Txirrindularitza. Espainiako Vuelta

Castroviejok hasiko du gorriz

Movistarrek irabazi du Vueltako taldekako erlojupekoa eta getxotarra da lehen liderra.Faboritoek denbora gutxi galdu dute.Cannondalek, bigarren, ezustekoa eman du

Castroviejok hasiko du gorriz.
Donostia
2014ko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
Movistarrek irabazi zuen atzo Espainiako Vueltako lehen etapako taldekako erlojupekoa, eta Jonathan Castroviejo getxotarrak jantzi zuen liderraren elastiko gorria. Hamabi kilometroko erlojupekoa izan zen, Xerezko kale bihurrietan zehar. Nairo Quintanak atera zion fruitu gehien, 19 segundorenaldea lortu baitzuen Alberto Contadorrekiko (Astana) eta 27rena Chris Froomekiko (Sky).

Hiri barruko ibilbidea izateak eragin handia izan zuen. Atzo goizean eginiko entrenamendu saioetan hainbat txirrindulari erori egin ziren ibilbideko hainbat biribilgunetan. Beldurraren eraginez, etapa irabazteko faboritoak ziren taldeek segundo batzuk oparitu zituzten. Gehienek ez dute ahaztu Garmini Frantziako Tourrean pasatu zitzaiona.

Beldur hori baliatu zuen Cannondalek lehen sailkatuen artean muturra sartzeko. Bigarren izan zen, sei segundora. Horren atzetik, Orica izan zen hirugarren, denbora berean. Australiako taldea oso ongi ibili ohi da taldekako probetan.

Trek taldeak izan zuen goizean goizean ezbeharrik handiena: zazpi txirrindulari erori ziren, eta horietatik lauk min hartu zuten. Gauzak hala, eta Fabian Cancellara eta Haimar Zubeldia taldean izanda ere, arriskurik ez pasatzea lehenetsi zuen. Aurreneko sei kilometroetan denbora ona egin zuen arren, bigarren zatian erritmoa zertxobait jaitsi zuten, badaezpada ere. Omegak ere, beste faboritoak, bizi ekin zion erlojupekoari; baina ez zuen horrenbeste estutu azken kilometroetan. Oro har, faboritoek denbora gutxi galdu zuten irabazleekiko.

Etapa azken parte hartzaileak irabazi zuen, Movistarrek, behetik gora eginda. Eta hori Imanol Erbitik ezbeharra izan zuela. Berak zuen taldea gidatzeko ardura,eta oinetako batek ihes egin zion pedaletik lehen kilometroetan. Taldeak itxaron egin behar izan zion, eta berriz erritmoa bizitu. Bigarren zati onari esker irabazi zuen etapa Nafarroako taldeak.

Gaurko etapak, Algeciras eta San Fernando (Espainia) lotuko ditu, 174,4 kilometroko ibilbidean. Irteeratik gertu 3. mailako mendate bat dagoen arren, ibilbide laua da ia bere osotasunean, eta, beraz, aukera handia dago etapa esprintean amaitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.