Celtak zaplaztekoa eman dio Alavesi, azken-azkenean partida iraulita

Alavesek galdu egin du Celtaren aurka, Vigon, denboraldiko lehen partidan. Gasteiztarrak aurreratu egin dira, baina etxekoek markagailua irauli dute bigarren zatian.

Kike Garcia burumakur, Celtako jokalariek gola ospatzen duten bitartean. SALVADOR SAS / EFE
Kike Garcia burumakur, Celtako jokalariek gola ospatzen duten bitartean. SALVADOR SAS / EFE
Beñat Mujika Telleria.
2024ko abuztuaren 16a
21:20
Entzun

Barkatzen duenak garesti ordaintzen du. Hala dio futbolaren inguruan esan ohi diren esapideetako batek. Eta ederki laburbiltzen du Alavesen eta Celtaren arteko neurketa. Markagailuan aurreratu arren, esku hutsik itzuliko da etxera Gasteizko taldea. Bigarren zatia hasi eta berehala berdindu du partida Celtak, baina Alavesek bigarren gola sartzeko hiru aukera garbi izan ditu. Ez du asmatu, eta Celtak, ordea, bai. Iago Aspasek garaipena eman dio Celtari 85. minutuan. 

Polemikarekin abiatu da neurketa, 5. minutuan Iago Aspasek Antonio Blancori eraso egin baitio: besoarekin aurpegian jo du, nahita. Alejandro Quintero Gonzalez epaileak txartel gorria erakutsi dio Celtako aurrelariari, baina VAR-eko epaileak jokaldia pantailatxoan ikustera joateko gomendatu dio. Jokaldia kamera geldoan ikusi ostean, txartel gorria baliogabetu, eta horia erakutsi dio Aspasi.

Alaveseko jokalarien  zein entrenatzaile taldearen haserrea handia izan da, ez baitute epailearen erabakia ulertu. Horrekin itsutu beharrean, ordea, gora egin du taldeak, eta gola egin du berehala. Blancok berak egin du erdiraketa, eta Kike Garciak ez du huts egin denboraldiko lehen aukera garbian. Jokaldi horretan erraztasun handiak utzi dizkio Celtaren atzeko lerroak Alavesi.

Golaren ostean Celta baloiaren jabetza eskuratzen ahalegindu da, baina oso joko laua egin du. Atzelariek ez dituzte zelai erdiko jokalariak aurkitu, ez behintzat abantailarekin biratzeko moduan. Horretan lan ona egin du Alavesek, jende asko pilatu baitu joko zelaiaren erdialdean. Hori ikusita, hegaletatik aurrera egiten ahalegindu da Celta, eta Jonathan Bambaren aurreneko barneraldian gola sartu du Aspasek, lehen zatiaren hondarrean. Baina VAR-ak balio gabe utzi du jokaldia, Celtako aurrelarietako bat jokoz kanpo baitzegoen. Espainiako Ligan ezarri berri duten jokoz kanpoko erdiautomatikoa erabili du epaile taldeak gola baliorik gabe uzteko. Jokoa ahalik eta gutxien gelditzeko ezarri dute gailua, baina ia hiru minutu luze behar izan dituzte.

Bigarren zatian hiru aldaketa egin ditu Celtak. Claudio Giraldez teknikariari ez zaio lehen zatian ikusitakoa gustatu, eta ez du gehiago itxaron nahi izan partidaren norabidea aldatzeko. Teknikariaren nahia bete egin da, gainera, eta galiziarrek aginte makila hartu dute. Gogotsu ekin dio etxeko taldeak partidaren bigarren erdiari, sakonean jokatu nahian, eta berehala izan du lehen aukera Anastasios Douvikas aurrelariak. Azti aritu da desmarkatzean, baina azken-azkenean oztopatu du errematea Abdelkabir Abqarrek, bere burua lurrera botata. 

Ekinaren ekinez

Celtak temati jarraitu du, partida irauli nahian, eta 65. minutuan berdinketa lortu du, ekinaren ekinez. Williot Swedbergek zulatu Antonio Siveraren atea zulatu duena, oinaren kanpoaldearekin egindako erremate bortitz bat baliatuta. Aurrez, bi aukera izan dituzte Aspasek eta Oscar Minguezak, baina Siverak sarraila itxi die. Hirugarrenean, ordea, ezinezkoa izan zaio gola ekiditea.

Gola jaso ostean jokatu du ondoen Alavesek. Luis Rioja eta Hugo Novoa zelairatu ditu Luis Garcia Plazak, hegalak freskatzeko asmoarekin, eta hiru aukera garbi izan ditu bigarrena sartzeko. Baina ez Kike Garciak, ez Novoak, ezta Asier Villalibrek ere, ez dute ate aurrean asmatu.

Barkatu egin du Alavesek, eta garesti ordaindu du. Swedbergek Aspas aurkitu du atzelarien artean, eta bakarrik gelditu da Siveraren aurrean. Moañako aurrelariak maisuki gainditu du Sivera, baloia alde batetik bestera gurutzatuta. Bere horretan amaitu da partida, eta bigarren jardunaldira arte itxaron beharko du, behintzat, Alavesek, lehen puntuak batzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.