert munduko txapeldun
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu