Cejudo: «Zulotik aterako gara»

Osasunako erdilariak barkamena eskatu du Levanteren aurkako partidan izandako jarrera «desegokiagatik»

Erredakzioa
2013ko urriaren 2a
00:00
Entzun
Osasunak jaisteko postuetan jarraitzen du, lehen zazpi jardunaldiak jokatuta hiru puntu bakarrik eskuratu baititu. Halere, taldeko jokalariak itxaropentsu daude. Alvaro Cejudok atzo esan zuenez, «Levanteren aurkako partidan egindako lehen zatiarekin gelditu behar dugu; denboraldiko onena izan da, eta, hortik aurrera, haziz joan behar dugu. Egutegia zaila da, baina beste batzuetan ere honela egondakoak gara, eta atera gara».

Taldeaz gain, bere egoeraz ere hitz egin zuen Osasunako erdilariak. Levanteren aurka epaileak kanporatu egin zuen, zelaira irten eta hamar minutura. Horren harira, bere jarrera «desegokia» izan zela aitortu zuen: «Zorte txarra izan nuen egoera horretan sartuta. Asko geneukan jokoan, eta horrenbeste tentsiorekin gauza asko gertatu ziren partidan zehar. Lehenengo txartela ez dut ulertzen, eta, bigarren txartela erakutsi zidanean, nik salto egin nuen baloiari emateko, eta ez nion Juanfrani minik egin».

Talde gorritxoko jokalariak lehenbailehen ahaztu nahi du gaia. «Ez dut nahi gai honen eztabaidan sartu. Partida bukatutakoan Juanfranekin hitz egin nuen, eta dena konponduta dago. Azkenean, berak berea egin zuen, eta kito. Ez dut bere izaera epaituko».

Cejudok hilabeteak zeramatzan bere egoera fisikoarekin deseroso, eta astebeteko atsedena hartzea erabaki zuen. Etenaren ondorengo lehen partida zen Levanteren aurkakoa, eta jokalariak aitortu zuen gogo eta ilusio handiarekin atera zela. «Berriz taldera itzultzeko gogo handiarekin nago; fisikoki ondo nago, eta hau da lortzeko momentua. Taldea gai da zulo honetatik ateratzeko, eta dena ematera aterako gara, partida bakar bat galdu gabe, aurkaria edozein izanda ere».

Aurrekontua, onartuta

Osasunako bazkide konpromisarioek batzarra egin zuten herenegun gauean, taldearen egoera ekonomikoari buruz eztabaidatzeko. 432 bazkideetatik 300 inguru elkartu ziren. 2012-2013ko denboraldiko emaitzak eta 2013-2014ko denboraldiko aurrekontua onartu zituzten. Iruñekotaldeak 30,6 milioi euroko aurrekontua izango du sasoi honetan. Zorra, berriz, 50 milioi euro ingurukoa da, duela gutxi arte uste zena baino 11 milioi gehiago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.