Ez du berehalakoan ahaztuko bere lehen aldia Charlotte Koolek (DSM). Aurreneko garaipena lortu du gaurkoan Frantziako Tourrean, lasterketaren aurreneko etapan. Esprintean gailendu da, bere dohaina duen horretan. Sd Worxek lan ona egin du egun osoan, baina kaosa nagusitu da azken metroetan, eta hori baliatu du Koolek garaipena eskuratzeko. Maillot horia jantzita ospatu du garaipena, bere jaioterritik 86 kilometro eskasera.
Lehen aldiz abiatu da Emakumezkoen Frantziako Tourra Frantziatik kanpo. Herbehereetan izan du hasiera, Rotterdamen, eta herrialde horretan jokatuko dira lehen hiru etapak. Izan ere, Olinpiar Jokoak Parisen jokatu direla-eta, beharrezkoa izan da irteera handia herrialdez aldatzea.
Etapari dagokionez, egun arriskutsua izan dute txirrindulariek. Tropeleko zenbait txirrindulari erori dira, eta batzuek hanka lurrean jarri behar izan dute ez erortzeko. Horietako bat izan da Gaia Realini Lidl-eko taldeburua. Eroriko baten ondorioz matxura bat izan du, eta bi minutu baino gehiago galdu ditu. Hala ere, taldekideen laguntzarekin tropelera itzultzea lortu du, eta ez du helmugan denborarik galdu.
Euskal ordezkariei dagokienez, ondo baino hobeto aprobetxatu du lehen eguna Laboral Kutxak. Lehen aldiz ari da aurten Frantziako Tourrean, gonbidapena jaso ostean. Eta lan bikaina osatu du. Yurani Blanco izan da mugitzen lehena. Beste hiru txirrindularirekin batera saiatu da tropeletik ihes egiten, eta lortu ere egin dute. Baina berehala harrapatu ditu tropelak. Hala ere, lehiakorrenaren saria eskuratu du. Cristina Tonetti taldekidea ahalegindu da ondoren. Minutu baten aldea lortu du italiarrak, eta bakarrik iritsi da helmugatik 60 kilometrora zegoen eguneko mendate bakarraren gainera. Berehala harrapatu du tropelak, baina helburua beteta: mendiko maillota jantzi du.
Azken 60 kilometro horietan, Sd Worxek hartu du aginte makila. Esprintean amaituko diren etapak eta lasterketa bera irabazteko bi faborito nagusiak ditu taldeak, eta kate motzean lotu ditu aurkariak. Haiek ezarri dute erritmoa tropelean, eta ez diote inori ihes egiten utzi. Tarteko helmugako esprintean soilik utzi diete aurkariei mugitzen, helmugatik 37 kilometrora, eta bertan Marianne Vos (Visma) izan da azkarrena, esprintean. Horren ostean, hainbat taldek ezarri dute erritmoa, denek tropel buruan tokia egiteko helburuarekin. Horien artean zeuden Sd Worx bera, Lidl, Canyon eta DSM.
Erritmoa, ordea, helmugarako hamar kilometro gelditzen zirenean bizitu dute. Esprinta prestatzeko, abiadura bizian egin dituzte azken kilometro horiek; talde bakoitza bere txirrindulariak elkartzen ahalegindu da, eta bata bestearen atzean kokatu dira, esprinta ahalik eta ondoena bideratzeko. Esprintean, ordea, ez da faborito nagusia azaldu. Lorena Wiebesek (Sd Worx) ez du tokirik egitea lortu, eta taldeak garesti ordaindu du aurrez egindako lana. Hura jokoz kanpo zegoela ikusita, Koolek ez du aurkaririk izan. Aise nagusitu da esprintean, eta besoak altxatzeko astia ere izan du.
Lan saio bikoitza.
Etapa bakarrarekin nahikoa ez, eta bi etapa jokatuko dira bihar; goizean bata, eta arratsaldean bestea. Hori izango da lasterketaren beste berritasunetako bat. Goizeko etapak 67 kilometro izango ditu, eta bigarren aukera izango dute esprinterrek. Arratsaldean, berriz, 6,3 kilometroko erlojupekoa jokatuko dute Rotterdamen.