Chelo Velasco espainiarrak irabazi du Ehunmiliak mendi lasterketa

Ioseba Eskuderok eta Mayi Mujikak irabazi dute G2H. Azken horrek Uxue Fraileren marka hobetu du.

Chelo Velasco, Ehunmiliak mendiko lasterketako helmuga igaro berritan, Beasainen. IÑAKI ERAUSKIN / GOIERRIKO HITZA
Chelo Velasco, Ehunmiliak mendiko lasterketako helmuga igaro berritan, Beasainen. IÑAKI ERAUSKIN / GOIERRIKO HITZA
Goierriko Hitza
2024ko uztailaren 14a
10:00
Entzun

Chelo Velasco espainiarrak irabazi du aurtengo Ehunmiliak mendiko lasterketa. Ostiralean 18:00etan abiatu ziren korrikalariak, Beasainetik, eta Velascok 29.19,53ko denbora behar izan du helmugara iristeko. Gertu izan ditu bigarren emakumezkoa eta hirugarrena, Eva Maria Rico (33.41,17) eta Maria Semerjian (36.07,52), hurrenez hurren, Goierriko Hitza-k jaso duenez.

Gizonezkoetan, Fidel Fernandez izan da bizkorrena. 23.26,07ko denbora egin du Espainiako korrikalariak. Igon Mantzisidor izan da bigarren, ia hogei minutura iritsita, eta David Calero hirugarren. Azken biek lehia estua izan dute podiumeko bigarrena eta hirugarrena izateko.

Taldekako lehia Club Ciclista Luis Bailorentzat izan da, Juan, Jesus eta Alfredo Bailo anaiek osatutako talderentzat. 28.27,09ko denboran osatu dute ultratraila. Agoteam madrildarrak izan dira bigarrenak (Javier Manuel Peña, Miguel Mendez eta Jose Luis Martinez, 29.52,21), eta Bealak beasaindarrak hirugarren (Asier Zubeldia, Koldo Agirre eta Elena Calvillo, 30.20,08).

Goierriko Bi Handiak lasterketa, berriz, Mayi Mujikak irabazi du. Gainera, ia 11 minutu hobetu du Uxue Frailek 2019an jarritako marka (12.11,21). Hala, 12.00,40 denboran osatu ditu 90 kilometroak. Lasterketaren lehenengo zatian bigarren postuan joan bada ere, 50. kilometroan Maryam Berthaurt aurreratu du. Bigarren postuan Olatz Ozazeta altsasuarra izan da (12.39,13), eta hirugarren, Berthaurt (13.05,41).

Gizonezkoetan, Ioseba Eskuderok irabazi du G2H, bigarren urtez jarraian. Lasterketaren buruan osatu ditu 90 kilometroak. Bigarren Ander Iñarra sartu da Beasaingo helmugan, ia 14 minutura, eta hirugarren, Urko Arizeta. Orain bi urte hirugarren sailkatu zen Eskudero, iaz garaile izan zen, eta aurten ere bai. Gaurko garaipena hiruretan bereziena izan dela nabarmendu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.